COVID-19aren izurritea bazterrak nahasten ari zenean gertatu zen Zaldibarko zabortegiaren luizia, duela bost urte. Hurrengo hilabeteetan, lerroburu asko hartu zituen gaiak, baita Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri eta gero ere. Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze hondakinen azpian harrapatuta gelditu ziren, eta haien gorpuak ez zituzten topatzen. Sei hilabetera topatu zituzten Sololuzeren gorpuzkiak, eta 2021eko maiatzean eten zituzten Beltran topatzeko lanak. Lur mugimenduetan amiantoa azaleratu zen, suteak izan ziren, dioxinengatik kalean kirolik ez egitea gomendatu zuten inguruko herrietan, eta A-8 autobidearen parte bat itxita egon zen bost hilabetez. Herritarrak hainbatetan irten ziren kalera, erantzukizunak eskatzeko eta babes neurriak exijitzeko.
Hainbat afera hartu zituen auziak, eta garrantzitsuenetako bat zabortegiaren egonkortze eta zigilatze lana izan zen. Bi fasetan egin dira lanak: luizia gertatu eta segituan, eta 2023 eta 2024 bitartean, berregonkortze bat egiteko. Verter Recycling enpresa kudeatzaileak egin behar zituen lan horiek, baina Eusko Jaurlaritzak egin ditu, modu subsidiarioan. Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko iturriek baieztatu dutenez, enpresak oraindik ez du ezer ere ordaindu lan horiengatik.
Haritsua da gaia. Luizia jazo eta berehala, Eusko Jaurlaritzak hartu zuen bere gain zabortegia egonkortzeko eta zigilatzeko lana, eta 28,7 milioi euroko kostua izan zuen horrek. Ostera, berregonkortzeko beste lan batzuk egin behar izan zituen, ohartuta zabortegiaren kudeatzaileak, Verter Recycling-ek, ez zuela eremuan segurtasuna bermatzeko beharra betetzen. Hala, Jaurlaritzak ziurtatu duenez, 30 milioi euro baino handiagoa da enpresak duen zorra.
30Zenbat milioi euro aurreratu ditu Jaurlaritzak. Zaldibarko zabortegia amildu ostean, hura egonkortzeko eta zigilatzeko lanetarako 30 milioi inguru aurreratu zuen Jaurlaritzak. Verter Recycling enpresak egin behar zituen lan horiek, hura baita zabortegiaren enpresa kudeatzailea, baina likidazio prozesuan da 2021eko urriaz geroztik.
Verter Recyclingek zabortegiko lurrak eskaini zizkion administrazio publikoari, lanen lehenengo fasetik eratorritako zorrak kitatzeko. Eusko Jaurlaritzak aukera hori aztertu zuen, eta txosten bat egin zuen, Sprilurren bidez, zabortegiko lurren gainean industrialde bat eraikitzearen bideragarritasuna aztertzeko. Hain zuzen, txosten horren bidez ohartu ziren zabortegiaren egoera ez zela guztiz egonkorra. Beste arazo batzuk ere ikusi zituen: suteak, kontrolik gabeko gas emisioak, kiratsak...
Hori dela eta, Verterri hainbat neurri hartzeko exijitu zioten: «berehala» behin-behineko estaldura artifizial bat egitea, zabortegia behin betiko zigilatzea, hondakinen egonkortasunaren ikerketa bat egitea, zabortegiaren jarraipena egitea eta legea betetzea. Izan ere, Geologia y Geotecnia Larrea enpresako adituek adierazi zuten zabortegia «larrialdi egoeran» egonkortu zela, eta horren ostean enpresak ez zuela gutxieneko mantentze lanik egin.
Verterrek ez zuen hartu neurri horietako bat bera ere, eta Eusko Jaurlaritzak lanei ekitea erabaki zuen, «arriskutsua izan litekeelako pertsonentzat edo ingurumenerako», Jaurlaritzako Industria Saileko iturrien esanetan. Hala ere, orduko Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak 2023an adierazi zuen 2020an egindako lanak ondo eginda zeudela.
Ondasunen bahimendua
Enpresak, beraz, oraindik ez dio euro bat bera ere ordaindu Eusko Jaurlaritzari egin behar izan dituen lanengatik, eta zorra handitzen ari da. Enpresak, baina, likidazio prozesua hasi zuen 2021eko urrian, eta hartzekodunen konkurtsoan sartu zen. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak enpresaren likidatzaileei eskatu die zabortegiaren zigilatze eta egonkortze lanetan aurreratutako dirua. Enpresa Jaurlaritzaren diru eskaeren kontrako helegiteak jartzen ari da.
Industria Saileko iturriek baieztatu dutenez, legeak enpresaren «arduradunengana jotzeko aukera» ematen du, eta gobernuak hala egin du; baina zehaztu dute bide penaletik irekita dauden epaiek eten egin dituztela prozesu horiek, eta auzibide horiek amaitutakoan emango dutela «izandako kostua ordaintzeko agindua».
Itxaron egin beharko da, beraz, jakiteko Eusko Jaurlaritzari ordaindutako zenbat itzuliko zaion. Ikusteko dago ere zer eginkizun izango duten aseguru etxeek, epaiketan akusazioaren parte baitira. Eusko Jaurlaritzak esan du ez duela aseguru etxeak «ordaintzera behartzeko» eskumenik.
![A-8 autobideko bi bide hondakinak hartuta, 2020ko otsailaren 7an, Zaldibarko zabortegia amildu ondorengo egunean. GORKA RUBIO / FOKU A-8 autobideko bi bide hondakinak hartuta, 2020ko otsailaren 7an, Zaldibarko zabortegia amildu ondorengo egunean. GORKA RUBIO / FOKU](/uploads/s1/71/16/75/8/zaldibarko-zabortegian-luizia_49_1000x666.jpeg)
Epaiketa, datarik gabe
Zaldibarko hondamendiaren ondorioz zenbait auzibide ireki ziren epaitegietan. Sololuzeren eta Beltranen heriotzarekin lotutakoa izan zen lehena. Verter Recyclingek heriotza horien gaineko erantzukizuna aitortu zuen, eta kalte ordain bat eman behar izan zien familiei, zuhurtziagabekeriazko hilketagatik; kartzela zigorra ere ezarri zieten enpresako arduradunei, baina ez zituzten espetxeratu sei hilabeteko kondenak zirelako. Bada beste auzibide bat ingurumen delituekin eta horietatik eratorri daitezkeen balizko delituekin lotutakoa, eta, hondamenditik bost urte bete eta gero, instrukzio fasean dago oraindik ere, epaiketako egunik gabe.
Zaldibar Argituz plataformaren iritziz, ikerketa judizialak amaituta behar zuen dagoeneko. «Zenbat denbora behar dute instrukzioa amaitu eta ondorioak kaleratzeko? Gu geu gogaituta gaude», salatu du elkarteak ohar bidez. Elkarteak Sololuze eta Beltran oroitzeko ekitaldia egingo du igande eguerdian, Eitzaga auzoan.
Auzia konplexutasun tekniko handikoa dela adierazi dute prozesua ezagutzen dutenek, eta haren gaineko ardura duen Durangoko epaitegiko epaileak behin baino gehiagotan luzatu du instrukziorako epea, azterketa gehiago behar zirela argudiatuta. Iazko azaroan luzatu zuen azkenengoz, eta ekainaren 6ra arte du ikerketa judiziala amaitzeko denbora, betiere beste luzapenik ez bada. Baina litekeena da epaiketa datorren urtera arte ez hastea, instrukzioa amaitu ondoren, akusazioak formulatzeko eta defentsaren idatziak aurkezteko epeak ireki beharko dira eta.
Ikerketaren fasea ixteko, falta diren lanen artean dago Fiskaltzaren Ingurumen alorreko talde teknikoaren txostena. Zabortegia zergatik amildu zen aztertuko du, eta zabortegiak izan duen bilakaerari erreparatuko dio.
Aurretik, beste zenbait peritu txosten jaso ditu epaileak gai beraren inguruan. Esanguratsuenetako bat Cedex Espainiako Gobernuko Herri Lanetako Ministerioaren esperimentazio zentroak aurkeztutakoa izan da. Cedexek ondorioztatu zuen hainbat hutsegite egin zirela zabortegiaren proiektu teknikoetan eta haren kudeaketan, eta ez zela behar besteko kontrol publikorik izan.
Besteak beste, txostenean jasoa dute zabortegiaren oinarriko iragazgaitze geruzaren gabeziek bide eman ziotela hondamendiari, hondoa isolatzeko erabili ziren geomintzak euste erresistentzia txikikoak zirelako. Cedexek nabarmendu du enpresa behartua zegoela bi aldeetatik zimurrak diren geotestilak erabiltzera, pleguetan hala zehaztuta dagoelako, baina enpresak beste batzuk erabili zituen: geotestil leunak edo zimurrak alde batean bakarrik zutenak. Ondorioz, zabortegiak ezin izan zion eutsi pilatutako materialari, hondakinek irrist egin zuten, eta mendia behera amildu zen.
Epaileak hamahiru lagun auzipetu ditu ikertu modura: zabortegiko arduradunak, zabortegiarentzat lan teknikoak egin zituzten Lurtek eta Geyser enpresetako zenbait behargin eta Eusko Jaurlaritzako beste hiru teknikari. Azken horiek epailearen aurrean adierazi zuten euren ikuskaritza eta kontrol lana behar bezalakoa izan zela. Iragazgaitze geruzei buruz, esan zuten eurek ikusitakoak bat zetozela indarrean zegoen legearekin.
![Zaldibarko hondamendiarengatik erantzukizunak eskatzeko manifestazio bat, 2020ko martxoaren 12an, Eibarren. ANDONI CANELLADA / FOKU Zaldibarko hondamendiarengatik erantzukizunak eskatzeko manifestazio bat, 2020ko martxoaren 12an, Eibarren. ANDONI CANELLADA / FOKU](/uploads/s1/71/17/13/7/zaldibar-argitu-manifestazioa_49_1000x666.jpeg)
Aldaketak eta okerrak
Cedexek hutsegite esanguratsuak topatu zituen Geyser enpresak zabortegiaren hasierako proiektuari egin zizkion moldaketetan. Bereziki, isurtze ontziaren iragazgaitzeari dagokionez. Hura babesteko geomintza ez baitzen proiektu teknikoetan zehaztutako bera. Hau da, ez zen bi aldeetatik zimurra. Geyserreko bost teknikari ingurumen delituengatik eta dokumentu ofizialen faltsutzeagatik ikertu ditu epaileak, baina azken delitu horrekin lotutako jarduerak artxibatzea erabaki du.
Lurtek enpresari dagokionez, Cedexek uste du huts larriak egin zituela zabortegiaren egonkortasunari buruz 2019an egin zuen azterketan. Lurtekek ondorioztatu zuen zabortegia egonkorra zela, eta bete eta gero ere egonkorra izango zela. Aldiz, Cedexek adierazi du 2019rako zabortegia «oreka eskasean», eta Lurtekek arrisku horretaz ohartarazi behar zuela.
Zabortegiaren egonkortasun faltaren jakitun ziren Verter Recyclingeko arduradunak ere, epaileen aurrean deklaratu zuten beharginen esanetan. Amildu aurreko astean, arrakalez eta mugimenduen abiaduraren azkartzeaz jabetu ziren enpresako kudeatzaileak, zabortegian zerbait larria gertatzen ari zen seinale.
Bada hirugarren auzi bat ere abian, Espainiako Fiskaltzak 2023ko urtearen memorian jaso zuenez. Txostenaren esanetan, Durangoko epaitegiak ikerketa bat ireki zuen 2023an, lurralde ordenamenduaren kontrako balizko delituengatik. Ikerketari buruzko xehetasun gehiago ez da ezagutarazi, sekretupean baitago oraingoz.
Hondamendiaren urteurrenaren atarian, Zaldibar Argituk adierazi du Eitzagako hondamendia «enpresarien diru goseak» eragin zuela, baina ez horrek bakarrik. «Enpresariek egin zituzten astakeria guztiak, baina zabortegiaren jarduera kontrolatu behar zuen Eusko Jaurlaritzak modua eman zielako egin zituzten. Eusko Jaurlaritzako inork ez du erantzukizun txikiena ere bere gain hartu». Bost urteren ondoren, justiziaren zain daude oraindik ere.
Kronologia
- 2019. Eusko Jaurlaritzako teknikariek 23 irregulartasun aurkitu zituzten zabortegian.
- 2020ko otsailaren 3a. Joaquin Beltranek pitzadura handiak zeudela ohartarazi zion enpresari.
- 2020ko otsailaren 4a. Enpresak pitzadurak baieztatu zituen, baina ez zuen jarduera gelditu.
- 2020ko otsailaren 6a. Zabortegia amildu zen.
- 2020ko abuztuaren 16a. Alberto Sololuzeren gorpuzki batzuk aurkitu zituzten.
- 2021eko maiatzaren 14a. Beltranen gorpua aurkitzeko lanak utzi zituzten.
- 2021eko iraila. Verter Recyclingeko arduradunek Beltranen eta Sololuzeren heriotzaren erantzukizuna aitortu zuten.
- 2023ko otsaila. BERRIAk jakinarazi zuen lurralde ordenamenduaren kontrako delitu zantzuak atzeman zituela Ertzaintzak, eta hala jakinarazi ziola auziko epaileari.
- 2023ko ekaina. Jaurlaritzak eskatutako txosten batek ohartarazi zuen zabortegiak ez zuela egonkortasun nahikorik.
- 2023ko urria. Jaurlaritzak bere gain hartu zituen zabortegia egonkortzeko lanak, Verterrek neurririk hartzen ez zuela ikusita.
- 2024ko abuztua. Jaurlaritzak zabortegia behin-behinean zigilatzeko lanak amaitutzat eman zituen.