Zaldibarko behin-behineko zigilatzea bere gain hartuko du Jaurlaritzak

Enpresaren utzikeria salatu du Tapia sailburuak. Lanek 750.000 euroko kostua izango dute

Zaldibarko zabortegian egin zituzten lehen egonkortze lanak. IREKIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatze lanak hasiko ditu. Ekainean eskaturiko azpiegituraren egonkortasun ikerketak azaleratu du enpresak ez duela beste pausorik eman, eta ondorioz zabortegiaren oreka ez dagoela bermatuta. Horiek hala, Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu egin beharreko mantentze lanak, bi fasetan: lehenbizi, lurrak trinkotuz, eta, ondoren, lamina iragazgaitz bat jarriz. Lanek 750.000 euroko kostua izango dute, eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuak iragarri du «bost edo sei» urterako konponbidea bermatuko duela.

«Enpresak ez du bere lana egin, eta horregatik hartu behar izan du ardura Jaurlaritzak», adierazi du Tapiak. Salatu du egun Verter Recyclingen gaineko kontrola duen konkurtsoko administratzaileak ez dituela hasi mantentze, zigilatze edota iragazte lanak. Azaldu du azpiegiturak ez duela laster amiltzeko arriskurik, baina zigilatu ez eta euri ura sartzen jarraituko balu orduan handituko litzatekeela arriskua. Obren xehetasunekin batera, iragarri du beste zigor txosten bat irekiko dutela enpresaren ordezkarien aurka.

Jaurlaritzak bere gain hartutako mantentze lanek ez dute konponbide iraunkor bat emango, baina bost edo sei urterako balioko dutela azaldu du Tapia sailburuak. Bi faseko formula, bestalde, antzeko kasuetan aplikatu dutela nabarmendu du: «Beste zabortegi askotan probaturiko konponbidea da, berme osokoa», zehaztu du sailburuak. Era berean, garbi utzi nahi izan du ez dela behin betiko zigilatze bat, eta «azpiegituraren egoera ez dela bideragarria». Hala ere, ez du behin betiko zigilatzearen inguruko argibiderik eman.

EH Bildu: «Berandu da»

EH Bilduren ustez, Zaldibarko behin-behineko zigilatzea «berandu» iritsi da, eta Jaurlaritzari egotzi dio hiru hilabete «alferrik galdu» izana. Koalizio abertzaleak lanei ekiteko eskatu zion ekainean, azterketa geoteknikoaren emaitzen berri izan bezain laster. Mikel Otero legebiltzarkideak kritika oso gogorra egin dio Ingurumen Sailari: «Horixe eskatu genion, eta ezezko borobila jaso genuen; EAJk eta PSEk garrantzia kendu zioten gaiari, eta alarma sortzea egotzi ziguten, gainera. Azkenean, hiru hilabete pasatu ostean, guk proposatzen genuena egin zuten».

EH Bilduk gogoratu du txostenaren arabera zabortegiak «arrisku handia» duela, eta Jaurlaritzari esan dio «premiazkoa» dela estaldura bat jartzea eta behin betiko zigilatze lanak ahalik eta lasterren hastea. Lan horiek garestiagoak lirateke; bere garaian, Verter Recyclingek zortzi milioi euroren funtsa zuen gordea lan horietarako.

Behin betiko zigilatzea izango da auziak izango dituen beste korapiloetako bat. Tapiaren adierazpenek aditzera ematen dute Jaurlaritza itxaroteko prest dagoela, baina jakina da enpresa hondoa jota dagoela eta ez duela dirurik. Udaberrian orubea trukean ematea eskaini zuen, baina Jaurlaritzak eskaturiko txosten batek ondorioztatu zuen ezin dela ezer eraiki lur horretan.

Lanak, bigarrenez

Ez da Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegian egin beharreko lanak bere gain hartzen dituen lehen aldia. 2020ko otsailean, hondamendia gertatu eta egun gutxira, gobernuak bere gain hartu zuen azpiegitura osoa egonkortzeko lana. Ordukoan, enpresak jakinarazi zion ezin zituela egin, eta, ondorioz, erakunde publikoa subsidiarioki bere gain hartzera behartuta zegoen. 30 milioi euro inguruko lanak izan ziren, eta enpresak oraindik ez ditu ordaindu.

Ingurumen delituaren gaineko epaiketan argituko da nork ordaindu beharko duen. Egun instrukzio fasean dago; Durangoko epaitegiko epaileak hainbatetan luzatu du, eta ezin da jakin noiz egingo den epaiketa. Hamarretik gora dira inputatuak; Verter Recyclingeko ordezkariez gain, epaileak Ingurumen Saileko hiru teknikari eta Geyser HPC ingeniaritza enpresako bost langile ikertu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.