Zaldibarko auzian beste kausa bat ireki dute lurralde antolaketaren aurkako ustezko delituengatik

Durangoko epaitegiak sekretupeko ikerketa judizial bat abiatu zuen iaz. Lurraren erabilerarekin lotutako delitu posibleen berri eman zion Ertzaintzak epaileari, BERRIAk aurreratu zuenez.

Zaldibarko zabortegia, zigilatze lanetan, aurtengo otsailean.
Zaldibarko zabortegia, zigilatze lanetan, aurtengo otsailean. GORKA RUBIO / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko irailaren 10a
13:39
Entzun

Zaldibarko zabortegiaren auzian, justiziak sekretupeko ikerketa bat du zabalik «lurralde antolaketaren aurkako ustezko delitu batengatik», Espainiako Fiskaltzak bere urteko txostenean jaso duenez. Ministerio publikoak joan den astean aurkeztu zuen 2023ko txostena, urte judizialaren hasiera egunean, eta Zaldibarko zabortegiaren auziari erreferentzia egin dio idatzian. Azaltzen duenez, Durangoko epaitegiko Laura Yuste magistratuak 449/2023 prozedura ireki zuen iaz, Zaldibarrekin lotuta. Ikerketa judizialari buruz argitara atera den informazio bakarra da ikertzen ari den ustezko delitua lurralde antolaketaren aurkakoa dela, baina prozedura sekretupekoa da, eta iturri judizialek ez dute bestelako informaziorik helarazi.

Espainiako Zigor Kodearen arabera, lurralde antolaketaren aurkako delituek kartzela zigorrak ekar ditzakete urraketa larrienetan, eta kondenatuak izan daitezke bai delitua zuzenean egin dutenak, baita hari bide eman dioten arduradun publikoak ere.

BERRIAk iazko otsailean jakinarazi zuen Ertzaintzak lurralde antolaketaren kontrako delitua ikusi zuela Zaldibarko zabortegiaren hondamendian. Zabortegia amildu egin zen 2020ko otsailaren 21ean. Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak hil ziren luizian. Ertzaintzak Yuste epailearen esku utzi zuen txostenean adierazi zuen Zaldibarko zabortegiko kudeatzaileek zegokien baino lur eremu zabalagoa erabili zutela, eta lurralde antolaketari buruzko arauak urratu zituztela. Verter Recycling 2002 SM enpresak eraikuntzak eta hondakin isurketak egin zituen ez-urbanizagarri gisa kalifikatutako lursailetan. «Ikerketaren arabera, jakin daiteke Zaldibarko zabortegiaren eraikuntzako obra batzuk udalak eta ingurumen organoak (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak) baimendutako eremutik kanpo egin zituztela», dio txostenak.

Argazkian, Zaldibarko zabortegiaren 2018 eta 2019 urteetako planoak. Lauki horian jardun eremutik kanpo pilaturiko lurrak ikus daitezke.
Argazkian, Zaldibarko zabortegiaren 2018. eta 2019. urteetako planoak. Lauki horian jardun eremutik kanpo pilaturiko lurrak ikus daitezke.

Ertzaintzaren arabera, enpresak gutxienez bi arau urratu zituen: Zaldibarko Udalak emandako irekitze eta jarduera baimena, eta Eusko Jaurlaritzak onetsitako ingurumen baimen bateratua (IBB). Izatez, zabortegirako, 137.259 metro koadroko eremu bat erabil zezakeen Verterrek: 6. poligonoko 63, 64, 65 eta 155 lursailak. Alabaina, erabilitako eremua askoz zabalagoa izan zen: %47,10 handiagoa. Guztira, onetsitakoa baino 64.699 metro koadro gehiago erabili zituen Verterrek, hamahiru futbol zelairen pare.

Okupatutako lurretan ingurumena hobetzeko eta babesteko proiektu bat garatzeko asmoa zuen Zaldibarko Udalak, besteak beste aisialdiko, arrantzako eta hegaztiak behatzeko jarduerak egiteko.

Iaz irekitako ikerketa judizial sekretua Zaldibarko auziko hirugarren kausa da. Lehenengo kausan, zabortegiaren jabe zen Verter Recycling enpresaren arduradunek bere egin zuten Sololuze eta Beltranen heriotzaren gaineko ardura, eta beharginen senideei kalte ordain bat ematea onartu. Era horretara, ez zuten kartzela zigorrik jaso. Bigarren kausak hondamendiaren ingurumen kalteak ditu aztergai. Verter Recycling enpresarekin batera auzipetuta daude Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saileko zenbait funtzionario.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.