Zaldibarko hondamendia

Zaldibarko amiltzearen hirugarren urteurrena hizpide 'Kinka' podcastean

'Zaldibar: hiru urte, hainbat zauri eta itzal ugari' atala estreinatu berri du BERRIAren 'Kinka' podcastak. Atzo bete ziren hiru urte ezbeharra jazo zenetik; orain artekoak eta geratzen direnak bildu ditu bertan.

Zaldibarko zabortegia, artxiboko irudi batean. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko otsailaren 6a
19:17
Entzun

«Hiru urte bete dira Zaldibarko zabortegia amildu zenetik. Hiru urte, amiltzearen hots ozen eta, aldi berean, isilpekoak lurrazalera ateratzen hasi zirenetik». Eta argira ateratzeko falta direnak oraindik. Zaldibarko (Bizkaia) ezbeharraren hirugarren urteurrenaren harira, BERRIAren Kinka podcastak atal berezi bat prestatu du: Zaldibar: hiru urte, hainbat zauri eta itzal ugari (egin klik esteka horretan, podcasta entzuteko). Orain arte bizi izandakoak bildu ditu bertan, eta, aurrera begira, auziak duen bidea ere bai.

Lekukotza batzuen eta besteen artean, hiru ahots bildu ditu Kinka-k: Nahia Sololuzerena, Alberto Sololuze amiltzean hildako langilearen alabarena; Iñaki Petxarroman BERRIAko kazetari eta editorearena; eta Imanol Magro BERRIAko kazetariarena. Duela bi urteko testigantzak dira lehen biak, ezinbestekoak nondik norako funtsezkoenak ulertzeko. Magro, berriz, oraindik instrukzio fasean den auzibideaz aritu da.

Kinka buletina:Harpidetu hemen

2020ko otsailaren 6an izan zen hondamendia, eta lurpean gelditu ziren harrapatuta zabortegiko bi langile: Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze. Omenaldia egin zieten atzo, istripuaren hirugarren urteurrenean, Zaldibar Argitu plataformak deituta. Ehun lagundik gora elkartu ziren, eta beste behin eskatu zuten gertatutakoa argitzeko.

Luizia gertatu eta sei hilabete geroago topatu zituzten Sololuzeren gorpuzkiak. Beltranen bilaketa lanak 2021eko maiatzean bertan behera utzi zituzten. Hilabete gutxi geroago itxi zen homizidioen auzia. Verterreko arduradunak eta Sololuzeren eta Beltranen familiak akordio batera heldu ziren. Akusatuek euren erantzukizuna onartu zuten, baita sei hilabeteko zigorra eta familia bakoitzarentzat kalte ordain ekonomikoa ere.

Zabortegiko amiltzea jazo eta egun gutxira, BERRIAk garraiolari baten lekukotza eraman zuen argitara. Irakurri, bai; entzun ez, ordea. Hiru urte geroago, haren hitzak entzun daitezke Kinka-n: «Kamioia zamaz bete, eta hara eramaten genuen zaborra, inolako birziklatze prozesurik egin gabe. Han denetik ikusi izan dut: material korrosiboen bidoiak, suharberak, amiantoa...».

Ingurumen kalteak, instrukzio fasean

Auzibide hori amaituta, ingurumen kalteena epaitzeko da oraindik; Imanol Magro horretaz mintzatu da Kinka podcastaren atalean. Bi urte pasatu dira hura hasi zenetik, 2021eko urtarrilean, eta instrukzio fasean da oraindik. Verterreko arduradunak eta Lurterreko bi aholkulari jada igaro dira epailearenetik —uko egin diote deklaratzeari—, eta datozen asteotan beste hainbatek gauza bera egingo dute.

Tartean, Jaurlaritzako hiru teknikari, ikertu moduan. Huraxe nabarmendu du Imanol Magrok Kinka podcastean: «Hondamendiaren eta Jaurlaritzaren balizko erantzukizun baten arteko lehen lotura da. […] Gero ikusi beharko da noraino iristen diren». Prebarikazio delitua egotzi diete hirurei. Biri, Zaldibarko zabortegiak 2011n jaso zuen ingurumen baimenaren harira; besteak 2017an bertan egindako ikuskaritzan parte hartu zuen. Otsailaren 28an dira epailearen aurrean deklaratzekoak. Ikusteko dago oraindik epaiketa bera noiz den hastekoa.

Gaurdaino egindako lan guztien artean, 30 milioi euroren langa gainditu du amiltzearen fakturak. 29 milioi inguru Jaurlaritzak; 3 milioi inguru Bizkaiko Foru Aldundiak. Epaileak erabakiko du noren esku geratuko den milioi horiek ordaintzea.

Verter Recycling 2002, bederen, «negozio oso errentagarria» zen hondamendiaren aurretik. BERRIAk haren kontuak argitaratu zituen iaz, ezbeharraren bigarren urteurrenaren harira. 2018an eta 2019an ia bikoiztu egin zituen aurreko sei urteetako irabazi garbiak.

Iaz ere, Espainiako Gobernuko Herri Lanetako Ministerioaren esperimentazio zentroak, Cedexek, peritu txosten bat prestatu zuen epailearen aginduz. Bertan, ondorioztatu zuten Zaldibarko zabortegiak itxita behar zuela. Hemen bildu zituen BERRIAk txosten horretan azaldutakoak. Hitz gutxitan: akatsak, utzikeria eta kontrol egokiaren falta pilatu ziren zabortegian. Europako Batzordearen arabera, berriz, Jaurlaritzak Europako legedia bete zuen.

Delitu zantzuak

Zaldibarko auziaren azkena joan den astean heldu zen: Krimen Gaietarako Ertzaintzaren Ingurumen Saileko ikertzaileen arabera, «kriminaltasun zantzuak» daude «ustez delitu izaera duten ekintzetan». Izan ere, Zaldibarko zabortegiko kudeatzaileek zegokien baino lur eremu zabalagoa erabili zuten, eta lurralde antolaketari buruzko arauak urratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.