Espainiako Gobernuak 2021eko irailean ezarri zuen estatu barruko hondakin jarioa neurtzeko sistema berri bat. Prozedura elektronikoa ezarrita, erkidegoen artean izandako hondakin mugimenduak zehatz-mehatz zenbatu ahal izan ditu Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, eta horrek agerian utzi du Hego Euskal Herria industria hondakin esportatzaile handia dela. Hain zuzen ere, milioi erdi bat tona hondakin industrial eraman ziren Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroatik inguruko herrialdeetara 2021eko irailetik 2022ko irailera.
Hondakinen gestiorako 2023-2025eko esparru planari buruzko aurrerapen txostenak jaso dituen datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik ia 400.000 tona eraman ziren, bereziki Kantabria, Errioxa eta Gaztela eta Leonera. Nafarroatik, berriz, 100.000 tona baino gehiago, gehiena Aragoira eta Errioxara. Kalkula daiteke, beraz, Hego Euskal Herriak zabortegira eramaten dituen industria hondakin ez-arriskutsuen heren bat inguru esportatu zuela inguruko herrialdeetara.
Mugimendu horiek berretsi egin dute Zaldibarko zabortegia erori zenez geroztik industria hondakinen kudeaketan dagoen arazoa. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak 2022ko azaroan aitortu zuen ezen, Zaldibarko zabortegia amildu eta Larrabetzu eta Mutiloakoak ixtearekin batera, 400.000 tona geratu zirela biltegiratzeko lekurik gabe. Espainiako Gobernuak orain eman berri dituen datu horiek erakutsi dute hondakin horiek inguruko erkidegoetara eraman dituztela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresek.
Agerraldi hartan, Jaurlaritzak industria hondakinei aurre egiteko bide orria aurkeztu zuen. Hondakin gutxiago botatzea jarri zuen helburu, sortutako hondakin guztien %15 izan arte. Bestalde, 2024tik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortutako hondakin guztiak jasotzeko nahikoa gaitasun izatea. Horretarako, hiru zabortegi handitzeko asmoa zuen Jaurlaritzak: Igorre, Bistibieta eta Betearte; eta beste bi berriro ireki: Epele eta Artxanda.
EH Bildu, kontu eske
Espainiako Gobernuaren datu horiek eskuetan, EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Arantxa Tapiari, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik ia 400.000 tona beste herrialdeetara bidaltzen dituztela jakin ostean. Ohar baten bidez, koalizioak galdetu dio Jaurlaritzari ea zer asmo daukan egoera hori konpontzeko, EAEko Hondakinak Kudeatzeko Planaren helburua betetzeko, hau da, bertan sortutako hondakinak bertan kudeatzea bermatzeko.
Mikel Oterok, «penagarritzat» jo du egoera: «Datuek agerian uzten dute hondakinen kudeaketa penagarria dela, horretarako behar diren azpiegiturak falta direlako». EH Bilduko legebiltzarkide horren iritziz, Zaldibarko zabortegiarekin kudeaketa eredu bat bertan behera erori zen, eta, ia lau urte igaro arren, ez dute beste alternatibarik ipini. «Irudia oso grafikoa da: 20.000 trailer hondakinez beteta, kamioi ilara bat Gasteiztik Madrileraino». Oterok nabarmendu du Espainiako Gobernuaren txosten horretan ageri den baino hondakin gehiago esportatu direla, bakarrik aldez aurretik jakinarazi eta prozedura elektriko bidez komunikatzen diren mugimenduak jasotzen baititu Espainiako Gobernuak.
Bi enpresa auzipetuta Iparraldean
Zaldibarko zabortegira ustez 22.000 tona hondakin legez kanpo eraman zituzten Ipar Euskal Herriko bi enpresatako ordezkariak epaitu zituen Baionako ingurumen delituetarako auzitegiak. Auzitegi horrek egindako lehen epaiketan —duela bi urte sortu zen—, Basusarri eta Donibane Lohizuneko SARL CBA Artola eta SARL Etcheverry-Mindurry enpresetako ugazabak epaitu zituzten, ingurumenaren aurkako delituak egotzita. Hain zuzen ere, leporatu zieten 2018 eta 2021 bitartean 22.297 tona hondakin bidali izana Zaldibarko zabortegira, jakinda ez zirela balorizatuko eta ingurumenari lotutako arauen bidez kudeatuko.
Prokuradoreak 200.000 euroko isuna eskatu zuen SARL Etcheverry-Mindurryrentzat, eta 150.000 eurokoa SARL CBA Artolarentzat. Prokuradoreak azaldu zuen dirua aurrezteko asmo hutsarekin bidali zituztela hondakinak Zaldibarrera, egiten ari zirenaren jakinaren gainean zirela. Bi enpresariek ukatu egin zuten hori, eta ziurtatu zuten hondakin horiek balorizatzera bidaltzen zituztela uste zutela.