Verter Recycling enpresako hiru arduradun deklaratzekoak ziren Durangoko epaitegian (Bizkaia) Zaldibarko hondamendiaren harira zabalik dagoen auzibidea dela eta: Jose Ignacio Barinaga enpresaren jabea, Arrate Bilbao administratzailea eta Juan Etxebarria Elosegi ingeniari nagusia. Zaldibarko luizian ingurumenaren kontrako deliturik ba ote dagoen argitu nahi dute auzi horretan. Azkenean, baina, hiru auzipetuek ez dute deklaratu: Bilbao ez da epaitegian agertu COVID-19 proban positibo eman duelako, eta Barinagak eta Etxebarriak ez deklaratzeko duten eskubidea baliatu egin dute.
Ingurumenaren kontrako ustezko delitua ikertzen duen auzibideak aurrera jarraitzen du, motel bada ere. Beste auzi bat ere irekita zegoen afera horren inguruan: langileen eskubideen kontrako deliturik egon ote zen aztertu behar zuen auzia, hain zuzen. Hura, baina, itxi egin zuten joan den irailean, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran hildakoen senitartekoak eta akusatuak akordio bat egin ondoren. Akusatuek onartu zuten zuhurtziagabekeriazko homizidioaren akusazioa, baita sei hilabeteko zigorra eta kalte ordain ekonomikoa ere. Bi urtetik beherako espetxealdia denez, ez dira sartu kartzelan.
Zaldibar Argitu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna plataformak elkarretaratzea egin dute epaitegiaren aurrean, «langileak, osasuna eta erantzukizunak aldarrikatzeko», Zaldibar Argituko Gaizka Zabartek adierazi duenez. Zabartek eskatu du «benetan azkeneraino» irits dadila ingurumenaren kontrako delitua ikertzen duen auzia: «Argitu daitezela erantzukizun guztiak:enpresako arduradunenak ez ezik, hori ahalbidetu zuten agintari politikoenak ere».
Bi plataformak herri akusazio gisa aurkeztu dira auzi honetan. Lan arloko auzian ere herri akusazio gisa aurkezteko asmoa zuten, baina epaileak ukatu egin zien aukera hori, joan den uztailean. Handik gutxira iritsi zen epaia: «Lan arloko auzian gertatutakoak erakusten du aberatsak ez direla kartzelara joaten», esan du Zabartek.
Astiro, baina aurrera
Herri akusazioaren abokatu Carlos Alonsok esan duenez, epaileak beste egun bat ezarriko du Arrate Bilbaok deklarazioa egin dezan, baina, honenbestez, esan daiteke ikertuen deklarazioaren tramite hori bete dela eta auziak aurrera jarraitzen duela, oso «astiro» bada ere, eta instrukzio fasean oraindik.
«Lehenengo urtean instrukzioa ia geldirik egon zen», gogorarazi du abokatuak, «epaitegien arteko konpetentzia arazoengatik, eta erabaki behar zelako gertaera guztiak auzi bakar batean ikertuko ote ziren, edo ingurumen eta osasun publikoaren kontrako delitua eta langileen eskubideen kontrako delitua bereizirik ikertuko ote ziren». Azkenean, bigarren aukera hori hobetsi zen, eta lan arloko auzi hori itxita dago jadanik, nahiz eta, Alonsok esan duenez, «epaiaren xehetasun zehatzak oraindik ezagutzen ez ditugun».
Datozen hilabeteetan ere auzian urratsak egingo dituzte: «Perituen proba batzuk egitekoak dira, adibidez, perituen izendatzea berretsi egin behar da, eta txosten bat eskatu diote Espainiako Estatuaren Fiskaltza Nagusiaren ingurumen arloko talde teknikoari. Ez dakigu txosten hori noizko egingo duten, baina horretarako, dagoen dokumentazio guztia aztertu beharko dute, eta jada hamabost liburuki dira; beraz, luze joko du».
Horregatik, Alonsok uste du ezinezkoa dela esatea noiz izan daitekeen auziari buruzko epaiketa: «Ezin da eperik jarri. Berez, instrukzio fasea urtarrilaren amaieran bukatzekoa zen, baina fiskalak jada sei hilabeteko luzapena eskatu du, eta guk bat egin dugu eskaera horrekin».
Urtarrilaren 25ean, akusazio partikular gisa aurkezturiko zenbait erakundek deklaratu beharko dute: Zaldibarko Udalak, Bizkaiko Ur Partzuergoak, Interbiakek eta Reale eta Allianz aseguru etxeek.
'Zaldibar auziko' ikertuek ez dute deklaratu zabortegiaren amiltzeaz
Haietako bi ez deklaratzeko eskubideaz baliatu dira, eta hirugarrenak osasun arrazoiak argudiatu ditu. Herri akusazioa osatzen duten elkarteek «erantzukizun guztiak argitzeko» eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu