'Zaldibar auziko' atxiloketak egiteko ez diote jarraitu ohiko prozedurari

Ertzaintzak «proposatu» zuen Verterren jabea eta kudeatzaileak atxilo hartzea, baina epaileak ez zuen hori egiteko agindurik eman. BERRIAk kontsultatutako iturri juridikoen arabera, epaile batek agindu behar du

Behargin bat Zaldibarko zabortegian luizia gertatu zen eremutik gertu lanean, joan den otsailaren 13an. ARUTZ LOIOLA / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun

Zaldibarko Verter Recycling 2002 SM zabortegiko (Bizkaia) hiru buru herenegundik daude atxilotuta Eibarko (Gipuzkoa) Ertzaintzaren komisarian. Baina «guztiz irregularra» izan da Jose Ignacio Barinaga Egia jabea eta enpresaren sortzailea, Arrate Bilbao Barinaga kudeatzailea, eta Juan Etxebarria azpiegituraren ingeniaria atxilo hartzeko prozedura, BERRIAk kontsultatutako iturri juridikoen arabera. Izan ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzo nabarmendu zuenez, Durangoko Instrukzioko 1. salak «argitu» du «soil-soilik Polizia operazio batean» egin zirela herenegungo atxiloketak. Hau da, epaile batek ez dituela agindu atxiloketak. Eta BERRIAk kontsultatutako iturrien esanetan, instrukzio bat edo sumario bat judizializatuta dagoenean —eta Zaldibarkoa hala dago—, «beti-beti» epaile batek eman behar du atxiloketak egiteko baimena edo agindua. Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berak, gainera, ez du ukatu haien kabuz hartu izana erabakia, nahiz eta zehaztu duen auzian «eskumena» duten epaitegiek eta fiskaltzak atxiloketa proposamenaren berri eduki zutela, eta atxilotuak Eibarko komisariara eramateko «baimena» eman zutela. Gaur dira deklaratzekoak otsailaren 6an zabortegian gertatutako luiziaren ondorioz atxilotutakoak.

 

Gertatutakoak nahasmena eragin du. Segurtasuna Sailak herenegun BERRIAri adierazi zionez, «epaile batek» eman zuen hirurak atxilotzeko agindua. Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran beharginak —desagertuta daude oraindik— azpian harrapatu zituen lur jausia gertatu eta astebetera hasi ziren lanean Durangoko epaitegiak. Ustezko bi delitu ari dira ikertzen, eta kasu bakoitza epaile batek darama. Langileen eta pertsonen kontrako deliturik ba ote den ikertzen ari da Durangoko Instrukzioko 1. sala; eta ingurumenaren kontrako deliturik ba ote den ikertzen ari da Durangoko Instrukzioko 2. sala.

Baina atzo, lehen orduan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak gezurtatu egin zuen atxiloketak epaile batek agindutakoak izatea. «Inongo agindurik ez da egon», nabarmendu zion BERRIAri. Pare bat ordu geroago, «azalpen» ohar bat kaleratu zuen, hori bera berretsiz. «Durangoko Instrukzioko 1. sala atxilotuen kargu egingo da epailearen aurrera eramaten dituztenean». Alegia, langileen eta pertsonen kontrako ustezko delituengatik deklaratuko dutela.

Segurtasun Sailak ere ohar bat argitaratu zuen, «gaizki-ulertu bati zehaztapen bat egiteko». Horretan azaldu duenez, Ertzaintzaren Polizia judizialak instrukzioan egindako «aurrerapenen berri» eman zien, herenegun, auzian eskumena duten epaitegiei eta fiskaltzari. Oharrean zehaztu dutenez, atxilotuak Eibarko komisariara eramateko eta miaketa batzuk egiteko baimena ere eman zieten epaitegietatik eta fiskaltzatik. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du bi datu horiei buruzko ñabardurarik egin bere oharrean. Ertzaintzak zehaztu du atxilotuak «epailearen» esku geratuko direla, «beharrezko argibideak» egin ondoren.

BERRIAk kontsultatutako iturri juridikoek azaldu dute atxiloketak proposatzea dela Poliziak egin dezakeen «gauza bakarra», eta ezin duela bere kasa atxiloketarik egin. «Ez da nahikoa jakinaraztea eta epailearen oniritzia edukitzea. Epaileak agindua eman behar du». Gainera, prozedura kontuan hartuta, egindako atxiloketak «legez kanpokoak, irregularrak» izan daitezke, eta salatu egin daitezke. «Baina ez lioke eragingo auziaren instrukzioari». Eragingo lioke baldin eta «babesgabetasuna» sortuko luketen «diligentziak» egingo balira. Iturri horientzat, «sumarioaren une honetan», espetxeratuta egoteak ez du «logika handirik», kartzelatzea justifikatzen duten arrazoiak kontuan hartuta. «Larritasuna, duela sei hilabeteko bera da; ihes egiteko arriskua, ez badute sei hilabetetan ihes egin, orain ez dauka pisu handirik argudio horrek. Eta sei hilabete eta gero frogen desagerrarazteak ere ez; desagerrarazi nahi izan zituztenak hala daude dagoeneko».

Verterrek, berriz, ohar bat plazaratu zuen atzo, auzitegiak adierazitakoa berretsiz. «Poliziaren erabakiz egin dira atxiloketak». Enpresaren esanetan, ez dago atxiloketak agintzeko auto judizialik; Ertzaintzak berak baieztatu die haien abokatuei. «Erabakia ez du epaitegiak hartu».

Zabortegia ustiatzen duen enpresarentzat, Ertzaintzaren jokabidea «legearen kontrakoa» da, eta, hortaz, «legez kanpokotzat» jo ditu atxiloketak. «Legea aintzat hartuta, ez dugu informaziorik zehazten duenik inongo zantzurik dagoela hori [atxiloketak] justifikatzeko». Enpresak nabarmendu du, gainera, bost hilabete igaro direla ikerketa hasi zenetik, eta beren jarrera «lankidetzakoa» izan dela «beti».

Zaldibar Argitukoak, pozik

Zaldibar Argituren iritziz, atxiloketak «berri ona» dira, «berandu» eginak izanagatik. Herri plataformak ohar batean azpimarratu duenez, «urrats bat» egin da «erantzukizunak argitzeko bidean». Pentsatzen du, dena den, auzian erantzukizun «pribatuak eta publikoak» daudela. «Erantzukizun publiko-politikoei dagokienez, ez da ezer egin, eta, alde horretatik, urratsak egin behar dira, higiene demokratikoagatik». Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren dimisioa eskatu izan du plataformak. Oraingoan, eskatu du Arriola ez dadila izan aurki osatuko den Eusko Jaurlaritza berriaren parte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.