Gorka Bueno. EHUko ikerlaria

«Zalantzazkoa da sozioekonomikoki errentagarria izatea»

EHU.
Isabel Jaurena.
2022ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Y-a ikuspegi sozioekonomikotik eta finantzariotik errentagarria ote den determinatu duen ikerketa egin du Gorka Buenok (Bilbo, 1970), Andoni Kortazar eta David Hoyos lankideekin batera.

Zer helbururekin egin duzue ikerketa?

Datuen hirugarren gaurkotze bat egiteko. Jakin genuen Jundizko plataforma multimodala gaurkotzeko proiektua onartu zela, eta pentsatu genuen merkantzien aurreikuspen berriak izango zituztela. Dokumentu berrian, 2019koan, ikusi genuen merkantzien garraioko azken aurreikuspenak askoz baxuagoak zirela 2015eko dokumentu batean sartutakoak baino. Horregatik erabaki genuen ikerketa egitea.

Ikerketan Euskal Y-aren errentagarritasun sozioekonomikoaz aritu zarete.

Esan behar dugu ez dakigula zenbatekoa izango den garraio dentsitate erreala. Baina, bidaiarien kasuan, kalkulatu dugun dentsitatea ez da heltzen sei milioi bidaiarira [urte bakoitzeko]. Hori, suposatuz 2030erako oraindik martxan ez dauden konexioak martxan jarriko direla. Merkantzien kasuan, 2019an aurreikusten ziren merkantzia trafikoak 2015ekoak baino askoz baxuagoak dira. Beraz, zalantzazkoa da sozioekonomikoki errentagarria izatea.

Nola ondorioztatu duzue hori?

Edozein balantze egiteko, funtsezkoa da zerbitzu kopurua. Euskal Y-aren kasuan, alde batetik aztertu dugu bidaiarien garraioa, eta beste alde batetik merkantzien garraioa. Bi kopuruen datuak dira beharrezkoak azterketa egiteko.

Zein izan beharko litzateke bidaiari eta merkantzien kopurua errentagarria izateko?

Ez dago zenbaki magikorik. Kasuz kasu aztertu behar da. Hala ere, badaude azterketa batzuk zeinak esaten duten bidaiaren gutxieneko kopurua hamar milioi inguruan egon daitekeela. Euskal Y-aren kasuan, ingurumenaren zamak eta kostu ekonomikoa beste kasu batzuetan baino handiagoak dira.

Beraz, posible da errentagarria izatea?

Kontua da aztertzea gizarte osorako ote den errentagarria, kontuan hartuz onurak eta kalteak. Eta hori nahiko zalantzazkoa da. Orain arte saldu digute Euskal Y-ak konponduko dituela Euskal Herriko garraio arazoak, eta argi dago hori ez dela gertatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.