Ainara Villano

Zalantzatiak

2024ko apirilaren 9a
10:00
Entzun

462.426 pertsonak ez dakite nori emango dioten botoa apirilaren 21ean. Kopuru honen dimentsioa ulertzeko: Araban 327.000 lagun bizi dira, gutxi gorabehera. Soziometroaren arabera, biztanleen %27 dira. Inkestek zalantzati hauen azken botoa estimatzen dute, bakoitzak bere erara, eta horrek hauteskunde gaueko emaitzara hurbiltzeko aukera ematen digu. Dena den, estimazioak baino ez dira eta 21eko gaura arte itxaron beharko dugu zalantzati hauen azken erabakia zein izan den jakiteko.

Egia esan, 2020ko hauteskundeetatik hona, zalantzatien kopurua 17 puntu igo da, eta, 2016ko hauteskundeak hartzen baditugu erreferentziatzat, 15 puntu. Pertsona horien azken erabakiak sortzen duen interesa alde batera utzita, zergatik egin du gora zalantzatien kopuruak? Zergatik daude hainbeste pertsona hauteskundeetatik aste pare batera oraindik zalantzan botoa emateko? Zer esanahi du horrek euskal sistema eta kultura politikoan?

Lehenengo hipotesia: alderdiei kosta egiten zaie elkarrengandik bereiztea. Eskaintza handia da: 7 taldek daukate parlamentuan sartzeko aukera, eta, horien artean desberdintasunak dauden arren, badirudi diagnostikoan antzekotasun dezente daudela. Hau da, alderdi nagusien agendak nahiko antzekoak dira.

Gako batzuk: zalantzatien artean emakume gehiago daude gizonak baino, 44 eta 65 urte bitarte dituzte eta gehienak ez ziren bozkatzera joan 2020an.

Gehienek ados dirudite diagnostikoan: Osakidetzaren zerbitzua hobetu behar da, Euskadin arazo handia dago etxebizitzaren inguruan, aurrera egin behar da klima-politiketan eta genero berdintasunean. Egia da proposamen desberdinak eskaintzen direla, baina plazaratzen diren gaiak nahiko antzekoak dira.

Bigarren hipotesia: biztanleriak ez du oraindik hauteskunde prozesuarekin konektatu. CISek Euskadirako egindako hauteskunde aurreko azken ikerketaren arabera, hautesleen %20k hauteskunde-kanpainan zehar erabakiko du, %5ek hauteskundeen bezperan eta %6k hauteslekura bidean, egun berean. Gainera, azken urteotan hauteskundeak etengabeak izan direnez, baliteke jendarteak prozesu honetara ohitu izana eta horregatik ikusminik ez sortzea, baizik eta asperdura.

Hirugarren hipotesia: hautesleak, beren botoa erabakigarria izan daitekeela jakinda, inoiz baino gehiago pentsatzen ari dira honen zentzua. Emaitza oso estuak espero dira, eta horrek esan nahi du boto gutxi batzuek baldintza ditzaketela parlamentuko eserleku erabakigarriak. Agian, horretaz jabetuta, pertsona askok azken unera arte itxaron nahi dute alderdien eskaintza politikoa jaso, eztabaidak ikusi eta ingurukoekin hausnartzeko.

Nolanahi ere, zalantzatien hazkundeak alderdientzako erronka suposatzen du. Haiengana hurbiltzeko eta mobilizatzeko ahalegin handiak egin beharko dituzte hurrengo egunetan zehar. Gako batzuk: zalantzatien artean emakume gehiago daude gizonak baino, adin-talde nagusia 44 eta 65 urte bitartekoa da eta haien artean ia inor ez dago erretiratuta oraindik, eta gehienak ez ziren bozkatzera joan 2020an. Alderdiek mezu espezifikoak diseinatu beharko dituzte pertsona horiek erakartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.