Zalantzak nagusi, botikak berriz ordaindu behar izan dituzten lehen egunetan

Arazorik ez dela izan erran du Nafarroako Osasun kontseilariak; onartu du, hala ere, aldaketa «handia» dela

edurne elizondo
Iruñea
2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Nafarrak hasi dira botikak berriz ordaintzen. Espainiako Gobernuak onartutako agindua igandean jarri zen indarrean. Lehen egunotan, zalantzak izan dira nagusi herritarren artean. «Pentsiodunen artean piztu da kezka gehien», erran du Ines Casaresek, Iruñeko farmazialariak. Botikak doan zituzten, orain arte; agindu berriaren eskutik, berriz, sendagaien salneurriaren zati bat ordaindu beharko dute. Oro har, %10.

«Aldaketa handia da», onartu du Nafarroako Osasun kontseilari Marta Verak, baina erran du «arazo handirik gabe» jarri dela agindua indarrean herrialde horretan. «Normala denez, hasieran funtzionamendu arazoak izan dira», zehaztu du, hala ere, kontseilariak.

Lehen egunotan, funtzionamendu arazo nagusia izan da herritar bakoitzak ordaindu beharrekoa zehazten duen koderik gabe jaso dituztela errezetak botiketan. «Koderik gabe, ez dakigu zenbat kobratu behar dugun», azaldu du Elena Jimenezek, Iruñeko Donibane auzoko botikariak. Ondorioz, errezetak koderik ez badu, pentsiodunei %10 kobratzen diete farmazietan; eta %40 pertsona aktiboei. «Gerta daiteke behar baino gutxiago kobratzea; baina baita deus ordaindu behar ez duenari %10 kobratzea ere, eta hori larria izan daiteke», erran du Jimenezek.

Hori dela eta, botikekin ez ezik, errezeten kopiarekin eta ordainketaren agiriarekin ere ateratzen dira herritarrak, egunotan, farmazietatik. «Kexarik egin nahi badute, horretarako aukera izan dezaten».

Pentsiodunen errezetak gorriak ziren orain arte; berdeak, berriz, pertsona aktiboenak. Sistema berriarekin, berriz, koloreak desagertu eginen dira. Eta kodeek zehaztuko dute errezetaren jabeak zenbat ordaindu behar duen: 001 zenbakia dutenek, deus ere ez; 002 dutenek %10; 003 dutenek %40; 004 zenbakia dutenek %50; eta %60, azkenik, 005 dutenek.

Zer kode egokituko zaion oraindik ez daki Jose Javier Sanchezek. Gaixo kronikoa da. «Diabetea dut». Bi hilabetean behin erosi behar ditu botikak, eta onartu du oraindik ez dakiela zenbat ordaindu beharko duen. «Kopuru txikia bada ere, neurri hau ez da batere atsegina gaixo kronikoontzat. Ezin diogu botikak erosteari utzi, eta gehiago ordaindu behar izatea berri txarra da». erran du Sanchezek.

Sistema berriak errentaren araberako ordainketa zehazten du. Pentsiodunen artean, 18.000 eurotik beheitiko errenta dutenek botiken %10 ordaindu beharko dute, gehienez ere zortzi euro hilean; 18.000 eta 100.000 euro arteko errenta dutenek ere % 10 ordainduko dute, baina gehienez ere hemezortzi euro hilean. 100.000 eurotik gorako errenta dutenek, berriz, %60 ordainduko dute, eta gehienez ere 60 euro hilean.

Biztanleria aktiboari dagokionez, 18.000 eurotik beheitiko errenta duten herritarrek %40 oraindu beharko dute; % 50, 18.000 eta 100.000 euro artekoa dutenek; eta %60, 100.000 eurotik goitikoa dutenek.

Botikak doan izanen dituzte, berriz, diru saririk jasotzen ez duten langabeek; gizarteratzeko errenta duten herritarrek; pentsio ez-kontributiboak dituztenek; ezintasunen bat dutenek; sindrome toxikoa dutenek; eta lan istripuren edo lan gaixotasunen baten ondorioz tratamendua dutenek.

Kezka eta haserrea

«Informazio falta nabarmena da herritarren artean», kexatu da Elena Jimenez. Hedabideen bidez mezu argirik ez dela zabaldu uste du botikariak. «Medikuek zer informazio eman duten ere ez dakigu farmazialariok; eta herritarrak guk artatu behar ditugu», azaldu du. Haren ustez, denbora beharko da jendea sistema berrira ohitzeko.

Pentsiodunen artean neurriak eragin duen kezka nabarmendu du Ines Casares botikariak. «Ez daude batere kontent, noski. Batek baino gehiagok aipatu dit haserre direla, haiek ordaindu beharreko kopurua igo baina politikariek ez dutelako haien soldata jaisten». Ines Casaresek gaineratu du gaixotasun kronikoak dituzten pentsiodunen artean eragin duela sistema berriak kezka gehien.

Haserre horri botikariek egin behar izaten diote aurre anitzetan. «Guk artatzen baititugu herritarrak», berretsi du Elena Jimenezek. Marta Vera Osasun kontseilariak berak onartu du, informazioa botikarien eta gainerako profesionalen artean zabaltzen saiatu badira ere, toki guztietara ez dela ailegatu. «Lanean jarraitu beharko dugu».

Farmazialarien haserrea piztu duen bertze neurririk ere bada. Horixe nabarmendu du Casaresek. «400 botikatik goiti kendu nahi dituzte Gizarte Segurantzaren zerrendatik; hau da, botika horiek lortzeko, aurrerantzean, %100 ordaindu beharko dute herritarrek». Neurri hori abuztuaren 1etik aurrera sartuko da indarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.