Ertzetara, erdira eta alde guztietara begiratu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak hiru egunotan Durangon. Bost ardatz nagusi izan dituzte: bizitzak erdigunean jartzea, dekolonialitatea, gorputza eta sexualitatea, indarkeriarik gabeko bizitzak eta mugimendu feministari berari buruzko eztabaida. Eta horri lotu zaizkio gaur, eta nabarmendu dute hamar urte baino gehiago zirela jardunaldiak egin gabe, eta hori ezin dela berriz gertatu. Erronka handiak dituzte, eta horiei aurre egiteko nola antolatu izan dute hizpide, talde handian aurrena, eta txikiagoetan gero.
Goizeko saioa izan da hori, eta arratsaldean, lanari utzi, eta aldarrikapen eta ospakizunei ekin diete. Borborka izan dituzte buruak hiru egunez, dekolonialitatean nola eragin, norbere pribilegioak aztertu, zaintza, gorputzak, indarkeria... Hiru egunetako irakinaldiak su motelean lanean jarraituko du.
Nekatuta egon arren, eta eztabaida deserosoak ere izan diren arren, indartsu daudela erakutsi dute arratsaldeen milaka feministak. Manifestazio jendetsua egin dute Durangoko kaleetan, eta ekitaldi hunkigarria gero.
Zirrara bai, eta aldarrikapen asko ere bai. #SaldaBadago jardunaldien amaieran, manifestazioa egiten ari dira Durangoko kaleetan. pic.twitter.com/8gIbCriA2V
— Maite Asensio Lozano (@MAsensioLozano) November 3, 2019
Ekitaldian Kurdistango emakumeek hartu dute parte, besteak beste, bideoz. Kataluniako eta Guatemalako emakumeak ere izan dira, eta hainbat aldiz erantzun diete publikoan zirenek, txaloz. Indarra badela erakutsi dute, eta poza ere bai.
Nekatuta gaude, oso nekatuta, baina pozik eta alai!
— Iraide Lejarreta Goyarzun (@i_lejarreta) November 3, 2019
Gora borroka feminista!!!!#SaldaBadagopic.twitter.com/0G7vZPFvcr
Egunotako mahai inguru, kronika eta iritzi artikuluekin osatutako testu bilduma.