Pastor
DARWIN ETA GU

Zakila hurko eta burko

2024ko abenduaren 21a
05:00
Entzun

Gabonetan betiko galderak egiten dizkiogu geure buruari. Nori zer oparitu? Zer erosi alaba txikiari? Eta semeari? Gero eta kontzientzia handiagoa hartzen ari gara jostailu sexistez. Bide onean gabiltza, baina zer esan helduentzako opariei buruz? Sakelako horia. Kartera beltza. Ezetz asmatu norentzat bata eta norentzat bestea.

Alabari sukalderik ez, baina aitari larruzko gerriko marroia bai. Neska txikiari baloia, semeari panpina. Senarrari edo mutil-lagunari albornoz morea oparitzen ausartuko ginateke? Noizko kanpaina bat nagusientzako oparien inguruan? Etxeko txikiak begira dituzu: ez egin opari sexistarik haien gurasoei. Bestela, amari edertasun produktuak erosiko dizkiote heldutan. Eta aitari bizarra egiteko kaxa edo set dotorea. Sofan giltzurrunak berotzeko kuxin arrosa? Bai zera!

Erregalu sexistak. Gizonentzako opari webgune askotan ekintza nabarmentzen da. Klikatu eta zer agertuko lehena? Kotxeak gidatzeko aukera. Ez edozein auto gero! Ferrari bat Vasco Sameiro zirkuituan, Bragan (Portugal): 119,90 euro. Edo Ferrari, Lamborghini eta Porsche banarekin bost zirkuitu luze: 329 euro. Iragarkiak argi dio: mugarik gabeko abiadura. Emozioa eta adrenalina eskuragarri dituzue, gizonok.

Gizonentzako opari webgune askotan ekintza nabarmentzen da. Klikatu eta zer agertuko lehena? Kotxeak gidatzeko aukera. Ez edozein auto gero!

Emakumeen atalean ere bada auto ikusgarriak gidatzeko eskaintzarik, baina askoz gutxiago. Gainera, ibilgailu horiek ez dira lehen opari gisa ageri pantailan. Lehendabiziko tokia erlaxazio, zainketa, spa, self care eta antzekoek dute. Emakumeek ez dituzte gustukoak autoak. Ezinbestean hartzen dute kotxea, beste erremediorik ez dutelako. Gipuzkoako Goierrin —ez Bizkaikoan, Erandion— ezagun baten anaiari gertatu zitzaion: kontzesionario batera joan zen autoa erostera. Modelo xumea nahi zuen, arrunta. Ez zaio gustatzen gidatzea, baina lanera joateko behar zuen. Saltzaile orojakilea ulerkor mintzatu zitzaion: «Autoa emaztearentzat da, ezta?». «Ez, neure buruari erosiko diot. Neure alde femeninoa lantzen ari naiz».

Emakumeentzako oparien atalek ongizatea dute ardatz. Atal konbentzionalek, bederen. Bada beste ongizate mota bat, webgune ugari azaltzeko oraindik zuhur eta uzkur daudena. Zer gizonek oparitzen dio satisfyer bat amari? Alabari? Eta bikotekideari, zer esanik ez. Bere porrotaren seinalea izango litzateke. Barre algara ederrak adituko lituzke Gabon zahar eguneko poteoan. «Halako traste bat erosi diozu andreari, Mikel? Zurea ez du nahikoa?». Ez dira gutxi, logelan satisfyerra debekatzen duten gizonak. Iraina da beraiek eman ezinezko plazer infinitua andreak beste nonbaitetik hartzea. Ordea, gozamenak badu alde ilunik. Edozein sexologok esango dizu ez dagoela zakil edo mingainik, makinatxo horrek beste plazer ematen duenik, eta hortxe egon daitekeela arriskua: behin metalezko laztanetara ohituta, haragizko aparailua hutsaren hurrena da.

Dena den, kontu horri beste ikuspuntu arinago batetik begiratu ahal diogu. Alemaniako webgune batek zakil erraldoi baten itxura duten burkoak saltzen ditu. Monsterzeug enpresaren orrian neska bat ikusten da, zakil itxurako 46 x 100 x 20 zentimetroko burkoari lotuta. Artikuluaren deskribapenaren arabera, gozoa da burko horri besarkatua lo egitea. Publizitate onena azpian idatzitako iruzkina da: «Nik baino hobeto asebetetzen du nire neska-laguna». Umorea ez du falta gizonak.

Umorea behar da errealitatea onartzeko, nahia eta ezina ez baitira joaten Eguberrietan. Ametsak eta ameskeriak ere ez. Gabon gauean afaldu ostean logelara joan da andrea. Irrikan dago, baina senarra ziplo hasi da zurrungaka ohean sartu orduko. Akabo. Emazteak erosi dion Ferrari ibilaldiaz amets egiten duen bitartean o rei de Braga-k inoiz oparituko ez dion plazer-jostailuak piztuko dio loaldia emakumeari, burkoari irmo lotua. «Zeinen goxo egiten den lo Gabonetan zakil eder bati besarkatua». Eta hortxe segituko dute, elkarren ondoan, nork bere ametsetan. Pozik. Zoriontsu. Kjell Askildsen norvegiarraren ipuinetako bikote bat bezain zoriontsu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.