Mabel Marijuan. EHUko irakaslea

«Zaintzok ez daude normalizatuta ikasketetan»

Trebatzen ari diren mediku gazteentzat propio zaintza aringarriak ez dira ikasgai bat; ondorioz, behar bezalako ezagutzarik gabe amaitzen dituzte askotan ikasketak, Marijuanen ustez.

arantxa iraola
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Zaintza aringarriak bermatze aldera, ezinbestekoa da osasun arloko profesionalen arloko trebakuntza. Kezka orokorra da sektorean. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza fakultatean Bioetika irakaslea da Mabel Marijuan, erreferentzia bizitzaren amaierako eskubideen aldarrikapenean, eta onartu du medikuek, trebakuntza osatu berritan, deus gutxi jakiten dutela kasurik gehienetan zaintza aringarriez. Hori aldatzea nahi luke. «Erizainak, berriz, hobeto trebatuta daude; haien lanean beti gertuago egon dira sufrimendua eta pazienteen beharrak».

Irudika dezagun ikasle gazte bat osagile izateko trebakuntza guztia EHUn egin duena. Zer daki zaintza aringarriei buruz?

Bada, deus gutxi. Zintzoki, deus gutxi. Bolognako Itunean ez zen propio ikasgai bat antolatu zaintza aringarrientzat: hautazkoa zela erabaki zen, edo beste ikasgairen batean txertatuta ematekoa. Egon daiteke Onkologia barruan, edo Familia Medikuntzan... Beraz, guztien esku dago, eta arriskua dago inork ere ez hartzeko. Zeharlerroko ikasgaiekin usu gertatzen da hori, eta zaintza aringarriak ere ez daude normalizatuta ikasketotan. Beste zio bat ere badago horren atzean; zaintza aringarriak ez dira espezialitate bat, propio, eta tentsio bat dago hor: nork arduratu behar duen zaintza horiez. Bi korronte daude. Zenbaitek esaten dute propio arloan espezializatutako profesionalek eman behar dituztela arta horiek; jende asko ari da horren alde. Beste hainbatek, adibidez familia medikuek, esaten dute beren trebakuntzaren parte ere izan behar dutela, haiek ere arta mota hori eman behar dutelako. Tentsio hori ez da konpondu oraindik. Nik neuk ez dut argi: bihotza erdibitua dut.

Eta auzi horren erdian, arloko ikasketak ahantzita daude...

Mediku guztiek ezagutu behar lituzkete zaintza aringarrien oinarrizko hainbat kontzeptu, baina egun ez da hori bermatzen; ondorioz, pazienteek jasotzen duten arta da egokitzen zaien medikuaren joeraren eta ezagutzaren araberakoa. Zeren eta bada espezializatutako jendea, baina bere erara egin du horretarako bidea.

Unibertsitatean duzuen esparru estuan, egin daiteke zerbait?

Nik, adibidez, zaintza aringarriak sartu ditut 3. mailan, eta edonork egin dezake hori; hori da katedra askatasuna. Baina atera kontuak, 3. mailan daude, oraindik ez dira klinikarekin hasi ere egin. Gero, egoiliar gisara jasotzen duten trebakuntzan sartu direla urteotan zaintza aringarriak; baina orduak, edukiak eta trebakuntza ematen duten profesionalen araberakoak dira beti.

Izurriak biluzi ditu gabeziok...

ZIUetara eraman gaitu izurriak; han, pazientearen ikuspegi orokorra, osoa, galdu egiten da. Ez da aringarrien ikuskerarik egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.