Zaintzen inguruko herri akordio bat osatzeko prozesua abiatu dute Araban

Arabako Mugimendu Feminista, pentsiodunak, AEZLE Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen Elkartea, Enarak kooperatiba, Ernai, ESK, LAB eta Steilas elkartu dira, eta zaintzen mahaia osatu dute.

Indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko eguneko protesta bat, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko eguneko protesta bat, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko urtarrilaren 14a
12:00
Entzun

«Zaintza eskubide unibertsala bermatuko duen Araba bat posible da, eta egingo dugu». Aldarrikapen irmoa egin dute gaur Arabako hainbat eragilek, «bizitzak erdigunean» izanen dituen eskualde bat lortzea helburu. Azaldu dute Arabarendako herri akordio bat egiteko lanean ari direla, xede argi batekin: «Zaintza sistema aldatzeko norabide bat markatzea, baita instituzioak interpelatu eta aldarrikapen horiek bete ditzaten exijitzeko erreminta bat izatea».

Arabako Foru Aldundiaren aitzinean egin dute aurkezpena, gaur goizean. Lurraldeko mugimendu feministarekin hainbat eragile elkartu direla erran dute, eta guztiek batera prozesu bat jarri dutela martxan. Zehazki, Arabako Mugimendu Feminista, pentsiodunak, AEZLE Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen Elkartea, Enarak kooperatiba, Ernai, ESK, LAB eta Steilas elkartu dira, eta zaintzen mahai bat osatu dute prozesua bideratzeko. «Gurekin bidea egitera gonbidatu nahi ditugu Araba bizigarri batean sinesten duen pertsona eta eragile oro», gehitu dute.

Bi pauso izanen ditu prozesuak. «Arabaren argazki erreal bat» egitea izanen da lehenbizikoa: «Gure herrialdean zaintza sistema zer egoeratan dagoen jakin nahi dugu». Horretarako, «mapatze parte hartzaile eta kolektiboa» eginen dute, eta banakako elkarrizketak zaintza zerbitzuak eskaintzen dituzten herritarrekin eta jasotzen dituztenekin.

Argazkia egin eta gero, aldarrikapen taula bat osatuko dute: horretarako, apirilaren lehenbiziko asteburuan asanblada irekia eginen dute. «Asanblada horretara ahalik eta eragile sozial eta sindikal, eta norbanako gehien etortzea da gure asmoa, aldarrikapenak ahalik eta babes gehien izateko, eta ikuspuntu zabal batetik eraikitzeko». Azken finean, erran dute «kalitatezko zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatu eta eraikitzeko» prozesu bat izanen dela, ahalik eta eragile sozial eta sindikal gehien elkartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.