Udako seriea. Zahar eta... zaindua (II)

Zaintzaren pitzadurak, bistan

Adinekoen arretari eta zaintzari kezkaz begiratzen diote Zaintza Araba elkartean. Elkarteko kideek salatu dute pandemiak zahar etxeetan azaleratutako gabeziak bere horretan daudela, eta adinekoek eta senideek «tratu txar instituzionala» pairatzen dutela.

Txaro Markinez, Marixa Diaz de Arkaia eta Maita Ramos, Zaintza Arabako kideak. RAUL BOGAJO/ FOKU
Txaro Markinez, Marixa Diaz de Arkaia eta Maita Ramos, Zaintza Arabako kideak. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
2024ko abuztuaren 21a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Zainketen gaiarekin sentsibilizatutako pertsona talde batek osatu zuen iaz Zaintza Araba elkartea, mendekotasuna duten adinekoei, senideei eta zaintzaren gaiak kezkatzen dituen guztiei laguntzeko asmoz. Senide batek laguntza behar duenean edo zahar etxera joaten den momentuan babesa eta aholkua emateko xedez batu ziren hainbat lagun Gasteizen, jakinik nekeza izaten dela bide hori bakarrik egitea, besteak beste korapilatsua delako tramite burokratiko eta ekonomikoetan murgiltzea. Emozionalki ere gogorra da prozesua: «Latza izaten da senidea zahar etxe batera eraman behar izatea, eta guk, gure bizipenetatik abiatuta, laguntza eskaini nahi diegu, bidea samurrago egin dezaten».

Autonomia galdu duen senide bat zaindu behar izatea zer den ongi asko dakite elkarteko kide Txaro Markinezek (Gasteiz, 1962), Maita Ramosek (Gasteiz, 1954) eta Marixa Diaz de Arkaiak (Gasteiz, 1961). Hirurek izan dute –edo dute– senideren bat zahar etxe batean. Ama egoitza batean du Markinezek, eta pandemia garaian hil zitzaion izeba bat, hura ere egoitza batean zela. Zahar etxean zela hil zitzaion aita Diaz de Arkaiari, 2020an, pandemia betean, eta ama Ramosi, 2022an. Pandemiaren alderik gogorrena pairatzea egokitu zitzaien hirurei: «Zahar etxeen errealitatea gure begiz ikusteko parada izan genuen, eta mendekotasuna dutenen zaintzaren argazki orokorra ateratzeko balio izan zigun». Argazki orokor hori, baina, «Pandoraren kutxa irekitzea» bezala izan zela aitortu du Markinezek: «Ikusi genuen latzak zirela egoerak zahar etxe publiko, pribatu eta itunduetan».

Pandemia garaiko hilabete gogorrenak gogoan, kontatu dute nola mehartu zitzaizkien erresidentzietan ziren senideengana heltzeko bideak, zeinen gogorrak izan ziren egoitzetan bizi zirenentzako bakartzeak, eta nola, oraindik ere, sendatu gabe dituzten orduan zabaldu zitzaizkien zauriak. Hizketaldian ere antzematen da sufrimendua hortxe dutela oraindik. «Pandemia garaian hasi zen dena, egoitzak itxi zituztenean, eta gure senideek pairatu behar izan zituztenean bakartze latzenak, eta guk haiekin...», hasi da kontatzen Txaro Markinez, Zaintza Araba elkartearen sorrera oroituta.

Zaintza, «negozioa»

Markinezek azaldu du pandemiak zaharren zaintza sistemaren hutsuneak era gordinean azaleratu zituela, eta adinekoen eta mendekoen zaintza eta zaintzaileak hauskor bilakatu, eta lau urte igarota, arazoek bere horretan jarraitzen dutela. Zahar etxeetako arazoa ez da orain sortu; lehendik zegoen, eta COVID-19aren kudeaketak azaleratu eta areagotu egin zuen, gogora ekarri duenez: «Osasun krisiak alde on bat izan bazuen, horixe bera izan zen: zaintzaren gaia sozializatu egin zela. Haatik, egoera ez da konpondu, eta instituzioak ez dira ezer egiten ari».

«Osasun krisiak alde on bat izan bazuen, zera izan zen: zaintzaren gaia sozializatu egin zela. Haatik, egoera ez da konpondu, eta instituzioak ez dira ezer egiten ari».

TXARO MARKINEZZaintza Araba

Elkarteko kideek ez dute zalantzarik: adinekoen arreta «negozio» bilakatu izanak kolokan jarri ditu zaintza sistemaren zutoinak. Markinezek kritika gordina egin die instituzioei, publikotzat aurkezten dituzten plazek, finean, kudeaketa pribatua dutelako: «Diputazioa saltzen ari da Etxean Bizi programa, baina guk zera esaten dugu: etxean bizi eta etxean hil... Aho beteka esaten dute plaza publikoak sortzen ari direla, baina dirua esku pribatuen esku uzten ari dira».

Pertsona erdigunean jarriko duen eredu publiko bat aldarrikatu dute elkarteko kideek zahar etxeetarako, pandemiak agerian utzitako gabeziak gainditzeko. Batetik, uste dute langile gehiago behar dela, eta ratioak hobetu —langile kopurua erabiltzaileko—, zaintzaileen lan baldintzak ez ezik egoiliarren zaintza hobetzeko ere urratsa izango delakoan. «Legeak ezarritako ratioak ez dira aski: norbaitek uste du hamazazpi egoiliarren zaintza bermatua egon daitekeela bi zaintzailerekin? Bada, ez», esan du, irmo, Markinezek.

Zahar etxeetako ratioei buruzko kezka agertu du, halaber, Diaz de Arkaiak, eta gogora ekarri du bere aita egoitza batean zegoenean gertatu zena: «Gauean zaintzaile bakarra geratzen zen, eta igogailua ezin zuen erabili, badaezpada ere. Bi langile egotea eskatu nion erresidentziari, eta badakizu zer erantzun zidaten? Beste zaintzaile bat egotea nahi bagenuen gehiago ordaindu behar genuela».

Hiltzean, zorra kobratu

Salatu dute adinekoen zaintzan enpresa pribatuen irabaziak bihurtu direla lehentasun, kalitatezko zaintza eta gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubidearen ordez. Eta, hala, ohartarazi dute egoiliarrek eta senideek «tratu txar instituzionala» pairatzen dutela. Ekonomikoki ere pairatzen dituzte «tratu txar» horiek, eta askorentzat errealitate ezezaguna dena kontatu dute: Araban, baliabide ekonomiko nahikorik ez duten egoiliarren kasua «lazgarria» dela iritzi diote, bizirik diren bitartean sortzen duten «zorra» kalkulatzen duelako aldundiak, eta hiltzen direnean, dagokien diru zatia herentziatik kentzen dielako senideei.

«Gauean bi langile egotea eskatu nion erresidentziari, eta badakizu zer erantzun zidaten? Beste zantzaile bat egotea nahi bagenu gehiago ordaindu behar genuela»

MARIXA DIAZ DE ARKAIAZaintza Araba

Zahar etxe pribatuetako «gehiegizko klausulez» ere ohartarazi dute, eta gertutik ezagutu dituzten kasuak kontatu. Markinez: «Egoiliar baten hortzordeak galtzen badira, egoitzako aseguruak ez du bere gain hartzen, eta familiak ordaindu behar du». Ramos: «Egoiliarra hilaren 15a baino lehen hiltzen bada, hilabete erdia ordainduko duzu, baina 16an hiltzen bada, hilabete osoa. Bitxia da, baina hurrengo egunerako toki hori beteta egoten da; beraz, bi aldiz kobratzen dute toki berarengatik».

Mendekotasunaren balorazioaren zain dauden milaka pertsonen egoera ere tratu txar instituzionala dela ohartarazi dute. Egoera horretan hilabeteak ematen dituzten askoren ondoan egoten dira elkartekoak, eta prozesu motel horren lekuko izaten dira. Sarri ikusten dute nola narriadura kognitibo edo fisikoa duten adineko ugari linbo batean geratzen diren, mendekotasunaren balorazioaren esperoan. Bakarrik bizi den 92 urteko emakume baten kasua kontatu du Ramosek: «Arnasteko arazo larriak ditu, eta bihotza makal. Balorazioa egitera joan zen erizainak esan zion ez zela iristen mendekotasun maila arinera, eta, hortaz, ez diote zaintzailerik jarriko, eta, noski, zahar etxe batera joateko aukerarik ere ez du izango. Nola da posible hori gertatzea?». Halako hamaika kasu daudela nabarmendu dute elkartekoek.

«Egoiliarra hilaren 15a baino lehen hiltzen bada, hilabete erdia ordaindu behar duzu, baina 16an hiltzen bada, hilabete osoa. Bitxia da, baina hurrengo egunerako toki hori beteta egoten da;  beraz, bi aldiz kobratzen dute toki berarengatik»

MAITA RAMOSZaintza Araba

Zaintza Arabako ordezkariek gogoratu dute bestelako zaintza eredu baten alde ari direla lanean. Besteak beste, alboratu dituzte gaur egun nagusi diren zentro handiak, uste dutelako ez daudela prestatuta arreta ona emateko, eta tamaina txikikoen alde egin dute. Europako hainbat herrialdetan martxan diren ereduei so egiten diete, han aspaldi dauden etxe kolaboratiboak deritzen bizilekuei, zehazki. Diaz de Arkaiak azpimarratu duenez, gisa horretako etxebizitzek atzeratu egiten dute adinekoen «narriadura fisikoa eta mentala», eta, ondorioz, baita zaintza bera ere. Uste dute posible dela egun indarrean den eredua aldatzea, baina agintariek ez dutela horretarako borondaterik: «Egingarria da, baina ez dago interesik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.