Zaintzaren Herria eraikiko dute Bilbon urriaren 5ean

Euskal Herriko Neska* Gazteak sarea Euskal Herriko Gazte Feministak izango da aurrerantzean. Gasteizko Mugimendu Feminista elkartu egin da «sexu langileen eskubideen alde».

Denon Bizitzak Erdigunean plataformaren agerraldia, Bilbon, Zaintzaren Herria aurkezteko. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Denon Bizitzak Erdigunean plataformaren agerraldia, Bilbon, Zaintzaren Herria aurkezteko. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko ekainaren 1a
17:15
Entzun

Denon Bizitzak Erdigunean plataformak beste urrats bat egingo du zaintza sistema publiko-komunitarioa eraikitzeko bidean, eta urriaren 5ean Zaintzaren Herria sortuko dute Bilbon. Egun osoko jardunaldi bat izango da, eta han «zaintzaren inguruan eztabaidatzeko, sistema publiko-komunitarioa definitzeko, zaintzaren kulturara hurbiltzeko, mugimendua indartzen jarraitzeko eta ondo pasatzeko» aukera egongo da, antolatzaileek azaldu dutenez.

Plataforma osatzen dutenek gogorarazi dute zaintzaren auziari buruzko kezka ez dela berria, eta mugimendu feministak «hamarkadak» daramatzala horren inguruan lan politikoa egiten, eztabaidatzen eta zaintza lanak «familiarizatuta, feminizatuta, arrazializatuta eta prekarizatuta» daudela salatzen. Lan horretan mugarria izan zen joan den azaroaren 30eko greba feminista orokorra: «Argi aldarrikatu genuen zaintza sistema publiko-komunitarioa eraikitzeko beharra».

Greba feminista orokorraren bidez, interpelazioa egin zioten hainbat erakunde eta eragileri; tartean, Hego Euskal Herriko gobernuak. Plataforman kexu dira, interpelazio horiek ez baitute erantzunik izan: «Zaintzari buruz hitz egin dute, kanpainan zein egunerokoan, baina kontzeptu eta aldarrikapen feministak edukiz hustu dituzte, eta beren asmoekin segitu dute: zaintza lanak negozio bihurtzen eta zaintza zerbitzuak pribatizatzen».

Bitartean, feministek eta greban parte hartu zuten eragileek lanean jarraitu dute, «grebarako landutako herri akordioa tokian tokiko errealitateetara eramaten», eta datozen hilabeteetan Bilbon beste pauso bat eman nahi dute, «Zaintzaren Herria irudikatuz eta eraikiz». Diotenez, Zaintzaren Herria eta instituzioek eta patronalek sustatzen duten «eredu kapitalista, neoliberal eta patriarkala» kontrakarrean daude: «Haien eredua Negozioen Hiria da: hiri pribatizatua, espekulazioari, turismoari eta gutxi batzuen irabazi ekonomikoei emana, herritarren premien gainetik zementua, azpiegitura handiak eta makroekitaldiak lehenesten dituena, pertsona zaurgarrienak zaintzeko zerbitzuak garestitzen dituena».

Orain ari dira Zaintzaren Herriaren egitaraua atontzen, eta prozesu horretan parte hartzera dei egin diete herritarrei, bai eta urriaren 5ean Bilbora joatera ere: «Bilboko erdigunea hartuko dugu, kalera aterako gara berriro elkarrekin, ospatu egingo dugu orain arte egindakoa, eta hemendik aurrerakoa eraikitzen hasiko gara».

Euskal Herriko Gazte Feministak

Euskal Herriko Neska* Gazteak sarea Euskal Herriko Gazte Feministak izango da aurrerantzean. Izena aldatu dute, eta izana ere bai, Errenterian (Gipuzkoa) egindako agerraldi jendetsu batean azaldu dutenez. Subjektu politikoaren inguruko eztabaida baten ondorioz iritsi dira emaitza horretara, eta orain «erronka berriei toki eraberrituetatik ekiten, borrokak hauspotzen eta gaitasun eraldatzaileak areagotzen» jarraituko dute.

Euskal Herriko Gazte Feministak sarearen aurkezpena
Euskal Herriko Gazte Feministak sarearen aurkezpena

Azaldu dutenez, Euskal Herriko Neska* Gazteak «militantzia eta feminismo eskola» izan da gazte askorentzat, «diskurtso feministak berenganatzen hasteko, herriak feminismotik eraldatu eta herrian feminismotik bizitzeko, boteretzeko eta politika egiteko lekua». Baina «eraldatzeko gaitasuna» ere izan du sareak, eta horren adibidea da orain aurkeztu duten aldaketa.

«Neska identitatearen eta heterosexualitatearen problematizaziotik» abiatu dira eztabaidari ekiteko. Haien esanetan, emakume izatea ez da ezer «biologikoa»: «Sareko kide asko sozializatzen dira neska gisa, eta badira patriarkatuak sortu dituen emakume-gizon kategoria dikotomikoak gainditzen dituztenak, zis-heterosexualitatearen disidentziatik. Sareko kideak elkartzen dituena ez da 'neska' izatea; patriarkatuak zapalduak izateak eta horren kontra egiteak elkartzen ditu. Proiektu politiko batek elkartzen ditu, feminista izateak».

Eraldaketari ekiteko «izendatzeko era ere aldatzea ezinbestekotzat» jotzen dutelako hartu dute izendapen berria: «Subjektu politikoaren aldaketak patriarkatua ulertzeko esparrua berrezartzeko aukera irekitzen digu».

Gasteizko feministak, sexu langileen eskubideen alde

Sexu langileen eskubideen nazioarteko egunaren karietara, elkarretaratzea egin du Gasteizko Mugimendu Feministak, «sexu lana lana dela aldarrikatzeko eta sexu langileen eskubideen alde». Azaldu dutenez, sexu lana eta sexu esplotazioa helburu duen pertsonen salerosketa desberdindu egin behar dira; azken horren kontra eta «edozein esparrutan egiten diren eraso matxisten kontra» jo du Gasteizko Mugimendu Feministak eta, aldi berean, sexu langileen eskubideak aldarrikatu.

Haien esanetan, sexu lana «antolamendu sozial jakin bati eustea helburu duen sistema kapitalista, zisheteropatriarkal eta kolonialean» kokatu behar da, eta ohartarazi dute sexu langileen egoerak eta bizipenak ezin direla unibertsalizatu, «zapalkuntza esparru komunak dituzten arren». Sexu langileak estigmatizatzen dituzten «epai moralistak» arbuiatu dituzte: «Agentzia politikoa eta erabakitzeko gaitasuna kentzen dizkiete, eta haien aldarrikapenak isilarazi».

Nabarmendu dute gainerako lan eta ofizioetan ere «genero zapalkuntza, bortizkeria egoerak eta lan esplotazioa» gertatzen direla sarri, are gehiago migratuen, arrazializatuen eta transen kasuan: «Lan esparru bat debekatzea ezinezkoa da, eta, gainera, pertsona prekarizatuak klandestinitatera kondenatu besterik ez du egiten».

Gasteizko Mugimendu Feministak ohartarazi du bere esparruetan ez duela onartuko «sexu langileen eskubideen eta ahotsen aurka doan indarkeriazko diskurtso eta jarrerarik».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.