«Sistema kapitalista zisheteropatriarkala iraultzeko proposamenak irudikatu eta artikulatzera, hausturak kolektiboki antolatzera eta utopiak lehertzera gatoz». Hala aurkeztu zuten Baterajotzea apirilean Euskal Herriko Neska* Gazteek. Utopiak lehertzeraino lelopean, urriaren 13tik 15eraUsurbilen (Gipuzkoa) elkartuko dira ehunka emakume gazte, «saretzeko» eta «greba feminista orokorrerako antolatzeko» helburuarekin. Besteak beste, etxebizitzaren auzia, komunikazio feminista eta lodifobia landuko dituzte. Prestaketan buru-belarri dabiltza Aitana Davila Zaldua (Zubieta, Gipuzkoa, 2003) eta Uxue Alkorta Iturbe (Zarautz, Gipuzkoa, 2001).
Bi aste falta dira Baterajotzerako. Zelan doa prestalana?
UXUE ALKORTA: Azken orduko gauzak ixten gabiltza. Gogotsu gaude jada egun horiek iristeko eta egindako lan guztiaren emaitzak ikusteko. Gainera, azken asteetan, herrietan egindako aurkezpenekin, jende gehiago animatu da.
AITANA DAVILA: Dagokion balioa eman nahi diogu herrietako neska gazteek egiten duten lanari: haiek gerturatu dira benetan neskengana, eta haiek sozializatu dute Baterajotzea.
Zeintzuk dira Baterajotzearen helburuak?
ALKORTA: Helburu nagusia da azaroaren 30eko greba feminista orokorrean gazteok gure ekarpena egitea. Horretarako, elkargune polita izango da Baterajotzea. Aldi berean, saretzeko funtzioa beteko du. Neska gazteak hainbat herritan antolatzen gara. Baterajotzea elkar ezagutzeko, sareak eraikitzeko, gure ideiak zabaltzeko eta hortik indarberrituta ateratzeko gunea izango da.
Saretzea aipatu duzu. Zer garrantzi du gazte feministek antolaketa propio bat izateak?
ALKORTA: Neska gaztea subjektua da; hainbat zapalkuntzak, kezkak eta gatazkak gurutzatzen duten subjektua. Saretze horren bidez, maila indibidualean jasaten ditugun zapalkuntzak kolektibizatu ahal ditugu. Gainera, saretzeak aukera ematen digu hausnartzeko eta benetan borroka nola artikulatu pentsatzeko.
Zer ekintza antolatu dituzue saretze hori lortzeko?
DAVILA: Egitarau nahiko zabala prestatzen ari gara. Alde batetik, egitarau politikoa egongo da, noski. Hori guztiz beharrezkoa da, baina aisialdiarekin uztartuko dugu. Horretarako, tailer, kontzertu, azoka eta aisialdi eskaintza zabal bat egingo dugu.
Aurreko Baterajotzean krisi anizkoitza aztertu zenuten. Krisiaren erpinetako bakoitza zorroztu dela esan duzue orain. Zein zentzutan?
DAVILA: Egun, bizitzaren eta kapitalaren arteko talka areagotzen ari da. Sistema zisheteropatriarkal, kapitalista eta kolonialaren indarkeria gero eta nabariagoa da. Horrek eragina du neska gazteongan: egunerokoan eraso ugari jasaten ditugu.
ALKORTA: Krisiaren areagotzea dela eta, hau esan nahi dugu: besteak beste, eraso sexista, transmaribollofobo eta arrazistak gehiago salatu dira; prekaritatea neska gazteongan areagotu egin da; eta klima krisia bertan daukagu. Ultraeskuinaren gorakadak ere diskurtso batzuk gizartean ohikoagoak izatea eragin du. Horrek guztiak krisi hori puzten joatea ahalbidetu du.
Zergatik aukeratu duzue Utopiak lehertzeraino leloa?
DAVILA: Gaur-gaurkoz, inposatzen zaizkigun utopiak subjektu hegemonikoentzat perfektuak direnak dira, eta horiek unibertsaltzat jotzen dira. Guk utopia horiek ez ditugu gure sentitzen; horregatik, lehertu nahi ditugu. Leherketa hitza sartu nahi genuen, gatazka gabe ez dugulako lortuko egungo errealitatea aldatzea. Utopiak irudikatzen ditugu hemen eta orain eragina edukiko duten zerbait balira bezala, eta etorkizuneko ortzi muga gisa.
ALKORTA: Utopiak balio digu irudikatzeko guk nora joan nahi dugun. Eta utopiatzat saltzen diguten hori ez da guk joan nahi dugun noranzkoa. Utopia horiek berrasmatu behar dira.
Greba feminista orokorra izango duzue hizpide, eta zaintza sistema iraultzearen proposamena mahaigaineratu.
ALKORTA: Zaintza sistema pribatua da egun, eta modu prekario batean zaintzeko posizio batean jartzen gaitu. Hori krisi anizkoitzarekin gurutzatzen da. Zaintza lanak ez balira egongo egituratuta dauden bezala, ez litzateke krisi anizkoitz hori ere modu horretan izango. Iraultza horretan, zaintza sistema publiko-komunitarioa da ortzi muga.
DAVILA: Inposatu egiten zaigu zaintza, eta, aldi berean, ez da errekonozitua. Gainera, oso arrazializatua dagoen lan eremua da. Azaroaren 30eko grebak esaten duen bezala, bizitzak erdigunean jartzea da gure aldarria.
Zer ekarpen egin diezaiokete greba feminista orokorrari gazteek?
ALKORTA: Zaintza publiko eta komunitario baterako bidean, gazteok badugu zer esan; guri ere eragiten baitigu. Neska gazteok unibertsitateetan zaintzari lotutako gradu gehiago ikastea —gizonek baino— ez da kasualitatea. Eta ez da kasualitatea, gure kuadrillako bikote heterosexualetan, neska arduratzea gizonaren zaintza afektibo guztiaz. Adibide mordoa daude; mahai gainean jarri behar dira, zaintzaren afera azaleratzeko.
DAVILA: Azpimarratzekoa da gure borroka intersekzionala dela, eta gure subjektuen artean egoera oso diferenteak daudela. Guk pribilegio egoera batetik hitz egiten dugu; zaintza sistema honek beste subjektu batzuk askoz gehiago zapaltzen ditu. Hala ere, gu ere zeharkatzen gaitu; horretara goaz Baterajotzera: zaintzaren auziak nola zeharkatzen gaituen hausnartzera eta egunero nola eragiten digun aztertzera.
Aitana Davila Zaldua eta Uxue Alkorta Iturbe. Euskal Herriko Neska* Gazteak sareko kideak
«Zaintzaren auziak nola zeharkatzen gaituen hausnartzera goaz»
Urriaren 13tik 15era, Baterajotzea egingo dute Usurbilen. Xede nagusia izango da azaroaren 30eko grebara gazteok euren «ekarpena» egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu