Ainhoa Olasok (1998, Durango, Bizkaia) Bilgune Feministako kide gisa hartzen du parte mugimendu feministan. Hala aritu da azken urteetan landu diren prozesu guztietan, besteak beste, Denon Bizitzak Erdigunean plataforman eta iazko greba feminista orokorrean. Talaia horretatik kokatu eta garatu du aurtengo Emakumeen Nazioarteko Eguneko mezua. Zaintza doako eskubide unibertsal bat izan dadin zer bide urratu den eta urratzeko dagoen azaltzeaz gain, indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloen gaineko gogoeta abiatu beharraz ere aritu da.
Azaroaren 30eko greba feminista orokorrak lortu zuen zaintza sistema publiko eta komunitarioaren eskaera gizarteratzea. Nabarituko da Martxoaren 8ko aldarrietan?
Urtarrilaren 28an egin genuen batzar feminista nazionala, Gasteizen. Hori izan da greba orokorraren prozesuaren balorazioa egiteko eta aurrera begirako pausoak erabakitzeko espazio nazionala. Martxoaren 8a borroka egun inportantea da mugimendu feministarentzat, eta garai aproposa iruditzen zitzaigun zaintzen borroka horrek bere presentzia edukitzeko kalean. Euskal Herriko Mugimendu Feministatik lelo komun batekin aterako gara, azken urteetan egin dugun moduan: Gure bizitzekin negoziorik ez. Arduratu zaitezte ja. Horrekin, zaintzen ardura duten erakundeak eta gizonak interpelatu nahi ditugu. Zaintzen duten emakumeen prekaritatea salatu nahi dugu, baina indarkeria matxista ere salatuko dugu.
Grebaren itzalean dator, beraz, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Nola antolatzen da greba orokor feminista bat?
Pandemiaren eraginez, mugimendu asko apaldu egin ziren, feministarena barne. Eta prozesu honek berraktibazioa moduko bat ekarri du. Esfortzu, lan eta ardura handiko anbizio bat egon da mugimendu feministan. Klabea izan da zaintza lanetan dabiltzanekin eta etxeko langileen kolektiboekin egin izana prozesu hau. Sindikatuekin elkarlana ere ezinbestekoa izan da, zaintzen gaia lan eremura eramateko, bestelako dimentsio batzuk topatzeko, greba antolatzeko...
Zaintza sistema publiko eta komunitario bat aldarrikatzen duzue. Nola jarri ziren oinarriak?
Bizitzak erdigunera ekarri behar direla aldarrikatzen ari gara mugimendu feministakook. 2018ko eta 2019ko greba feministek mugarri bat jarri zuten prozesu honetan. Pandemiaren ostean, egoeraren larritasuna agerian geratu zen, eta iruditzen zitzaigun erantzun feminista eta integral bat behar zela. Orduan hasi ginen mugimendu feministatik definitzen zaintzen krisia deitu dugun egoera honetan zaintza eskubide kolektibo gisa nola bermatu. Hau da: bizitza osoan, herritar denok zaintzeko eta zainduak izateko eskubidea bermatua izan behar genuela. Hainbat jardunaldi eta gogoeta gune zabaldu genituen zaintza arloan dabiltzan etxeko langileekin, sindikatuekin, kolektiboekin, mugimendu feministako kideekin eta beste batzuekin. Eztabaida mamitsu askoren ostean osatu dugu herri akordioa deitutakoa: gure ustez, zaintza sistema publiko eta komunitariorako bidean orain nahitaez hartu beharreko neurrien taula bat da.
Nola jar liteke hori martxan?
Uste dugu zaintza sistema publikoaren eta komunitarioaren ereduan arlo publikotik eutsi behar zaiela zaintza lan askori, zaintzako langileen baldintza duinak bermatzeko modua delako hori, eta bizitzei eusteko ardura erakundeek hartu behar dutelako. Baina, halere, komunitariotik ere lan asko egiten da sarean, lagun artean, familian... eta horiek ezin dira ezkutatu edo galdu: potentzialitate handia du hor egiten den lanak ere. Alde horretatik eraldaketa bat egin nahi da, komunitatean egiten den lan hori emakumeen gain bakarrik ez geratzeko. Kasu honetan, gizonak interpelatzen ditugu, ardurak har ditzaten. Bestetik, jarri gara pentsatzen zein lan egin beharko liratekeen arlo publikotik eta zein komunitariotik, eta nola bultzatzen den lan komunitario hori egiteko konpromisoa; erantzukizun hori nola har dezakeen norbanakoak.
Nola josten dira akordio horiek?
Grebara bitarte aritu gara ordura artekoa prestatzen, baina, greba pasatu ostean, sindikatuen arteko estrategia komun bat josten saiatzen ari gara. Etxeko langileekin ere josi ditugu aliantzak. Orain berdintasun teknikariekin gabiltza, erresidentzietako senide batzuk antolatuta daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta haiekin ere bagabiltza, herri akordioa sinatu duten eragileekin ere lanketa bat egiteko plana dago... Aliantzak askotarikoak dira, eta ezinbestekoak.
«Erakundeek itunetan aipatzen dituzte 'publiko' eta 'komunitario', baina iruditzen zait hitzak lapurtu dizkigutela»
Zer elkarrizketa dituzue erakundeekin?
Greba egunean bertan interpelatu genituen, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua batez ere. Abenduaren 1ean ere agerraldi bana egin genuen Gasteizen eta Iruñean, bilerak eskatzeko, eta bietan erregistratu genituen bilerak erakundeen arteko mahai bat eskatzeko. Ez dugu erantzunik jaso. Prozesu honetan ibili garen eragile guztiek adostasun batzuk topatu ditugu, gehiengo baten artean zaintza sistema publiko eta komunitarioaren alde lerrokatzea lortu dugu, eta agentzia horrekin guztiarekin interpelatu ditugu gobernuak, eta ez da erantzunik egon. Nahiko nabarmen geratzen ari dira.
Baina erakundeen agendetan badago gaia, ezta?
Mugimendu feministak bestelako eragileekin eta sindikatuekin batera lortu du agenda bat markatzea. Analisi bat egin dugu, testuinguru honetan dauden egoera prekario eta kolapsatuak azaleratzeko. Ez hori bakarrik: proposamen zehatzetara jo dugu. Hori guztia agerian uzteak eragin bat izan duela ematen du. Entzun dugu itun bat egin dutela, kanpainaurreagatik izan liteke agian, baina argi eta garbi ikusten dugu erreakzio bat dela, aurretik egindako lanarengatik.
Eusko Jaurlaritzak egin duen itun proposamena aintzat hartuz gero, kontzeptu berak ageri dira.
Eusko Jaurlaritzak, aldundiek eta Eudelek aurkeztutako itunean aipatzen dute zaintza sistema publiko eta komunitarioa, baina iruditzen zait hitzak lapurtu dizkigutela. Proposamen batzuk egiten dituzte, baina ez daukagu proposamen horren bideragarritasunaren berri, ez daukagu proposamen horren aurrekontuaren berri, ez noiz hasiko diren neurri horiek martxan jartzen, ez bermerik ezer aldatzeko. Guk interpelatzen eta mobilizatzen segituko dugu, proposamen integralak exijitzeko.
Zer eskatuko zenieke erakundeei?
Uneotan, herri akordioa oinarritzat hartuta, horren bueltan batu garen mugimendu feminista, eragile, sindikatu eta etxeko langileen elkarte eta adituekin batera esertzeko, eta, batez ere, emergentziazko erronkak identifikatzeko, neurriak hartu ahal direlako oraintxe. Planteamendu bat egin dezatela eta egutegian jar ditzatela egin ahal diren gauza guztiak. Neurri batzuk oraintxe hartu behar dira, egoera premiazkoa baita.
«Ezinegon bat dago indarkeria matxistaren aurkako protokolo batzuen mugen inguruan»
Eraso matxisten aurka mobilizazio jendetsuak egin dira azken hilabeteotan. Zer uste duzu protesten eta salaketen ugaritzeari buruz?
Mugimendu feministak urteak daramatza protokoloak lantzen, erasoak salatzen, kudeatzen, erasoak prebenitzeko politikak eskatzen eta baliabide gehiago galdegiten. Ezinbestekoak dira kaleko erantzunak ere. Segituko dugu horretan, protokoloak begiratzen, berridazten. Uste dut sumatzen ari dela ezinegon bat indarkerien gainean hausnartzeko, ezinegon bat protokolo batzuen mugen inguruan. Tresna berriak sortzeko gogoeta bat badago. Indarkeria matxisten gaia hizpidera ekartzen segitu beharko da, ezinbestean, oraindik ere salaketa askoren berri iristen zaigu-eta hainbat bidetatik.