Zaintzarako udal ereduak

Bartzelonako, Amurrioko, Elorrioko eta Pasaiako udalek zaintza lanak erdigunean jartzen saiatzeko sortu dituzten tresnak aztertu dituzte Virginia Woolf Basqueskolak Bilbon antolatutako jardunaldietan

Virginia Woolf Basqueskolak atzo Bilbon zaintzei buruz antolatutako jardunaldietako parte hartzaileen irudi bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
«Orain arteko ereduan, zaintza beharrak zituen pertsona zen eskaintzen ziren baliabide eta zerbitzuetara egokitu behar zena, baina guk alderantzizkoa nahi dugu, zeta zerbitzuak izan daitezela pertsona horren behar, eskari zein borondatearen egokitzen direnak». Birformulazio sinple horren bidez azaldu zuen atzo Loreto Osa zinegotziak Pasaiako Udalean (Gipuzkoa) zaintzei buruz egin nahi izan duten ikuspegi aldaketa. 2020an jarri zuten abian Pasaia HerriLab izeneko programa, eta, aurrekontu «txikia» izan dutela onarturik ere, paradigma aldaketa horrekin lortutakoaren berri eman zuen zinegotziak Virginia Woolf Basqueskolak, bere hamargarren urteurrenaren aitzakian, Bilbon, zaintzari buruz antolatutako jardunaldietan. Bartzelonako, Elorrioko eta Amurriko udaletan martxan diren zaintzari lotutako beste esperientzien berri jasotzeko aukera ere izan zuten joandakoek.

«Zeharkakotasuna» izan zen atzo gehien errepikatu ziren hitzetako bat. Amurrioko Udalean, 2020an ezarri zioten beren buruari zaintzak «itsasargi» modura ezartzeko betebeharra, eta, han ere, udaleko alor guztiak zeharkatzen dituen programa bat izan dute helburu. Diagnosia egiten aritu dira geroztik, eta orain hasiko dira politika praktikoak martxan jartzen. Besteak beste, inbertsioak sustatzeko baldintza modura jarriko dute zaintzak kontuan hartu beharra, eta kontuan hartuko dute esparru hori udal kontratazioetan ere.

Idoia Buruaga Elorrioko alkateak azaldutakoaren arabera, 2018an jarri zuten haiek zaintzak kontuan hartuko zituen programa bat martxan. «Osasun langileek helarazi zioten udalari herrian zebiltzan zaintzaile gehienak emakumezko migranteak zirela, eta galdu xamar ikusten zituztela». Gehienak prestakuntza espezifikorik gabe ari zirelako.

Hogei pertsonako talde bat jarri zuten martxan orduan. Formazioa eskaintzeaz gainera, euren eskubideei buruzko informazioa ere helarazi zieten programa haren bidez emakume haiei, eta ekintza hark izandako eraginaz aritu zen alkatea atzoko jardunaldietan. Talde haiei esker, besteak beste, euskara ikasteko bi talde sortu zituztelako emakumeek, eta saretze hari esker identifikatu ahal izan zutelako emakume haietako baten aurkako bortizkeria kasu bat ere.

Hiria herrixkatan puskatzea

Bartzelonan martxan diren proiektuen berri eman zuen Sonia Fuertes hiriko udaleko Gizarte Ekintzako mandatariak. Hiri hartako biztanleriak nabarmen gainditzen ditu atzo beren ereduak aurkezten izan ziren Euskal Herriko herrien kopuruak, baina, Fuertesek zehaztu zuenez, hain zuzen, hiria 10.000 eta 30.000 biztanleko herrixka modukotan zatikatzea da udalaren programetako baten ideia. Haren hitzetan, kopuru horietan errazagoa baita komunitateak sortu eta zaintza sistemak bideratzea.

«Zeharkakotasuna» aipatu zuen berak ere ezinbesteko baldintzatzat. «Egungo egoera ziurgabe honetan, ea gai garen zaurgarritasuna bizitzaren parte dela ulertzeko, nahiz eta ez gaituen denoi berdin eragiten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.