Felix Arrieta. Gizarte zerbitzuetan aditua

«Zaintzan ez dago leihatila bakarra, erreferente bakarra»

'Zaintzaren hariak' liburua argitaratu berri du Arrietak, eta zaintza sistema maizegi nolako «mataza» den azaldu du; beste eredu bat lantzen hasteko deia egin du.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2023ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Dragoi bola marrazki bizidunen telesaila ikusiz hazi zen belaunaldiaren parte dela nabarmentzea gustatzen zaio Deustuko Unibertsitateko Gizarte Laneko Graduko irakasle Felix Arrietari (Donostia, 1982); ETBn ematen zuten, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan autogobernuaren bidez eraturiko erakunde eta egiturek oraindik berri usaina galdu gabe zuten urte haietan. 40 urte inguru dituzte orain telebista aurrean egoten ziren haur haiek, eta Euskal Herriaren geroa berrasmatzen laguntzeko edade egokia dutela uste du Arrietak: bide horretan ekarpenak egitekoa. Zaintzaren gaineko kezkak aparteko tokia hartu du urteotan, orain dela lau hamarraldi irudika ere egin ez zitekeen eran, eta, bere jakintza eremuaren barruko gaia denez, gogoetarako bidea eman du Zaintzaren hariak. Oihal berri baterako bideak ehuntzen liburua idatzita.

Adibide bat erabili duzu liburuan egun zaintza behar duten pertsonek eta familiek usu dituzten arazoak azaltzeko. Koro izeneko andre baten ibilerak irudikatu dituzu. Egokia den baino ate gehiago jo beharko ditu bidean. Zaintza zerbitzuak zeinen zatikatuta dauden azaldu nahi izan duzu horrela?

Hori da. Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa; biak aipatu ditut liburuan, zeren eta bietan egoera diferentea da, baina funtsean badute zerbait komuna. Euskal Autonomia Erkidegora begira, bi hitz erabiltzen ditut: artxipelagoa eta mataza. Artxipelagoa oso metafora egokia da bertako egoera azaltzeko, ez baitaukagu gizarte zerbitzuen eredu bat: hiru dauzkagu. Gipuzkoakoa, Bizkaikoa, Arabakoa. Horri konponbide bat eman beharko litzaioke, eta hori ere bada liburu honen parte. Baina funtsean liburu honetan gehiago hitz egiten dut matazaz, eta mataza desegin beharraz. Matazak zer esan nahi du? Bi adiera dauzka. Lehena: ez dago leihatila bakar bat, erreferente bakar bat, zeinetara joan daitezkeen Kororen moduko pertsonak beharra sentitzen dutenean. Bigarrena: matazaren eraginez, galdu egiten dira labirinto horretan, eta ondorioz, profesionalen eta zerbitzuen erreferentzialtasuna galtzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoan da bereziki korapilatsua mataza: udalek, aldundiek eta Jaurlaritzak. Denek dute zeresana. Ez du batere laguntzen, ezta?

Ez du laguntzen. Maila batean, Jaurlaritzak oso rol txikia dauka; izan behar luke gehiago: lidergoa izan beharko luke. Funtsean, aldundien eta udalen arteko elkarrekintza batean antolatzen da sistema. Baina galerak egoten dira: espazio grisak esaten diet.

Nola saihestu halakoak?

Lehen mailako arreta funtsezkoa da. Pandemiak ere erakutsi digu osasunaren arloan lehen mailako arreta zer garrantzitsua den. Orduan, galdera proposatu dut: ez genuke pentsatu behar lehen mailako artak bat eta bakarra izan behar lukeela osasunaren arloan eta gizarte zerbitzuenean?

Proposatzen ari zara lehen mailako osasun arreta gizarte zerbitzuekin hobeto koordinatzea?

Nire proposamena da sistema bakar batera egitea. Seguruenera zentzua du gizarte zerbitzuetako sistema bat eta osasun sistema bat edukitzeak, zeren eta arreta objektuak ezberdinak dira, baina oinarrian, tokiko mailan, lehen arretak agian bat izan behar du; eraldaketa egin behar dugu lehen mailako arreta bat izateko, eta lehen mailako zentro horiek, espazio horiek, bateratzeko. Egongo dira arazo batzuk osasunekoak, beste batzuk gizarte zerbitzuetakoak, baina badaude arazoak ikuspegi komunetik arta daitezkeenak.

Transformazio handia da.

Oso handia; ez da egun batetik besterakoa. Baina begirada luzera begira jarri behar dugu, eta esan behar dugu horrelako begirada bat izateko prest gauden, egiturazko aldaketak egiteko. Horrek behar du adostasun politikoa.

Zaintzarekin lotuta ateratzen ari dira mahai gainera hainbat debate. Esaterako, zaintza zerbitzuengatik egin behar izaten den berrordainketa auzitan jartzen ari dira hainbat ahots. Aintzat hartzekoa da gaia, ezta?

Bai. Seguruenera aldaketa kontzeptual bat egin behar dugu. Batek pagatu behar du arreta zerbitzu bat izateagatik? Nik esango nuke ezetz. Batek pagatu behar du, ordea, ostatu zerbitzu bat izateagatik? Seguruenera hor erantzuna ezberdina da. Beraz, banatu egin beharko genuke, eta ikusi egoitza batean, adibidez, zer den arreta zerbitzua, zer ostatu ematekoa, eta hor eztabaida findu.

Zaintzaile egoiliarren lana desagertzeko eskatzen ari dira, halaber, beste hainbat ahots.

Hori ere aintzat hartzekoa da, bai. Eta, gainera, zaintzaile egoiliarren egoera probokatua izan da, neurri batean, [Espainiako] Mendekotasun Legearen ondorio txarrengatik. Hasierako filosofia zen: zerbitzu publiko batzuk sortuko ditugu, eta salbuespen egoeratan diru laguntzak emango ditugu. Zer gertatu da? Justu kontrakoa. Eta maila batean egoiliarren eztabaida dator indartu egin direlako diru laguntzak, eta bada jendea esaten duena: «Nik nire laguntzarekin kontratatuko dut iruditzen zaidana». Beraz, hor zer egin behar dugu? Bat: birpentsatu zer zerbitzu publiko ditugun etxean dauden pertsonentzat, zeren eta argi dago gaur egun dauden zerbitzuek ez dietela beharrei erantzuten eta beste bide batzuk landu behar direla. Eta bigarren egitekoa da, eta uste dut aldundi batzuk hasi direla horretan, honakoa: erregulatu beharko da zer baldintzatan egongo diren pertsona horiek etxeetan. Egoerari konponbidea eman behar diogu pertsonen lan baldintzak eta duintasuna errespetatuta. Izan ere, zera izan behar da kontuan, zaintza izan daiteke sektore ekonomiko garrantzitsu bat, indartsua: sor daitezke kooperatiba onak, jendea baldintza onekin eduki lanean, baina horrek eskatzen du diru laguntzetatik aparte zaintza beste modu batean formulatzeko aukera bat izatea.

Feminismoak egin duen ekarpena nabarmendu duzu liburuan.

Asko zor diogu, hasieratik esaten dut; feminismoarekin zorretan izango gara, feminismoak jarri baitu gai hau lehen lerroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.