EHUko irakaslea eta Soziologian doktorea

Matxalen Legarreta: «Zaintzak gizartearen ardura izan behar du»

Zaintza behar duten pertsonentzako zerbitzuak modu komunitarioan eskaintzen hasi dira zenbait herritan. Etxean bizi diren adinekoen bizi kalitatea hobetu nahi dute zaintza ekosistemaren bitartez.

Matxalen Legarreta Soziologian doktorea
Matxalen Legarreta, Soziologian doktorea. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Egibar Izeta
2024ko otsailaren 28a
05:00
Entzun

Euskal Herriko zenbait herritan hasiak dira zaintza ekosistemak osatzen: Usurbil, Zestoa, Urretxu, Pasaia (Gipuzkoa)... Pasaia Zaintza HerriLab programak zortzi urteko eskarmentua du, eta, besteak beste, adineko pertsonak egoitzetan sartzeko adina atzeratzea ahalbidetu du. Zortzi urte hauetan lortutako emaitzak «positiboak» direla esan du Matxalen Legarreta (Igorre, 1977) EHUko irakasle eta Soziologian doktoreak; izan ere, berak ebaluatu du Pasaiako zaintza ekosistema garatzeko programa.

Zainketen tokiko ekosistemez hitz egiten dugunean, zer hartu behar da kontuan? Zer esan nahi du zainketen tokiko ekosistemak?

Luzera begirako zaintza eredu berriak sustatzeko saiakerak dira zainketen tokiko ekosistemak. Batetik, zaintza komunitarioa lortu nahi da eredu berri horren bidez, hau da, leku desberdinetan artatzen eta erantzuten duen sarea izatea, zaintzaren ardurak ezin baita soilik etxean eta senitartekoen bizkar gainean egon; bestetik, zaintzako langileen arteko koordinazioa eta elkarlana bultzatu nahi da zainketen tokiko ekosistemaren bidez. Zaku horren barruan sartuko lirateke zerbitzu publikoak, pribatuak eta komunitarioak.

Prebentzioan oinarritzen da zaintza ekosistema. Zainketen tokiko ekosistemak aukera ematen du kolektiboa zabaltzeko; programak bere gain hartzen ditu zaurgarritasun edo hauskortasun egoeran dauden pertsonak, eta, oro har, zaintza behar duten pertsonak.

Pertsona kalteberez hitz egitean, zer soslaitako pertsonaz ari gara?

Ohiko zaintzak mendekotasun egoera jakin batzuk bakarrik hartzen ditu kontuan; zaintza ekosisteman, berriz, Pasaiako egoera aztertzen badugu, egoera konplexuak ere aintzat hartzen ditugu. Zaintza ekosistemak zaurgarritasun egoera desberdinak biltzen ditu: ez gara soilik osasun fisikoaz hitz egiten ari, bakardade egoeran dauden pertsonez ere ari gara hizketan.

Zer ondorio ateratzen dituzu aipatutako programa pilotu horretatik?

Emaitza positiboak eman ditu programa pilotu honek. Ikusi dugu erabiltzaileak gustura daudela, eta, horretaz gain, zaintza behar dutenen soslaia zabaldu egin da; asebetetze maila handia da, sentitzen dute badakitela norengana jo behar duten zerbait nahi dutenean. Gainera, azkar bideratzen dira beren beharrak, eta hori ondo funtzionatzen duen seinale da.

Senitartekoek zer diote?

Senitartekoek ere balorazio positiboa egiten dute. Batez ere, gizarte zerbitzu desberdinak erabiltzen dituztenean: adibidez, etxez etxekoa edo eguneko zentroak erabiltzen dituztenean, familien zama arindu egiten da, eta lan gutxiago hartzen dute beren gain. Gainera, senitartekoek ikusten dute familiako kidearen osasun fisikoa eta psikologikoa ere hobetu egiten dela zerbitzu horien laguntzarekin.

Kasu askotan, etxea izan da zaintzaren erdigunea —etxeetan dauden emakumeen gain egon ohi da zaintzaren zama—.  Zure ustez, etxeak izan behar du aurrerantzean ere zaintzaren gunerik garrantzitsuena?

Orokorrean familian oinarritutako eredu batean bizi gara, eta zaintza ekosistemak eredu aldaketa bultzatzen du. Eredu tradizionalean, batez ere emakumeak egiten dira etxeko zaintzaren kargu; zaintza beren arduratzat hartzen dugu. Egoera aldatu nahi da zaintza ekosistemaren bidez: gizartearen ardura izan behar du zaintzak. Aktibazio komunitarioarekin landu egiten da parte hartzea, eta deszentralizatu egiten da familiaren zaintza. Komunitateak eta zerbitzu publikoek garrantzi handiagoa hartzen dute zaintza ekosistemaren bidez; beste modu batean esanda, zaintza partekatu egiten da senitartekoen eta beste agente eragile batzuen artean. Horrela, arazo indibiduala arazo kolektibo bilakatzen da.

Ez al dago arriskurik, zaintza etxean jasotzen denean, zaintza premia batzuk ezkutuan eta etxekoen bizkar geratzeko?

Etxean bizitzea ahalik eta gehiena luzatzea da zaintza ekosistemaren azken helburua, eta, noski, hori laguntzaren bidez egin behar da, hau da, beste errekurtso batzuk erabilita. Familiaren lana garrantzitsua da, baina zaintzaren lana beste langileen eskuetan ere uztea da helburua. Zaintza etxean oinarrituta, ezin da familiaren gain jarri zama guztia, langile profesionalekin partekatu behar da.

Zaintzaileen balorazioa ona da. Zertan laguntzen die zaintza ekosistemak? Zer baliabide eskaintzen dizkie?

Pasaian ikusi dugu gizarte zerbitzuetako langileek garatu dutela lana egiteko eredu berria. Horren ondorioz, hurbilagoa da erabiltzaileekin eta zaintza beharrak dituztenekin daukaten harremana. Hori langileek era positiboan baloratu dute, zaintza behar dutenen beharrak hobeto ezagutzen baitituzte. Aldi berean, erabiltzaileek ere hobeto baloratu dute zaintzaileek eginiko lana, beren beharrei hobeto erantzuten diete eta. Inkestek frogatzen dute era koordinatuan lan eginda gusturago ari direla lanean, gehiago asebetetzen dira lan dinamika berrien bidez. Hori guztia posible izan da, besteak beste, Pasaiako gizarte zerbitzuen berrantolaketari esker.

Alde batetik, gizarte zerbitzuen barnean dauden proiektuak daude Pasaian: etxez etxeko zerbitzua, eguneko zentroa, goizeko arreta...; beste alde batetik, proiektu estrategikoak eta esperimentalak deitzen diren zerbitzuak daude, Matia fundazioak, Adinkidek, Hurkoa fundazioak, Ok en Casa-k… eskainitakoak. Proiektu publiko eta pribatu horietako langile guztiak egokitu egiten dira erabiltzaileen beharretara, eta bata bestearen osagarri bihurtzen dira.

Telelaguntzako zerbitzuan 80 urte baino gutxiago dituzten pertsonek goizago ematen dute alta zerbitzuan. Horrek zer erakusten du?

Egindako balorazioan ikusi dugu adineko pertsonen autonomia eta beren buruarekiko pertzepzioa aldatu egiten dela: autonomia eta ongizatea hobetu egin da. Asistentzia zerbitzuak eskatzen eta erabiltzen dituzte, konturatzen baitira azken hauek beharrezkoak direla beren ongizatea sustatzeko. Era berean, adinekoen gaitasun desberdinak garatzen dituzte, hori ere aztertu dugu programaren balorazioan. Azken finean, kasu hau gaitasun bat izan daiteke, ezta? Telelaguntza zerbitzua eskatzean gaitasun teknologikoak garatzen dituzte, baita premia berriak identifikatzeko gaitasuna ere.

Beste herri batzuetan ari dira garatzen zainketen tokiko ekosistemak?

Egoera desberdinetan dauden udalerriak aurkitu ditzakegu. Zestoako zaintza ekosisteman lanean aritu ginen hastapenean. Hasierako bi urteetan egon ginen bertako ekosistema lantzen eta aztertzen. Bestalde, badakigu HerriLab estrategiaren barruan badaudela beste udalerri batzuk. Garrantzitsua eta interesgarria da jakitea zaintza ekosistemak tokian tokikoak izan behar direla; udalerri bakoitzaren ezaugarriei eta beharrei erantzuten sortu behar da zaintza ekosistema. Pasaiakoa eta Zestoakoa, adibidez, ezin dira alderatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.