Matxalen Legarreta. EHUko irakaslea eta ikertzailea

«Zaintzak eta egoitzak ez dira negozio bat; beharrezkoak dira»

Pandemian zehar zahar etxeetan lan egin duten zaintzaileen baldintzak ez dira errazak izan askotan. Legarretak nabarmendu du langileek egoera «triste» eta «gogor» bati aurre egin behar izan diotela.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
iraia vieira gil
Bilbo
2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Zahar etxeen eredua aldatzeko borroka jardunaldiak antolatu zituen atzo ELA sindikatuak, Deustuko Unibertsitateko Icaza aretoan (Bilbo). Matxalen Legarreta EHUko irakaslea da eta COVID-19aren eragina adinekoen egoitzetako zaintza lanean ikerketaren egilea. Bertan izan zen, eta pandemia garaian zahar etxeetako langileek jasan behar izan zituzten lan baldintza latzak salatu zituen bere hitzaldian.

Zein eragin izan zuen zahar etxeetan 2020ko etxeratzeak?

Hasieran, kaotikoa izan zen oso. Segurtasun falta eta ezjakintasuna ziren langileen artean gehien zabaldu ziren sentipenak. Ez zeukaten birusari aurre egiteko materialik, eta administrazioak egoera kudeatzeko bidaltzen zituen protokoloak egun batetik bestera aldatzen ziren.

Zein zen langileen egoera?

Askok baja hartu zuten, kutsatuta zeudelako, beldur zirelako edo estresaturik zeudelako. Egoerari aurre egiteko ohi baino langile gutxiago zeuden, eta lan egiten jarraitu zutenek lanaldiak luzatu behar izan zituzten. Hamar ordutik gora egiten zuten lan, jaiegunik hartu gabe eta birusa zentrora sartzeko edota etxera eramateko beldurrez.

Egoerari aurre egiteko neurririk hartu ahal izan zuten?

Estrategia nagusia langileen arteko laguntza bermatzea izan zen. Eta hori gakoa izan zen egoitza gehienetan. Bestalde, ez kutsatzeko ahal beste neurri hartu zituzten. Hasieran, egoitzetan bertan materialik ez zegoenean, haiek eramaten zituzten beren maskara eta eskularruak. Askok etxera heldu bezain laster arropa erantzi eta garbigailua jartzen zuten, ahalik eta tenperaturarik beroenean.

Egoiliarrekin zuten harremana aldatu egin zen?

Ezarritako babes neurriekin zaila zen zaintza harremanak garatzea. Maskarak, pantailak eta horrelakoek langilearen nortasuna ezkutatzen dute. Egoiliarrak nagusiak dira, eta askok ez dute ondo entzuten, ez dute ondo ikusten edota alzheimerrak eragindako arazoak dituzte. Zaintzarako kontaktua behar dute.

Nola jardun zuten langileek egoera horretan?

Beren izenak idatzi zituzten laneko arropetan, koloretako maskarak erabiltzen hasi ziren, eta irribarreak margotu zituzten horietan. Adierazkorrak izaten saiatu ziren, baina inolako kontakturik izan gabe.

Jarrera orokortua izan zen hori?

Madrilgo, Kataluniako eta Euskal Herriko zahar etxeak aztertu ditugu guk, eta guztietan izan dira horrelako jarrerak. Halere, egoitza txikietan apalagoa izan da birusaren intzidentzia. Madrilen, gainera, ezin izan zituzten gaixoturiko egoiliarrak ospitaleetara eraman. Gainezka zeuden, eta gazteei eman zieten ospitaleratzeko lehentasuna. Adinkeria da hori, diskriminazio modu bat.

Zaintzaile izateaz gain, erizain ere izan ziren langile asko.

Bai. Haiei egokitzen ez zaizkien lan asko egin behar izan zituzten. Egoiliarren heriotzak ere haiek kudeatu behar izan zituzten. Ez zekiten nola. Oso gogorra eta tristea izan zen haientzat, batez ere hiltzeko zorian zeudenek familiaren bisitarik jaso ezin zutenean. Psikologikoki ere eragin zien.

Zergatik izan da bereziki handia COVID-19aren eragina zahar etxeetan?

Baldintza estrukturalengatik. COVID-19aren aurretik ere funtzionatzen ez zuten gauzak mantentzen zituztelako. Langileen kopurua txikia zen, babes material nahikorik ez zuten, protokoloak ez ziren egoitzen beharretara egokitzen...

Zahar etxeak kudeatzen dituzten enpresek zer hobetu behar dute antolaketari dagokionez?

Zaintza eta egoitzak ez dira negozio bat. Bizitzeko beharrezkoak dira, eta bertako baldintzek onak behar dute izan. Ez dute mozkinik atera behar; zaintzaren ereduaren kontra doa hori. Zaintza era duinean jaso eta ematea guztion eskubidea izan behar da.

Askok etxean lan egiten duen zaintzailea kontratatzen dute.

Askotan zaintzaile horrek ez du baldintza duinetan lan egiten. Hogeita lau orduko zaintza eman ahal izateko bost pertsona beharko lirateke guztira. Bakoitzak zortzi orduko lanaldia izan dezan, eta bi jaiegun. Zaintza eredua etxean mantentzeko modua da, bai, baina emakumeek egiten jarraituko dute, eta modu prekarioan, gainera.

Zaintza, oro har, maskulinizatutako lana izango balitz, baldintzak hobeak izango lirateke?

Orokorrean, maskulinizatutako lanak hobeak dira. Medikuena da eredu adierazgarriena, agian. Medikua izatea duina da; zaintzailea izatea, ez hainbeste. Sektore honetan, langile gehienak emakumeak dira; egoiliar gehienak ere bai. Ez da kasualitatea. Lan hau prekarioa izateko arrazoietako bat bada emakumeena dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.