Zaintzaileak eta etxeko langileak erdigunean jarri dituzte sindikatuek

ELAk etxeko langileen prekarizazioa eteteko eskatu du, eta LABek zaintza sistema publiko-komunitarioa aldarrikatu du. Erakunde publiko eta alderdi politiko nagusiek bat egin dute Emakumeen Nazioarteko Egunarekin.

ELA SINDIKATUA
ELA sindikatuak gaur Gasteizen egin duen mobilizazioa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki – Aitor Biain – Julen Otaegi Leonet
2024ko martxoaren 8a
18:40
Entzun

Mugimendu feministak emakumeen «lan indarra esplotatzen duen sistema heteropatriarkalari aurre egitea» dauka helburutzat, eta, horren harira, sindikatuek badute zeresana. Kalera atera dira Emakumeen Nazioarteko Egunean, eta goizean egindako mobilizazioetan etxeko langileak eta zaintzaileak jarri dituzte erdigunean. Hain zuzen, etxeko langileen prekarizazioa salatu du ELA sindikatuak, eta zaintza sistema publiko-komunitarioa aldarrikatu du LABek.

Gasteizen egin duen ekitaldian, ELAk aldarrikatu du etxeko langileei antzeko beste sektore batzuetako lan hitzarmenak aplikatu behar zaizkiela. Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, etxez etxeko zerbitzuko langileen ituna aplikatzeko eskatu du; Nafarroaren kasuan, berriz, garbiketa sektoreko hitzarmena. Horretarako, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari galdegin die langileen estatutuaren 92. artikulua aplikatzeko, etxeko langileen sektorean ezin baita lan itunik hitzartu, ez baitago horretarako legitimazioa duen alderdirik. Hego Euskal Herrian 35.000 langile inguru daude, sindikatuaren arabera.

«Garaia da administrazioek erantzukizuna beren gain hartzeko eta kolektibo horrek lan baldintzetarako estaldura lortzeko legezko aukerari bide emateko», adierazi du Leire Gallego ELAko genero gaietako arduradunak. Ekitaldia amaitu ondoren, manifestazioa egin dute Europa Jauregitik Eusko Jaurlaritzaren egoitzaraino.

LAB sindikatuak zaintza sistema publiko-komunitarioa aldarrikatu du Gasteizen, Iruñean eta Baionan egindako mobilizazioetan. Azaroaren 30eko greba feminista orokorrak ekarritako mugarria izan du gogoan Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak: «Zaintza sistema eraldatu gabe, emakumeen eta gizonen berdintasunaz hitz egitea erretorika hutsa da. Zaintza lanak banatu eta kolektibizatu egin behar dira». Zaintza sistema publiko-komunitariorik gabe bizitzak eta lanak prekarizatu egiten direla ohartarazi du: «Zaintza kate globalak emakume batzuen bizitzak are gehiago esplotatzea dakar».

LAB SINDIKATUA
LAB sindikatuak Iruñean egindako mobilizazioa, gaur. IDOIA ZABALETA / FOKU

Grebaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak agendan jarri dute zaintzaren gaia, «baina ez egoerak eskatzen dituen erantzunak emateko», Aranbururen hitzetan: «Feminismoaren hainbat kontzeptu bereganatu dituzte, eta zuriketaren eta desitxuratzearen jokoan sartu dira». EAJri leporatu dio «eredu berririk» ez ekartzea haren proposamenetan, «ez baitago pribatizazioa amaitzeko eta zaintza sistema publiko-komunitarioa eratzeko inolako asmorik».

Hego Euskal Herriko erizainek ere protestak egin dituzte Gasteizko, Donostiako eta Iruñeko osasun zentroen aurrean, SATSE sindikatuak deituta. Pairatzen duten «diskriminazioa» salatu dute, eta Osakidetzari eta Osasunbideari egiturazko aldaketak eskatu dizkiete, lanbidea bera eta profesionalen lana behar bezala aitortzeko.

Genero ikuspegia

Sindikatuek ez ezik, Euskal Herriko erakunde publiko nagusiek ere bat egin du Martxoaren 8arekin. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin eta Eudelekin, adineko emakumeek belaunaldi gazteenen ahalduntzean egindako ekarpena goraipatu du. Iragarpen bat ere egin du Jaurlaritzak: kontratazio publikoan genero ikuspegia txertatzeko jardunbide bat onartuko du datorren astearteko gobernu bileran. Ohar bidez iragarri duenez, ez da eskuliburu bat izango, erreferentziako dokumentu bat baizik, tokian tokiko kontratazio organoentzat eta arduradunentzat emakumeen eta gizonen berdintasunerako legearen aplikazioa errazteko.

«Dokumentua ez da berez helburu bat, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzeko mekanismo edo bide bat baizik», zehaztu du. Izan ere, genero berdintasuna «oinarrizko printzipioa» dela gogorarazi du Jaurlaritzak, eta nabarmendu «botere publikoen erantzukizuna» dela hori sustatzea eta bermatzea.

Nafarroako erakunde nagusiek elkarretaratzea egin dute eguerdian, Iruñean, Nafarroako Gobernuak deituta. Bilkuran, Maria Txibite Nafarroako presidenteak borroka feministaren lorpenak aldarrikatu ditu, baina ohartarazi du beharrezkoa dela oraindik politika publikoetan ikuspegi feminista aintzat hartzea, «egiturazko desberdintasuna desagerrarazteko». Izan ere, lorpen horiek «eztabaidaezinak» badira ere, emakumeen aurkako oihu antifeministak indar handiz entzun daitezke oraindik gizartean, Txibitek adierazi duenez. Hain zuzen, Txibitek berak irain matxistak jaso ditu asteon, nekazarien protesta batean. «Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oinarrizko giza eskubidea da, gizarte justu, iraunkor eta benetan demokratikoa sortzeko giltzarria», azpimarratu du.

Euskal Hirigune Elkargoak, berriz, sentsibilizazio kanpaina bat abiatu du kirolean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde, hainbat arlotan ez baitago parekidetasunik: hedabideetako tratamenduan, emakumezkoen kiroletara bideratzen diren baliabideetan, goi mailako kirolarien lansarietan eta sailez aldatzeko aukeretan, besteak beste. «Erronka da emazteei gero eta toki gehiago ematea, klubetan, federazioetan eta, bereziki, kirol zelaietan berdintasunean bizi gaitezen», adierazi du elkargoak.

Zaintza hizpide

Emakumeen eskubideen alde lerratu dira alderdi nagusiak ere. EAJk adierazi du berdintasunerako bidean «aurrerapauso handiak» eman direla, baina oraindik «bide luzea» geratzen dela egiteko. Helburu hori lortzeko, dei egin du zaintzaren eredu publiko eta komunitariorako bidea egiten jarraitzeko, «lidergo publikoan eta erantzukidetasunean oinarrituta». Izan ere, EBBk ohar bidez azaldu du orain arteko ereduak «familien eta batez ere emakumeen ardurapean» jarri dituela zaintzarekin zerikusia duten ardurak, eta salatu du «bidegabea» dela hori. Ordezkaritza politikoari dagokionez, emakumeen partaidetza aktiboa sustatzen jarraituko duela esan du alderdiak.

EH Bilduren ustez, gaur egungo zaintza sistema «krisian» dago, eta berretsi du horri aurre egiteko zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde egin behar dela. Azpimarratu du, dena den, ez dagoela hori eraikitzerik gobernantza feminista aurrera eraman gabe. «Bizitzari baldintza duin eta justuekin eusteko apustua egiteko garaia da, eta horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen diren politika guztietan». Norabide horretan, Euskal Herriko Mugimendu Feminista egiten ari den ekarpena eta lana aitortu ditu.

Alderdi sozialistak ere bat egin du Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatu diren mobilizazioekin. PSNk azpimarratu du feminismoa demokraziaren oinarria dela, eta soilik gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari esker lortuko dela «gizarteak modu duin eta bidezkoan aurrera egitea». Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ere azpimarratu du Martxoaren 8a aldarrikapen eguna dela festa eguna baino, «oraindik asko geratzen baita egiteko». Eta gizonei dei egin die kalera atera eta dagokien erantzukizuna erakusteko.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako udalek ere ekitaldiak egin dituzte Martxoaren 8arekin bat egiteko. Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalek adierazpen instituzionalak onartu dituzte goizean, Eudelen eta Emakunderen eskutik. Hamar konpromiso hartu dituzte, borroka feministaren lorpenak bistaratzeko eta aitortzeko helburuarekin. Horien artean daude, besteak beste, emakumeen ikusgaitasuna sustatzea, mugimendu feministak aintzat hartzen laguntzea, eta adineko emakumeekiko «arreta berezia» erakustea.

Iruñeko Udalbatzak ere atzo onartu zuen proposamena, eta elkarretaratzea egin dute goizean udaletxearen aurrean. Udalak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du, politika publikoen bidez eta genero ikuspegia udal arau, plan eta proiektu guztietan txertatuz. Adin guztietako gizonek parte hartzea ere bultzatuko du, «berdintasunezko maskulinitate ereduen eraikuntza sustatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.