«Zaintza Demokratizatu egitasmoak zaintzaren etorkizunari eta inplikazioei buruzko eztabaida kritiko kolektiboa sustatu nahi du», adierazi zuten elkarte berriko ordezkariek, atzo goizean Donostian egin zuten agerraldian. Gipuzkoako Senideak, Malen Etxea, Irauli Zaintza, Zaintza Babesten egoitzen erabiltzaileen eta senideen federazioa eta Zestoako 3Z elkarteak batu dira elkarlanerako. Malen Etxearen izenean, Silvia Carrizok hitz egin zuen; Gipuzkoako Senideak elkartearen izenean, Irene Coulon aritu zen agerraldian, eta Zaintza Babesten Federazioarenean, Xanti Ugarte.
Ugartek azaldu zuen zergatik den beharrezkoa zaintza «demokratizatzea». Aurren-aurrena uste du argi utzi behar dela egungo zaintza sistemak «porrot» egin duela: «Nahiz eta hainbatek propaganda asko egiten jardun, porrot egin du». Aldaketa handiak behar direla uste du. Esaterako, egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zaintza lanak, oro har, aldundien esku daude: «Guk uste dugu, ordea, gai hau gaizki dagoela aldundietan kokatuta». Erantzun global baten falta ikusten dute, herrialde guztietara begirakoa: «Jaurlaritza gai honetatik kanpo dago, eta udalak ere bai. Honi aurre egiteko, ordea, kontsentsu zabal bat behar da».
Ikuspegi askotatik
«Demokratizatze» horren premia ikusten dute arlo askotan. Legeen arloan: «Demokratizatzeak esan nahi du zaintzaren euskal sistemaren inguruko lege bat izatea. Osasunak badu lege bat, eta hezkuntzak berak... Bada, zaintzak ere behar du». Eskubideen arloan: «Demokratizatzea da langileek eskubideak izatea ere, gainerako langileen eran: haien lan baldintzek gainerakoen antzekoak» izan behar dute. Zaintza behar dutenen eta senideen parte hartze egiazkoa bermatzeko neurriei begira ere jarri behar dela uste du: «Legean jartzen du parte hartze organoak eratu behar direla, baina, gero, benetan ez daude».
Laugarren eremua berrordainketari dagokio; ahantzitako gaia dela salatu zuen Ugartek: «Diskriminazio izugarria dago alor horretan. Adinarengatik jendea baztertu egiten da; soilik era horretan uler daiteke berrordainketaren ardatza izatea zuk zure ondare guztia jarri behar izatea zerbitzu bat jasotzeko. Inori ez zaio burutik pasatzen gazte batek, egoera terminalean egonda ere, duen diru guztia erabili beharko duenik behar dituen zerbitzuak pagatzeko...».
«Demokratizatzea» beharrezkoa egiten duen beste motibo bat, hauxe: «Herrialdez herrialde, prezioak eta sarbideak aldatu egiten dira, guztiz. Eta, gure ustez, unibertsalizatuta dauden gainerako zerbitzuetan bezala, baldintza berak behar lukete herrialde guztietan». Eta aldaketarako zio behar lukeen azken motibo gisara hau zerrendatu zuen Ugartek: «Botoen %30 baino ez dituen alderdia ari da eredua ezartzen. Ez dago gaiaren gaineko debaterik. Hori ez da demokratikoa». Aldatu egin behar da:«Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak gidatu behar dute zaintza sistema: hori litzateke demokratikoa».
Lan esplotaziorako eremua
Malen Etxean andre migratzaileekin lan egiten dute, haien eskubideen alde. Usu, zaintza lanak egoera aski txarretan egin behar izaten dituzte emakume horiek, eta bidegabekeria hori konpontzeko urratsak egin behar direla nabarmendu zuen, bereziki, Carrizok. Gipuzkoako egoera ezagutzen du ondoen, eta kezkatzeko moduko errealitatea deskribatu zuen: «Zaintza sistemaren oinarrian andre migratzaile esplotatuak daude». Gipuzkoako Diputazioak mendekoen zaintzarako laguntzak ematen ditu, eta zaintzan ari diren langileak propio horretarako prestakuntza bat izatera ere behartzen ditu, baina, gero, kontratuen kalitatea ez du kontrolatzen, esan zuenez: «Kualifikazio jakin bat eskatzen du, bai, baina gero bost axola zaio zer lan erlazio ezartzen den».
Malen Etxean artatzen dituzten andre asko ikusi ditu muturreko egoeretan: «24 ordu lanean, astean zazpi egunetan. Eta hori, hein handi batean, diru publikoarekin ordaintzen da. Hori da mahai gainean dugun arazoa, eta hori eraman behar da zaintza sistemaren gaineko debatera, bestela iruzur hutsa izango da».
Autonomia erkidego osorako eskeak dituzte mugimendu eratu berrian, baina udal eta foru hauteskundeak hurbil dira, eta asmoa dute propio Gipuzkoan talde politikoei hainbat «gutxieneko» eskatzen hasteko.
Zaintza zergatik «demokratizatu» behar den ulertzeko arrazoibideak
Zaintza Demokratizatu eratu dute hainbat taldek. Andre migratzaile askoren lan baldintza kaskarrez ohartarazi dute. Jaurlaritzari eskatu diote gaiaren gaineko ardura hartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu