Martxoak 8. Zaintza eredua

Zaintza: uharteditik ekosistemara

Zaintza behar dutenentzako zerbitzuak modu zatikatuan eta erakunde batetik eta bestetik eskaini beharrean, eredu integratzaileago bat osatzen ari dira Gipuzkoako zenbait herritan. Usurbilen, zaintza ekosistema sortu dute.

Usurbil. Mahai inguruko parte hartzaileak, Usurbilgo Artzabal baserrian, eguneko arreta zentroa dagoen eraikinean. GORKA RUBIO / FOKU.
jone arruabarrena
Usurbil
2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Zaintza behar duten pertsonak noraezean sentitzen dira sarri: ura leporaino, eta uharte batetik bestera itoaldiari ihes egiten. Behar dituzten artak kudeatzeko eskumenak erakunde batek baino gehiagok dauzkate, eta, askotan, zurrunbilo burokratikoetan galtzen dira senideak eta ingurukoak. Bestelako zaintza eredua osatzen ari dira, ordea, zenbait herritan: zaintza behar duen «pertsona erdigunean» izango duena, eta haren beharrak asetzeko komunitate oso bat eraiki nahian sortua. Zaintza ekosistema bat. Euskal Herrian hasiak dira zenbait herri horrelako ereduak osatzen. Usurbilen (Gipuzkoa), esaterako; bi urte daramatza prozesu horretan. BERRIAk mahai baten bueltan bildu ditu ekosistema horretan lanean dabiltzan eragileen ordezkariak, Usurbilgo Artzabalen, adinekoen eguneko arreta zentroa dagoen eraikin berean.

Ikusi gehiago:EREDUA ERALDATU, «KOLAPSOA» EKIDITEKO

«Zaintza eredua guztiz zatituta eta departamentalizatuta dago; horregatik esaten dugu uhartedi bat dela: bakoitza bere uhartetik ari da lanean, besteekin gehiago edo gutxiago koordinatuta. Guk zaintza ekosistema proposatzen dugu: logika integratzaile bat duena», esan du Irati Mogollonek. Matia Fundazioko ikertzailea da, eta buru-belarri dabil proiektuan. «Ni ere irla horien artean aritu izan naiz», erantsi du Izaskun Maizek. Anaiak menpekotasuna dauka gaixotasun baten ondorioz, eta berak hartu izan du hura zaintzeko ardura: «Niri zerbait gertatzen bazait bera zainduta egoteko baliabideak begiratzen hasten naizenean, batetik bestera ibiltzen naiz, ea bakoitzak zer eskaintzen duen». Izan ere, zerbitzuak eskaintzerakoan, erakunde bakoitzak dauzkan eskumenak hartzen dira kontuan. «Egungo eskumen banaketa nahiko aldrebesa da; berraztertu beharko lirateke», berretsi du Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak.

Ekosistema horretan, zaintzaren bueltan aritzen diren zenbait eragilek hartu dute parte: sektoreko langileek, enpresetako eta erakundeetako ordezkariek, herritarrek, Osakidetzako ordezkariek, mugimendu feministak, zaintza beharra dutenen senideek, eta, noski, zaintza hori jasoko duten erabiltzaileek. «Prozesua bi fasetan banatu genuen: lehenengoan, talde eragile bat sortu genuen, parte hartzaile horiekin guztiekin, eta galdera jakin batzuetatik abiatu ginen: zer da zaintza? Nola zaindu nahi dugu?», azaldu du Solaberrietak. Horren ondoren, Usurbilgo zaintza zerbitzuen diagnostiko bat lantzeari ekin zioten, eta egin beharreko aldaketak identifikatu zituzten. Beste sei talde operatibo osatu zituzten gero, aldaketa horiek gauzatzeko.

Txirikordatuta

Prozesu horren emaitza izan da jada martxan den 2023-2024 urteetarako bide orria. Hari jarraituz, zaintza ekosistemaren azpiegitura osatuko duten bi proiektu nagusi daude martxan. Batetik, zaintzadun etxebizitzen auzunea eraikitzen ari da Matia Fundazioa, «pertsonen eta erabiltzaileen beharretan» oinarrituko den arreta zentroa. Bertan, erabiltzaileek aukera izango dute beren espazio propioa izateko. Solaberrieta: «Ez da gaur egun egoitza gisa ezagutzen duguna bezalakoa. Etxebizitza txikiak dira, beren gela, egongela, sukaldea eta komuna daukatenak. Nork bere gustura apaintzeko aukera izango du, etxean bezala sentitzeko. Eta gero, badaude eremu komunak ere».

Bestalde, udala Txirikorda izeneko eraikina eraikitzen ari da: belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa. Bertan, gazteak eta zaintza behar duten adinekoak biziko dira. «Etxebizitza autogestionatuak izango dira. 30 gazte inguruk eta sei helduk eman dute izena, eta orain komunitate horrekin lanketa bat egingo da etxean nola bizi nahi duten zehazteko, komunitatea sortzeko...».

Azpiegitura horien eta, oro har, proiektuaren helburu nagusietako bat da «pertsonak bere ingurunetik ez ateratzea», Solaberrietak azaldu duenez: «Aldaketa horrek beren bizitzetan haustura bat sortzen baitu». Bat dator Maiz ere: «Nire anaia beste herri bateko zentroren batera eramatea hari bizitza erdia kentzea izango litzateke; beste mundu batera eramatea. Guztia hemen dauka; nik herri zaintza bat nahi dut beretzat».

Maria Galvez da zaintza ekosistemaren erabiltzaileetako bat. 88 urte ditu, eta argi dauka nola zaindua izan nahi duen: «Nik nire etxean egon nahi dut; behar dudan laguntzarekin, baina etxean. Gusturago nago, babestuago sentitzen naiz». Orain, eguneko arreta zentrora joaten da goizetan, eta, bide batez, mahai ingurura batu da: «Oso pozik gaude. Goizero gure bila etortzen dira, eta gauza mordoa egiten dugu hemen». Etxez etxeko laguntza ere jasotzen du astean bi bider, bi orduz. «Laguntza asko, eta oso ona. Nire senarra lau urtez gaixo egon zen, eta asko laguntzen zigun etortzen zen emakumeak. Senarrak ez zuen egoitzara joan nahi, eta etxean hil zen. Gustura egon ginen horrela».

«Babesa behar izateak ez du esan nahi erabakitzeko gaitasunik ez daukazunik», adierazi du Solaberrietak. Hain zuzen, zaintza behar duen pertsona eta haren nahiak jarri nahi dituzte erdigunean proiektuari begiratzeko orduan. «Ekosistemak dituen tresna guztiak pertsona horren zerbitzura jarri behar ditugu, eta ez alderantziz», azaldu du alkateak. Hala ere, argi dauka zaintza ez dela «arreta profesionala jasotzen den ordu horietan hasi eta bukatzen»: «Gainontzeko zaintza beharrek jarraitzen dute, eta horiek betetzeko koordinatu behar dugu».

Premiak nola ase

Zaintza behar horiek asebetetzeko zenbait gako aipatu dituzte solaskideek. Maider Irisarri udaleko gizarte langileak «komunitatearen zaintza» nabarmendu du: «Narriadura kognitiboa daukan pertsona batek ohituratzat badauka ostiralero ileapaindegira joatea, komunitateak modua eman diezaioke hori egiten jarraitzea modu autonomo batean». Horretarako, adierazi du gizartea «sentsibilizatu» egin behar dela, eta gazteen adibidea jarri du: «Gazteak asko inplikatu dira Txirikorda proiektuan. Ikusi behar dute ez bakarrik jende nagusiak zaintza behar duela, baizik eta jende nagusi horrek ekarpen handia egin dezakeela».

Argi dauka zein den bidea: ateak zabaltzea. «Zaintza ez da ateak itxi eta etxean geratzen den gauza bat izan behar. Zabaldu egin behar da, lehen gehiago zabalduta zegoen bezala. Orain berriro ohitu gara indibidualizazio horretara». Hain zuzen, lehendik ere auzo batzuetan egiten den elkar zaintza hori «egituratu» nahi dutela dio Solaberrietak: «Sentitzea badaukagula gure herrikideak zaintzeko ardura hori. Balio sozial bat ematea, horrekin batera gero balio ekonomiko bat emango zaiolako».

Izan ere, sektoreko langileen baldintzen inguruan ere hausnartu dute ekosistema eraikitzeko prozesuan. «Langileekin lanketa bat ere egingo dugu. Askotan emakume migratuak izaten dira, eta haiengana hurreratu nahi dugu. Sinergia batzuk sortu litezke, emakume horiek dauzkaten arazoak ezagutu ahal izateko», azaldu du Irisarrik. Bat etorri da Solaberrieta ere: «Denok daukagu zainduak izateko eskubidea, baina ez beste pertsona baten kaltetan. Sistemak dituen gabezien ondorioz, zaintza emakume migratzaileek sostengatzen dute, eta horri ezin diogu izkin egin. Haiek ere ekosistemaren parte dira».

Langileentzat trebakuntza

Hain zuzen, Nazaret Lanbide Heziketako zentroarekin hitzarmena sinatu du udalak, langile horiei «zaintza eredu berrian formatzeko aukera» emateko, eta beraientzako «enplegu aukera batzuk zabaltzeko». 40 familiarekin eta haiekin lan egiten duten zaintzaileekin jarri dira harremanetan oraintxe, aukera hori eskaintzeko. «Doakoa izango da formakuntza, eta udalak etxez etxeko zerbitzua eskainiko die bitartean familiei, emakume horiek libratu ahal izateko», esplikatu du Solaberrietak.

Hala ere, Amaia Bengoetxea Arreta Zerbitzuak enpresako ordezkariak azaldu du etxeko langileek jada egiten dutela ahalegina pertsona erdigunean jartzeko: «Beren uhartetxoan beti egin izan dute, adibidez, ostiraletan pertsona ileapaindegira eramatearen hori. Askotan langilearen borondateari esker egiten dute, baina egia da ordutegi edo lan intentsitatearen aldetik muga asko daudela».

Ikusi gehiago:«Etxeko langile egoiliarrena, zaintza sistema gisa, desagerrarazi behar da»

Hala ere, «txip aldaketa bat» proposatu du Mogollonek, «pertsonak erdigunean» jartzeko. Eta galdera bota die mahaikideei: «Nola egiten da aldaketa hori?». Azaldu duenez, zaintzara bi hurbilketa egin ohi dira egun erakundeetatik. «Batetik, plan burokratiko administratiboa. Eta horretara kondenatzen dituzte gizarte langile ugari. Herri askotan, ez dira jada etxeetara joaten; beharrak administratiboki kudeatzen dituzte, ez sozialki eta ez humanoki. Bestea arlo sanitarioa da. Hau da: zer gaixotasun daukazu? Baina agian ez daukazu gaixotasunik; bakarrik sentitzen zara».

Hortaz, ekosistemaren bidez begirada hori «gainditu» nahi dute. «Lidergoa gizarte langileek izan behar dute. Laguntzaile teknikoak izango dituzte, ekosistemako gainerako eragileak. Hainbat mailatakoak izango dira: batzuk boluntarioak, eta beste batzuk agian lan baldintzak hobetu behako zaizkien langileak». Solaberrietak ere gizarte langileak izan beharreko rol hori indartu du: «Pertsona bat etortzen denean, plano oso bat egingo zaio. Zehaztu zer eman behar zaion etxez etxeko zerbitzutik, zer komunitatetik...».

Oztopo ugari

Hala ere, bidea ez da erraza, Irisarrik esan duenez: «Gehienetan lan handia daukagu, edo presa handia. Denbora behar dugu, eta, hain zuzen, aurreikusten da beste gizarte langile bat kontratatzea». Eskumenen banaketa ere oztopo da, beste behin. Izan ere, Clemente Cisnerosek kezka agertu du usurbildarrek azpiegitura berrietara izango duten sarbideari buruz: «Guk tokia eskatu dezakegu, baina baita Irungo batek ere, adibidez. Haiek lehenago eskatzen badute, ez da lekurik egongo guretzat». 79 urte ditu, eta eguneko arreta zerbitzura joatean da bera ere. «Udalak ez du egoitzen gaineko eskumenik, Matiarekin harreman estua duen arren; aldundiak kudeatzen du hori», zehaztu du Solabarrietak. Hala ere, Irisarrik baieztatu du «gertutasuna» irizpidetzat duela aldundiak tokiak adjudikatzean. «Eskumenak berrikusi behar dira», ondorioztatu du Mogollonek.

Guztiak bat datoz: ekosistema lokalak eratzeko, erakunde guztiek «bide berean» lan egin behar dute. Eta noski, «erabiltzaileei entzun», Solaberrietak gehitu duenez. Bukatu zaie Galvezi eta Cisnerosi eguneko arretaren denbora; zaintzaren inguruan entzuten eta solasten pasatu dute goiza, mahai baten bueltan osatu den ekosistema txikian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.