«Zaintza sistema publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa» eskatuko dute feministek Bilbon datorren asteartean, eta mugimendu feminista «aldaketarako eta borrokarako indar» gisa aldarrikatuko dute. BFS Bilbo Feminista Saretzen plataformak atzo jakinarazi zuenez, Antolakuntza feministaz zaintza sistema publikoa borrokatu! lelopean, Jesusen Bihotza plazatik aterako da Martxoaren 8ko manifestazio nagusia, 19:30ean.
Zaintzari «merezi duen garrantzia» eman eta «lehentasun soziopolitiko eta ekonomikoak berrantolatuko dituen egiturazko aldaketa bat» galdegin du BFSk. Iraultza horri bi oinarri jarri dizkiote: publikoa izatea eta zaintzaileen baldintzak duintzea. «Merkatuaren logikari jarraituko ez dion zaintza sistema bat aldarrikatzen dugu, azpikontrataziorik gabekoa. Era berean, esklabotza baldintzetan bizitza sostengatzen duten andre migratuentzat errekonozimendu politikoa, soziala eta laborala eskatzen dugu», adierazi dute. Horretarako, kolektibo feministak «indartzeko» premia nabarmendu dute.
Bilgune Feministak ere zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatu du Martxoaren 8rako aurtengo kanpainan. Zaintzen paradisu artifizialak erretzen lelopean, zaintza lanen «banaketa desorekatua» salatu du taldeak: «Bazterreko eginbeharrak izateaz gain, familia nuklearraren mugetara murrizten dira, eta gero eta merkantilizatuago daude». Era berean, instituzioei egotzi die sistema publikoa «desegitea», eta zaintzari lotutako enpleguak «prekarizatzea» ere deitoratu du: «Arazoa sistemikoa da».
Zaintza lanak «demokratizatzeaz» ere mintzatu da Bilgune Feminista, eta «euskal zaintza sistema publiko-komunitario bat» aldarrikatu du.
«Zaintza sistema publiko bat» aldarrikatuko dute feministek Bilbon
Asteartean, Emakumeen Nazioarteko Egunean, mugimendu feminista «indartzera» ere deituko du Bilbo Feminista Saretzen plataformak
![Atzoko agerraldia, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU. Atzoko agerraldia, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.](https://www.berria.eus/uploads/s1/70/98/98/p015-f01.jpeg)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu