Zaintza sektorea profesionalizatzea ezinbestekotzat jo du Bizkaiko Foru Aldundiak

Etxeko langileei arreta emateko orientazio zerbitzu bat eskaintzen dute. Are, langileen «autozaintzaren» aldeko apustua egin dute.

Teresa Laespadaren eta Susana Morenoren agerraldia gaur, Bilbon. BERRIA
Teresa Laespadaren eta Susana Morenoren agerraldia gaur, Bilbon. BERRIA
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko ekainaren 17a
17:45
Entzun

«Zaintzea betebehar etiko eta demokratikoa da». Hala adierazi du gaur Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatuak, Bilbon egindako agerraldi batean. Zeregin hori betetzeko, haren ustez, ezinbestekoa da zaintzan lan egiten dutenak profesionalizatzea. «Guretzat beharrezkoa da enplegu duinaren eta etxeko zainketen aldeko apustua egitea», esan du diputatuak, eta erantsi du hori lortzeko hainbat zerbitzu dituztela martxan jarriak.  

Batez ere etxeko zaintza lanetan dihardutenak izan ditu hizpide Laespadak. «Pertsona horiek urte askotako esperientzia dute, baina profesionalizazio mugatua», zehaztu du. Are, langile horietako asko «emakume migratzaileak» dira, denbora gutxi dute «prestakuntza jasotzeko», eta euren lan baldintzak «gogorrak» dira. «Gero eta zahartuago dagoen gizarte honetan, zaintza erdigunean jarri behar dugu; hortaz, zaintzaren esparruan lan egiten dutenek gaitasun profesionalak izan behar dituzte, baita gizartearen errekonozimendua ere». 

Hori lortze aldera, zaintza lanetarako orientazio eta aholkularitza zerbitzua eskaintzen dute Bizkaian. Orientazioa «elementu zentrala» da Laespadarentzat, zaintza lanari balioa ematen diolako. Etxeko langileentzat pentsatua dagoen arren, zaintzan «lan egiteko aukera ikusten duen edonork» aukera du zerbitzua erabiltzeko. 2022tik, 79 pertsonari eskaini diete arreta. Hain zuzen, SSI taldeak kudeatzen du zerbitzua, Barakaldotik. Susana Moreno ezagutzaren kudeaketa arloko arduradunak azaldu duenez, «zerbitzuaren helburua da enplegagarritasuna sustatzea, eta gero eta premia gehiago dituztenei ematen zaien arreta hobetzea».

Bizkaian bizi den edonork du aukera zerbitzura jotzeko. Izan ere, «edozein udalerritako pertsonek aukera izan dezaten», topaketak telematikoki egiten dituzte gehienbat. «Aldez aurretik pertsonarekin adosten da bitartekoa: telefono deia, bideodeia zein mezu elektronikoak», zehaztu du. Halere, zaintzaileak nahiago izatekotan, presentzialki elkartzeko aukera ere badute. Arreta banaka eta taldeka eskaintzen dute. Besteak beste, zaintzarekin zerikusia duten gai garrantzitsuei buruzko informazioa eskaintzen du zerbitzuak, «doan eta modu pertsonalizatuan». Are, curriculuma egiteko orientazioa, enpleguaren jarraipena, behar berrien identifikazioa eta laguntza pertsonalizatua eskaintzen ditu. 

Ziurtagiria lortzea

Orientazioan ez ezik, prestakuntzan ere egin du azpimarra Laespadak: «Oso garrantzitsua da zaintzaileak kualifikatuta egotea; izan ere, prestakuntza jasotzen badute, beren eskubideak aldarrikatzeko gaitasuna izango dute». Horretarako, «pertsonei etxean bertan arreta soziosanitarioa eskaintzeko» profesionaltasun ziurtagiria lortzen laguntzen diete. Horrez gain, beste hainbat prestakuntza ekintza eskaintzen dituzte, hala nola gaixotasun kronikoa dutenei arreta integratua ematekoa, edo bizitzaren azken etapan zaintzeko prestakuntza. «Iraupen luzeko prestakuntzak dira; beraz, horiek egin ahal izatea erraztu dugu, metodologia berriak erabiliz. Oro har, 2018tik, 231 pertsonak izan dute aukera ekintzaren batean parte hartzeko». 

Etxeko langileen «autozaintzaren» aldeko apustua «funtsezkoa» da, Laespadaren esanetan. «Beste pertsona batzuk zaintzeko, euren burua zaindu behar dute; sektore honetan, lan osasuna gaitasun profesional gisa ulertu behar da», nabarmendu du. Hori dela eta, nork bere burua zaintzeko estrategiak landu dituzte, metodologia mistoa erabiliz: «Alde batetik, emakumeek materiala jasotzen dute, eta euren kabuz ikasi; eta, bestetik, aurrez aurreko taldeak antolatzen ditugu, laguntza psikologikoarekin». Hiru zerbitzuak aurkeztuta, Laespadak borobildu du: «Arlo publikoan ezinbestekotzat jotzen dugu profesionalizazioa, langileak eurak zaindu daitezen, beste pertsonak zaindu ditzaten eta gizarteak aurrera egin dezan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.