Martxoaren 8a. Mobilizazioak

«Zaintza lana politikoa da»

Milaka emakumek parte hartu dute Martxoaren 8ko mobilizazioetan. Zaintza sistema publikoa aldarrikatu du mugimendu feministak. Kolektiboa indartu eta «aliantzak sortzeko» deia egin dute

Manifestazioa oso jendetsua izan zen. LUIS TEJIDO / EFE.
Maite Asensio Lozano - Ekhi Erremundegi Beloki
2022ko martxoaren 9a
00:00
Entzun

Borrokatzeko, aldarrikatzeko eta, aurten bereziki, elkartzeko eguna berreskuratu dute feministek Martxoaren 8an. Milaka emakume atera ziren atzo iluntzean kalera Euskal Herriko hirietan zein herrietan, sistema «patriarkal, kolonial, kapitalista, estraktibista, biozida, heteronormatiboa eta kapazitistaren» aurka egiteko, eta zaintza sistema publikoaren premia azaleratzeko. «Zaintza lanak politikoak dira: funtsezkoak dira bizitza sostengatzeko», esan zuten. Hala, mugimendu feministara batzeko deia egin zuten: «Gure artean antolatzen jarraitzeko beharra inoiz baino handiagoa da».

 

 

COVID-19ak eragindako pandemiak agerian utzi du zaintza krisia, eta salaketa hori presente egon da mugimendu feministaren mobilizazioetan. «Emakumeok gure bizkarretan daramagu zaintza lanen zama», adierazi zuten Bilbon; gogora ekarri zuten lan horien oinarrian daudela «milaka emakume migratu eta arrazializaturen prekaritatea», lan merkatu formalean «ahulenen bizitzari eusten dioten milaka langile» eta «inolako aitortza sozial edo ekonomikorik barik» lan ez-ordainduak egiten dituzten emakumeak. «Ez gatoz apur eske: zaintza sistema publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa nahi dugu».

Donostian eskaera zehatzagoak ere egin zituzten: zaintza sistema «ehuneko ehunean publikoa» izatea eta negozio ez bihurtzea, ordaindutako zaintza lanen «ikuskaritza bermatzea», etxeko langileak lan erregimen orokorrean txertatzea, atzerritar legea indargabetzea eta gizonek «zaintzarekiko ardurak hartzea», besteak beste. Izurriaren ondorioz, «desberdinkeriak eta injustiziak nabarmen handitu» direla erantsi zuten, eta bestelako antolakuntza sozial bat galdegin zuten: «Heteronormatibitatean eta familia nuklearrean antolatutako gizarte honetan, bestelako bizimodu eta gorputzok ez dugu lekurik. Sistema bera zalantzan jartzen dugun ereduok, sistemak berak bere mekanismo guztiekin bazterrera bultzatzen gaitu. Beraz, sistema irauli nahi badugu, familia nuklearretik eta heternormatik harago pentsatzen jarraitu behar dugu: familiaren ulerkera tradizionala irauli, komunitatean pentsatu, bestelako zaintza sareak osatu...».

Iruñean ere zaintza sistema publikoa, enplegu duina, indarkeria pairatu gabe bizitzeko eskubidea eta horiek guztiak lortzeko antolakuntza feministaren beharra aldarrikatu zituzten. Instituzio publikoak «indarkeriaren erantzule» egin zituzten, «arretan eta prebentzioan baliabide nahikorik jartzen ez dutenean edo emakumeen hitza auzitan jartzen dutenean». «Feminismoa jopuntuan duen faxismoa» ere arbuiatu zuten, eta emakumeen kontra «gorrotoz eta amorruz» jotzea leporatu zioten.

Baionan, 300 pertsonak elkarretaratzea egin zuten Merkatuko plazan, talde feminista batek baino gehiagok deituta. Indarkeria jasaten duten emazteen babesa eta harrera eskubidea aldarrikatu zituzten. Frantziako presidentetzarako hauteskundeak ere hizpide izan zituzten, kanpainan zehar aldarrikapenak plazaratzeko beharra izanen dela nabarmenduta.

Gasteizen, berriz, Osakidetzako langileen protestak ere hartu zituzten gogoan, eta Santiago ospitaleko larrialdien itxiera salatu zuten: «Ez dugu onartuko pandemia osasungintzako aurrekontua murrizteko aitzakia bihurtzea. Osasun zentro publikoetako aldarrikapenekin bat egiten dugu, eta osasungintza publikoaren kolapsoa eragozteko neurriak eskatzen ditugu».

Tokian tokiko eskaerak

Tokian tokiko eskaerak eta aldarrikapenak ere egin zituzten mobilizazioetan. Bilboko martxan, geldialdia eta minutu bateko isilaldia egin zuten Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza nagusiaren aurrean: ondoren, txistukada ozena egin zuten, hark kudeatzen dituen zaintza zerbitzuak «merkatuaren esku ez egotea» galdegiteko. Gipuzkoako zahar etxeetako langileak ere gogoan izan zituzten Donostian: «Urteak daramatzate greban, eta aldundiak entzungor egiten jarraitzen du».

Hiriburuetan emakumeen etxeak ere izan ziren aldarri. Bilbon, esaterako, ez dago halakorik, eta mugimendu feminista aspaldi ari da eskatzen San Frantzisko auzoko eraikin batean egiteko Koloretxe proiektua: «Aliantzak ehuntzeko eta komunitate feminista elkartu eta indartzeko gune bat behar dugu». Baionan ere eskaera bera egin zuten. Donostian, berriz, espazio handiago bat behar dute: «Emakumeen Etxeak 11 urte daramatza behin-behineko egoeran, esleitu zitzaigun eta inoiz eman ez zaigun 2.000 metro koadroko lokal baten esperoan». Gasteizen, bestalde, etxeko langileek gune propio bat eskatu dute: «Ordu libreetan nora joan ez duten langileak hartzeko, bizipenak konpartitzeko eta antolatzeko, gure eskubideak zaintzeko».

Pandemiaren ondoriozko distantzia sozialak izandako eraginaren ostean, mugimendu feminista sendotzeko beharra aipatu zuten mobilizazioetan, «aliantza berriak sortu eta daudenak indartzeko». Gogora ekarri zuten borroka feminista egunero egiten dela, eta batzeko deia egin zieten emakumeei: «Kaleak hartzen jarraitu behar dugu, elkarrekin. Elkartasunean eta komunitatean oinarrituko diren bizitzak eraiki behar ditugu».

Gerraren aurkako aldarriak ere izan ziren; Bilbon, esaterako, pankarta batean gaitzetsi zituzten gerra guztiak: «Gerra indarkeria da, pobrezia, bizitza apurtuak, segurtasunik eza eta etorkizunik eza». Gasteizen ere hitza hartu zuten amaierako ekitaldian: «Estatuek sinetsarazten digute gerrak herritarren segurtasunerako konponbide bakarra direla, baina biolentzia heteropatriarkalaren muturreko adierazpena baino ez dira, eta onuradun bakarra kapitalismo basatia da».

Sindikatuak eta ikasleak

Iluntzean izan ziren mobilizazio nagusiak, baina emakumeen aldarriek egun osoan hartu zituzten Euskal Herriko kaleak. Sindikatuek, adibidez, mobilizazio eta ekitaldi ugari egin zituzten, arratsaldean mugimendu feministak antolatutakoekin bat egiteaz gain. ELAk zaintza publikoaren aldeko ekitaldia egin zuen Donostian, eta LABek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatutako elkarretaratze eta giza kateek ere zaintzan aritzen diren emakume langileen baldintzak izan zituzten ardatz.

Emakumeen eskubideen aldeko aldarriak ikastetxe eta unibertsitateetara ere iritsi ziren, eta goizean elkarretaratze eta mobilizazio ugari egin zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.