«Guztiontzako zaintza duina lortzeko, negozioa amaitzeko, sistema garatzeko eta pribatizatutako zaintza langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko borrokarekin dugun konpromisoa berresten dugu». Irmo mintzatu dira Denon Bizitzak Erdigunean dinamikako kideak: adierazi dute plataformako kide diren sindikatuek —LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta Hiru— eta mugimendu feministak zaintzen antolamendu soziala eraldatzeko borrokan jarraitzen dutela; eta, bide horretan, etzi mobilizazioak eginen dituztela Iruñean eta Bilbon, 11:00etan.
Gaur eman dute deialdien berri, Iruñean. Gogoratu dute urtebete baino gehiago pasatu dela lehenbiziko aldiz zaintza eskubide kolektiboaren alde greba feminista orokorra egin zenetik. Plataformak zaintza eredu publiko eta komunitarioaren alde egindako aldarria ez zen oharkabean pasatu; eta hausnartzeko, hitz egiteko eta negoziatzeko bidea ireki zuen. Ordea, aldaketa handirik ez dela izan ikusirik, Martxoaren 8aren atarian kaleak hartuko dituzte berriz.
Plataformako kideek adierazi dutenez, mobilizazio horietan patronala eta instituzioak interpelatuko dituzte. Administrazioak jartzen dituelako, haien irudiko, pribatizazioak irauteko bermeak. «Instituzioen arduragabekeria salatu nahi dugu, pribatizazioaren eta negozioaren ereduan sakontzen jarraitzeko egindako hautuagatik, eta oraindik ere zaintzaren eremuan sortzen diren egoera prekario eta kolapsatuen erantzule egiteko neurririk ez hartzeagatik», borobildu dute.
Bortz aldarrikapen nagusi eramanen dituzte kalera: lanaldia murriztea, bizitza duinen alde; pribatizazioaren kontra egin eta pribatizatutakoa publiko egitea; zaintza langileen lan baldintzak hobetzea; zaintza lanak banatzea; eta hezkuntza sisteman neurriak hartzea, zaintza lanen egoera iraultzeko.
MOBILIZAZIOAK
- BILBO. 11:00etan, Eusko Jaurlaritzatik.
- IRUÑEA. 11:00etan, Nafarroako Enpresarien Elkartetik.
Ez da instituzioak seinalatzen dituzten lehenbiziko aldia. Izan ere, urteurrenaren bezperan ere plataformak berriz interpelatu zituen Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza, zaintzaren ardura hartzeko eskatuz: «Pilota zuen eskuetan dago, hartu ardura!». Nafarroako Jauregiaren eta Lehendakaritzaren aitzinean egin zuten ekintza bat: Maria Txibiteren eta Imanol Pradalesen irudi bana jarri zuten bietan, zaintzaren pilota eskuetan zutela irudikatuta. Ohar bidez egin zituzten adierazpenak: «Urtebete pasatu da mahai instituzionala eskatu genienetik. Urtebete erantzunik gabe. Urtebete pilota zuen teilatuetan».