Denon Bizitzak Erdigunean plataforma osatzen duten LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuek eta mugimendu feministak manifestazioak egin dituzte Bilbon eta Iruñean, zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatu eta, hura lortzeko bidean, alor horretan aritzen diren langileen egoera hobetzea eskatzeko. Patronalari eta erakunde publikoei interpelazioa egin diete: lehenengoari dagokionez, gogorarazi diote zaintza ez dela «negozioa» egiteko lanabesa, eta instituzioei, berriz, «arduragabekeria» eta «pasibotasuna» leporatu diete.
Bilbon, Eusko Jaurlaritzak Kale Nagusian duen egoitzaren aurretik abiatu da manifestazioa, Zaintza duina guztiontzat leloa idatzita zeukan pankarta baten atzetik. Deitzaileen aldarri nagusiak ere agertzen ziren pankartan: Baldintzak duindu, Negozioa amaitu eta Sistema publiko komunitarioa garatu esaldiak irakur zitezkeen.
Pribatizaziorik ez; Zaintza sistema publikoa; Zuen negozia, gure miseria; Eskubide guztiak emakumeontzat; Zaintza eskubide kolektiboa; Lana banatu, zaintza banatu eta antzeko oihuak egin dituzte manifestariek mobilizazioak iraun duen bitartean. Gregorio Revilla kalera iritsitakoan, etxeko langile multzo bat zain zegoen, Doña Casilda parkea: leku honetan zaintzaileak esplotatzen dituzte esaldia idatzita zeukan pankarta bat eskuetan, eta txaloak entzun dira multzoak eta manifestazioak bat egin dutenean. Aurrerago, beste talde bat zegoen, eta pankarta bat zuten horiek ere: Bizitza duinen alde, 30 orduko lanaldia.
Borroka ziklo berria
Manifestazioa Maximo Agirre kalean sartu da, eta handik Euskadi plazara jo dute, Confebaskek egoitza duen lekura. Plaza horretan egin dute ekitaldi politikoa, Zaintza lanak banatu eta duindu goiburua zuen pankarta luze bat zabaldu ostean. Sindikatuetako ordezkariek gogorarazi dute 2023ko azaroan greba feminista orokorra egin zutela eta hura «atzera bueltarik gabeko urratsa» eta «borroka ziklo baten hastapena» izan zela zaintza sistema publiko komunitarioa lortzeko bidean.
Sindikatuetako ordezkariek deitoratu egin dute instituzioek emandako erantzuna greba feministan plazaratutako eskakizunei. Esan dutenez, «pribatizazioaren eta negozioaren ereduan sakontzen» jarraitzea erabaki dute instituzioek: «Administrazioak bermeak jartzen ditu pribatizazioak iraun dezan».
Beren eskakizunen berri eman dute mobilizazioaren antolatzaileek: lanaldia murriztea «bizitza bizigarriagoak izateko eta zaintza lanak modu orekatuagoan banatzeko»; pribatizatutako zerbitzu guztiak publiko bilakatzea; zaintza arloan aritzen diren langileen lan baldintzak «urgentziaz» hobetzea; zaintza lanak banatzea, «gizonek ez zaintzearen pribilegioari uko egin eta zaintza lanetan ardura har dezaten»; eta zerbitzu publikoak indartzea.
LABeko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburuk ere gogoan hartu du 2023ko greba feminista orokorra, eta gaur egungo egoerari erreparatu dio: «Munduan, ziurgabetasuna da nagusi, sistema zisheteropatriarkal eta kolonialean sakontzen ari dira, kapitalismoaren eraberritze bat dago, eta hori modu antidemokratiko eta autoritarioan gertatzen ari da». Aranbururen ustez, prozesu horrek «ondorio latzak» dakarzkie langileei, «bereziki emakume, trans, bollera eta emakume arrazializatuei», eta faxismoa hauspotu egiten du.
«Politika feministak behar ditugu; egungo zaintza sistema iraultzen ez dugun bitartean, ez da emakumeentzako aukera berdintasunik egongo»
GARBIÑE ARANBURULABeko koordinatzaile nagusia
Greba feminista orokorra «arrakastatsua» eta «historikoa» izan bazen ere, patronalak uko egin dio zaintza arloko langileen egoera hobetzeari; eta instituzio nagusiek, berriz, ez dute borondaterik adierazi zaintza sistema publiko komunitario bat eratzeko. «Martxoaren 8aren harira egiten diren mezu erretorikoek ez dituzte emakumeen bizi baldintzak hobetuko», azaldu du Aranburuk. «Politika feministak behar ditugu; egungo zaintza sistema iraultzen ez dugun bitartean, ez da emakumeentzako aukera berdintasunik egongo».
Mugimendu feministako kide Elene Lopetegik «aliantzak» garatzearen garrantzia nabarmendu du, eta sindikatuen eta mugimendu feministaren arteko elkarlana goretsi: «Hasieratik esan dugu oso inportantea dela sektorez sektore eta esparru guztietan borrokak aktibatzea zaintzaren ildo honetan. Ezinbestekoa da sektore horiekin guztiekin aliantzak egitea, eta gaurko mobilizazioa horren adibidea da».
Eserialdia Confebasken aurrean
Ekitaldia amaitutakoan, manifestariek bost minutuko eserialdia egin dute Conbefasken egoitzaren aurrean, eta Gora borroka feminista! oihukatu ostean, bukatutzat eman dute protesta.
Iruñean, berriz, Nafarroako Enpresaburuen Elkargoaren egoitzatik abiatu da manifestazioa, eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean amaitu da. Antolatzaileen izenean, Iratxe Alvarezek gogorarazi du greba feminista orokorraren ingurumarian lan mahaia eratzeko eskatu ziotela Nafarroako Gobernuari: «Haien erantzunaren zain gaude oraindik; ez dago mahairik».