Mugimendu feminista hasia da motorrak berotzen azaroaren 30eko grebari begira, eta ekitaldiak egin ditu Hego Euskal Herrikohiriburuetan, zaintza eredu «kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala» gainditzeko eta «zaintza eredu publiko eta komunitario berri bat» eraikitzeko aldarria eginez. Askotarikoak izan dira mobilizazioak,baina zaintzarako eskubide unibertsala izan dute denek ardatz.
Bilbon, arratsaldez egin du mobilizazioa Mugimendu Feministak, eta Ibañez de Bilbao kalea oztopatu dute eserialdi baten bidez, Sabin Etxea EAJren egoitzaren aurrean. Naia Torrealdaik eta Txefi Rocok esan dutenez, horrekin EAJren erantzukizuna nabarmendu nahi izan dute: «EAJ da herri honetan eta Bizkaian batez erezaintzen inguruko azpiegituren merkantilizazioaren erantzulea».
Eserialdiak ordu erdi inguru iraun du, eta, bitartean, feministek afixak jarri dituzte Sabin Etxean. Ertzainak agertu dira, baina ez da aparteko gorabeherarik izan.
Kutxa bakoitzean mezua
Iruñean, Espainiako Gobernuaren atzerritarrentzako bulegoetan egin dute agerraldia. Kutxaz osatutako hesi bat eratu dute, adreiluak balira bezala, eta kutxa bakoitzean, mezu bat: «Atzerritarren Legea», «errolda», «lan feminizatuak eta arrazializatuak»; mezu bakoitza, bizimodu duina oztopatzen duen traba bat.
Iruñeko ekitaldian, mugimendu feministaren izenean hitz egin dute Ekhiñe Petriatik eta Naroa Unanuak. «Zaintza sistema iraultzeko urgentzia» aipatu dute, gainerako ekintzaileek kutxaz osatutako hesia desegiten zuten bitartean. Azken kutxak erretiratuta, agerian gelditu da pankarta: Atzerritarren Legearen aurka, A-30ean grebara goaz!.
«Zaintza lanak, gero eta gehiago, emakume migratu eta arrazializatuen gain jartzen dira, baldintza eta esplotazio egoera muturrekoetan», azaldu dute Petriatik eta Unanuak. «Horrek jopuntuan jartzen ditu etxez etxeko langileak, zeinek esplotaziorik handiena sufritzen duten, zaintzaile guztien artean. Emakume horien ehuneko handi bat arrazializatuak dira, eta %29,9 egoera administratibo irregularrean daude, erroldatzeko zailtasunak dituzte, edo egoiliar lana egiten dute, horrek dakarrenarekin: familian bizitzeko aukerarik gabe, atsedenerako eskubiderik gabe, zainduak izateko aukerarik gabe eta hori guztia betikotzen duen Atzerritarren Legeak babestuta».
Horregatik, «lanak aitortzeko eta banatzeko» beharra azpimarratu dute Mugimendu Feministako kideek. «Langileentzako bidezko baldintzak» aldarrikatu dituzte, lehen urrats gisa: «Instituzioak eta zaintza lanekin negozioa egiten duten enpresak bizi dugun egoeraren erantzule izanik, pribatizazioa eta zaintza lanen merkantilizazioa behingoz amaitzeko exijitzen dugu». Gaur egungo sistema «kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala» gainditzera eta «guztion bizitzak erdigunean jarriko dituen euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa definitzera» deitu dute.
Donostian, zahar etxeak
Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikako Sailaren aurrean egin dute elkarretaratzea mugimendu feministako dozenaka kidek, Zaintzarekin negoziorik ez lelopean. Gizarteko Politikako Departamentuaren egoitzaz gain, zahar etxe ugari daude Intxaurrondo auzoko Txaran, eta ez da kasualitatea izan mugimendu feministak elkarretaratzea hor egitea.
«Zahar etxeei erreparatuz, aipatu nahi dugu geroz eta pribatizatuagoa dagoela eremu hori. Guk sistema publikoa indartzeko eta zaintza zerbitzuen pribatizazioa amaitzeko exijitzen dugu. Era berean, zaintzaren sektorean lanean dabiltzanen lan baldintzak urgentziaz hobetzeko exijitzen dugu», adierazi dute Elene Lopetegik eta Amaiur Egurrolak.
Gizonak ere aipagai izan dituzte azaroaren 30eko grebaren harira: «Haiei ere exijitzen diegu dagokien ardura har dezatela eta prozesu honetara batu daitezela».
Gasteizen, Arabako diputazioaren egoitzan egin dute mobilizazioa.
Zaintza eredua iraultzeko deia
Mugimendu feministak mobilizazioak egin ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan, zaintza eredu «kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala» salatu eta greba feministarako deia egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu