Zaintza eskubide kolektiboaren alde, milaka lagunek Euskal Herriko hiriak eta herriak aldarrikapenez bete zituzten iazko azaroaren 30ean. Mugarria izan zen greba feminista orokorra, baina, inola ere, ez zen ezeren amaiera izan. Egitasmoan parte hartu zuten eragile feministek, sozialek eta sindikalek argi dute lanean jarraituko dutela zaintzaren alorrean. Izan ere, hala aritu dira azken asteetan ere.
Greba eguna bera ezin da egun bakan bat balitz bezala ulertu. Egun haren atzean prozesu «bizi» bat egon dela nabarmendu du Elene Lopetegi Bilgune Feministako kideak. «Batez ere, prozesu bizi bat izan da mugimendu feministarentzat; azken urteotan, egun garrantzitsuak antolatu ditugu, baina, hala ere, ez geunden oso artikulatuta». Hortaz, hori izan zen prozesuaren lehenengo urratsa: «Herriz herri saretzea».
Hain zuzen, hala egin zuten Goldatz Berako emakume talde feministako kideek. Iazko martxoaren 8an, Berako zaintzaren egoerari buruzko txosten bat egin zuten. Hortaz, gaiaren inguruko «kezka» piztua zuten herrian. Eta hasieratik «buru-belarri» ibili dira grebaren antolaketan. «Grebaren berri izan genuelarik, gure artean biltzen hasi ginen, antolaketa adosteko», gogoratu du Kattalin Ezkerra Sobrino talde feministako kideak. Herrian antolatu ziren, baita eskualdean ere, koordinatzeko ohitura baitute gainerako taldeekin.
«Landa eremuan izugarrizko sakabanaketa dago, inguruan etxe aunitz daude, eta hor zaintza langileak daude; zaila da haiek elkarren artean saretzea, bai eta gu haiekin saretzea ere».
KATTALIN EZKERRA SOBRINOGoldatz Berako emakume talde feministako kidea
Berako industrialdera grebaren aldarrikapenak eramateaz gain, Goldatzek garrantzi handia eman zion zaintzaren arloan enplegua duten emakumeekin harremanak egiteari. Etxeko langile egoiliarrekin harremanetan jartzea izan zen erronkarik handiena: «Landa eremuan izugarrizko sakabanaketa dago, inguruan etxe aunitz daude eta hor zaintza langileak daude; zaila da haiek elkarren artean saretzea, eta gu haiekin saretzea ere bai». Behargin horien errealitatea ikusarazteko, zaintzaileen mahai inguru bat antolatu zuten.
Talde feministez gain, hamaika eragile batu ziren grebara. Besteak beste, Bidez Bide elkarteak bat egin zuen grebarekin. Katia Reimberg kidearen arabera, «tamaina horretako greba bat» egiteko, «lan asko» egin zuten. Etxeko langileekin egiten dute lan elkartean, batik bat adineko eta mendeko pertsonak zaintzen dituztenekin. Emakumeok grebaren edukiak asko landu dituzte, guztiek uler zitzaten. «Greba feminista orokorra mugarria izan da bai mugimendu feministarentzat, baita gure kolektiboarentzat ere», laburbildu du. Eta esan du elkarteko kideak «subjektu politiko eta aktiboak» izan direla: «Gizarte honetan aldaketa bat lortzeko lanean, prozesuaren parte izan dira».
«Mugimendua pentsio duinak eta pentsio sistema publikoa aldarrikatzeko sortu bazen ere, gai batzuk ezin ditugu saihestu, eta horietako bat da zaintza».
ANDREA UÑABizkaiko Pentsionisten Mugimenduko kidea
Greban parte hartzeko erronka gogotsu hartu zuten pentsiodunek ere. «Mugimendua pentsio duinak eta pentsio sistema publikoa aldarrikatzeko sortu bazen ere, gai batzuk ezin ditugu saihestu, eta horietako bat da zaintza», azaldu du Andrea Uña Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak. Ildo beretik, Zaintza Araba elkartea ere greba antolatzeko prozesuan murgildu zen. Marixa Diaz de Arkaia Landa kidearen arabera, greba «herritar guztien ahotan» egon zen: «Kaleetan zein tabernetan, jendea horri buruz hizketan entzun nuen; ona da hori, auziak guztiok zeharkatzen gaituelako». Euskal Herriko txoko diferenteetan egindako asanbladek, sare sozialen bidez zabaldutako edukiek, propagandak eta sozializazioak grebaren arrakasta eragin zutela deritzo elkarteak.
Nahiz eta prozesua gogorra izan, interesgarria ere izan zen, Lopetegiren arabera. «Esparru batzuetan, lehen aldiz, zaintzaz hitz egin da; eta, aurreko bi greba feministekin alderatuta, gizonek ere hartu dute parte: nahiz eta bigarren plano batean egon, subjektu aktiboak izan dira». Oro har, prozesuak lortu du zaintzaren gaia «agendan jartzea» eta erakundeak interpelatzea: «Botereari nolabaiteko arriskua edota beldurra eragin diogu; ez zen kasualitatea izan zaintzari buruz [Eusko Jaurlaritzak azaroan bertan] Tabakaleran egindako topaketa hura». Are, grebak balio izan du «kontzietzia hedatzeko» eta gaia «sozializatzeko».
Ez ikusia egitea, ezinezkoa
Prozesu osoan zehar egindako lana ondo islatu zuten eragileek eta herritarrek azaroaren 30ean. «Grebaren balorazio oso positiboa egin dugu», esan du Reimbergek. Eta bat dator Lopetegi: «Prozesu osoan zehar komunikabide nagusiek boikota egin ziguten, baina egun hartan ezin izan zuten Euskal Herrian gertatzen ari zena ez kontatu». Egun hartan, feministek agerian utzi zuten zaintza sistema publikoaren gaiari «urgentziaz heldu» behar zaiola. Are, ohiko greba orokorren iruditeria gainditzea lortu zuten. «Beste molde batzuk asmatu nahi genituen, piketeak egiteko beste eredu batzuk, beste ekintzak batzuk», azaldu du Lopetegik. Esan eta egin: «Hurrengo greba orokorretarako, uste dut arrastoa utzi duela greba honek».
«Kaleetan zein tabernetan, jendea horri buruz hizketan entzun nuen; ona da hori, auziak guztiok zeharkatzen gaituelako».
MARIXA DIAZ DE ARKAIA LANDAZaintza Araba elkarteko kidea
Grebaren parte hartzean egin du azpimarra Uñak: «Guk jada emakume edadetuen ikuspuntua dugu; beraz, neska oso gazteak greban ikusteak asko poztu gaitu: kontzientzia sozial feminista izugarria duten emakumeak, mundu guztia barne hartzeko gogoarekin». Aitortu du haiengandik «izugarri ikasi» dutela. Izan ere, Uñak uste du greba feminista orokorrak aliantzak sortzea eta aurretik sortuta zeudenak indartzea ekarri duela. Lehen, «gai puntualetarako» besterik ez ziren elkartzen mugimendu feministarekin, hala nola martxoaren 8rako edota azaroaren 25erako. Orain, berriz, egoera aldatu da: «Sortu duguna geratzeko etorri da; eraiki ditugun aliantzak ezin ditugu hautsi».
Iritzi berekoak dira gainerako emakumeak. «Guri aunitz balio izan digu elkar ezagutzeko, agian karrikatik elkar ezagutzen genuen batzuek, baina modu indibidualean», aipatu du Ezkerrak. Zaintzaren inguruan hitz egiteko espazioak sortu dituzte langileekin, eta euren errealitatea hurbiletik ezagutzeko aukera izan dute. Reimbergek, gainera, esan du greba «aglutinazio» bat izan dela: «Zubiak eraikitzen saiatzen gara beti; beste kolektibo batzuekin elkartzeak indartu egiten gaitu».
Sortutako aliantza guztiak ikusita, Ezkerrak argi du: «Honek eskatzen du lanketak segitzea». Eta horretan ari dira. «Mugimendu feministak lanean jarraituko du», esan du Lopetegik. Urrian aurkeztutako herri akordioa ekarri du gogora, eta aipatu du ikusi behar dutela zein norabidetan jo orain. «Jarraituko dugu instituzioak interpelatzen; greba osteko egunean eskatutako eztabaida mahaiak eskatzen jarraituko dugu, oraingoz ez baitugu erantzunik jaso». Gainera, gogorarazi du hainbat herritan denboraz estu ibili zirela greba aurretik, eta ezin izan zituztela edukiak lasai landu. Hori dela eta, ezinbestekotzat jo du zaintza sistema publikoan sakontzen jarraitzea.
«Zubiak eraikitzen saiatzen gara beti; beste kolektibo batzuekin elkartzeak indartu egiten gaitu».
KATIA REIMBERGBidez Bide elkarteko kidea
Aliantzak mantentzea ere bada feministen beste helburuetako bat. «Asanblada nazionala egin genuen urtarril amaieran Gasteizen; jarraitzen dugu gure artean erabakiak hartzen eta aurrera begirako estrategiak diseinatzen». Eta berdina uste dute Reimbergek eta Diaz de Arkaiak: biek erakutsi dute lanean jarraitzeko nahia. Are, Ezkerrak gehitu du, hiriguneekin alderatuta, landa eremuak beste ezaugarri batzuk badituela, eta horiek ere landu behar direla: «Esaterako, ekomendekotasunaren inguruan hausnartu beharko genuke».
Aldaketarako «aukera» dagoela azpimarratu du Uñak; zaintza «unibertsala, publikoa eta doakoa» izan dadin exijitzen jarraituko dute: «Mundu guztiak du zaindua izateko eskubidea, ezin da klase sozialaren araberakoa izan». Hori dela eta, erakundeen jarrera salatu du, ez baitute aldatzeko «inolako» asmorik. «Gure diskurtsoaz jabetu dira; arlo publikoari buruz hitz egiten dute, gero eta pribatizazio gehiago dagoen honetan; haientzat zaintza negozio bat besterik ez da». Egoera ikusita, pentsionistek arrazoi nahikoa dituzte lanean jarraitzeko: «Guk ez dugu ikusiko, baina hazia landatu nahi dugu gure seme-alabentzako eta bilobentzako, zaintzen sistema erabat alda dadin».
Sindikatuekin elkarlanean
Greba feminista orokorraren gidaritza mugimendu feministak izan badu ere, sindikatuekin elkarlanean aritu dira hasieratik, eta orain, langileen eremuan ere lanean jarraitzeko asmoa dute. «Greba bera urrats bat bezala ulertu behar dugu, eta prozesu izaeraren garrantzia azpimarratu», adierazi du Maddi Isasi LABeko idazkari feministak. «Mugarri historiko» bat izan da: «Greba feminista orokorrera deitzea, zaintzaren arazoari aurre egiteko, bere horretan bada iraultzailea; zaintzaren eraldaketarako urrats erraldoi bezala ikusi dugu».
«Jarraituko dugu instituzioak interpelatzen; greba osteko egunean eskatutako eztabaida mahaiak eskatzen jarraituko dugu, oraingoz ez baitugu erantzunik jaso».
ELENE LOPETEGIBilgune Feministako kidea
Eguna bera arrakastatsua izan zela uste du Isasik. «Agenda feminista eta langile aldarrikapenak batu ziren, eta guk, sindikalgintza feminista aldarrikatzen duen sindikatu bezala, uste dugu horrek urrats handi bat ekarri duela; atzera bueltarik gabeko urrats bat izan da». Orain, herri akordioan zehaztutakoan sakontzeko eta eremuz eremu ezartzeko unea da.
Era berean, prozesua goratu du Leire Gallego ELAko ekintza sozialeko arduradunak: «Gure jendearekin egindako lanketa orokorra izan da, sektore guztietan egindakoa, eta hainbat hilabetetan egindakoa». Oro har, pozik dago bildutako atxikimendu kopuruarekin, eta baita lantokietan antolatutako milaka asanbladekin ere. Hala ere, Gallegok onartu du ez zutela lortu enpleguan nahiko zuten lanuzte kopurua. «Horrek erakusten digu oraindik zein erronka ditugun arlo horretan: askotan landu dugu zaintzen gaia esparru batzuetan eta harrera ona izan du; beste batzuetan, berriz, oraindik urrun sentitzen dute».
«[Greba egunean] agenda feminista eta langile aldarrikapenak batu ziren, eta guk, sindikalgintza feminista aldarrikatzen duen sindikatu bezala, uste dugu horrek urrats handi bat ekarri duela; atzera bueltarik gabeko urrats bat izan da».
MADDI ISASILAB sindikatuko idazkari feminista
Isasik ere aitortu du «erresistentzia» batzuk egon direla, «maskulinizatuak diren eremuetan» bereziki. Hala ere, intzidentzia maila handia izan du enpresa ugaritan, eta askok euren produkzioa eten behar izan zuten. «Zaintzaren eztabaida erdigunean kokatzeko tresna ezinbestekoa izan da greba; toki pentsaezinetara, herrietara eta lantoki askotara iritsi zen grebaren oihartzuna».
Sindikatuetan ere eragina izan du grebak. «Gure izaera feminista sendotzeko balio izan digu, eta gure jendearekin lanketa egiteko ere bai», aipatu du Gallegok. Hainbat urtetan egin duen bezala, sindikatuak argi du zaintzen esparruan lanean jarraitu behar dutela: «Urteak daramatzagu zaintza esparruetako langileak antolatzen eta zaintzen gaia jorratzen; eta jarraitu behar dugu horretan gure indarra jartzen».
«Urteak daramatzagu zaintza esparruetako langileak antolatzen eta zaintzen gaia jorratzen; eta jarraitu behar dugu horretan gure indarra jartzen».
LEIRE GALLEGOELA sindikatuko ekintza sozialeko arduraduna
LABek ere lanean segituko du. «Eremu sindikalean badago aldez aurretiko jarrera bat, greba feminista orokor bat antolatzetik harago eta herri akordio bat sinatzetik harago, zaintzaren problematikari lehentasuna emateko, agenda sindikaletan sartzeko eta negoziazio kolektibora eramateko». Isasik uste du herri akordioan ekarpen sindikala egitea ezinbestekoa dela. Eta mugimendu feministak proposatu dituen bi lehentasunekin bat egin du, baita ELAk ere: mobilizazioekin eta interpelazioarekin jarraitzeko prest daude.