Zaintza eraldatzeko, kontzeptuez hausnartzen

Greba feminista orokorraren urteurrenean, Zaintzaren Herria antolatu dute Bilbon. Goizean, zaintza sistema publiko komunitarioaren inguruan hausnartu dute. Arratsaldeko manifestazioan, berriz, erakunde publikoei exijitu diete dagokien ardura hartzea.

Zaintzaren Herria egin dute gaur Bilbon, eta manifestazioa izan da arratsaldean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Zaintzaren Herria egin dute gaur Bilbon, eta manifestazioa izan da arratsaldean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko azaroaren 30a
19:55
Entzun

Zain eta Tza herritarrak Bilboko kaleetan agertu dira berriro, eta euritakoa ekarri dute badaezpada. Izan ere, iazko azaroaren 30etik euritakoarekin joaten dira toki guztietara. Egun euritsua izan zen hura, baina horrek ez zuen eragotzi Euskal Herrian lehenengo greba feminista orokorra egitea. Urtebete bete da gaur greba hori egin zenetik, eta Euskal Herriko hainbat txokotan gogora ekarri nahi izan dute. Bilbon, Zaintzaren Herria antolatu du Denon Bizitzak Erdigunean plataformak. 

Udaletxearen aurrean agertu ziren lehen aldiz iaz Zain eta Tza, eta osoko bilkura feminista eta herrikoia antolatu zuten. Agertokia aldatu dute oraingoan: free tour motako bisiten geraleku bihurtu diren tokietako baten erdigunea hartu du mugimendu feministak, Arriaga plazarena. Zain eta Tzarenak ez ziren euritakoak, hau da, turistak gidatzeko erabiltzen direnak, bazterretan geratu dira. Lekua hartu, eta zaintza sistema publiko komunitarioari buruz hausnartzen hasi dute eguna. 

Nerea Zubizarretak gidatuta, solasaldia egin dute Amaia Perez Orozco ekonomia feministaren alorreko adituak, Arantza Urkaregi militante feminista eta pentsiodunen mugimenduko kideak, Miren Aranguren Emagineko kideak, eta Mari Luz Esteban militante feminista, unibertsitateko irakasle eta antropologoak. «Uste dugu zaintzari buruzko ideia bera dugula denok, baina askotan hitz bera erabiltzen dugu gauza desberdinak definitzeko», adierazi du Perezek, eta zaintzari eman beharreko zentzu batzuez aritu da.

Zain eta Tzak eman diote hasiera Zaintzaren Herriari Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Zain eta Tzak eman diote hasiera Zaintzaren Herriari, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU

Hasteko: «Sistema kritikatzeko begirada gisa ulertu behar dugu zaintza». Perezen arabera, egungo sistemak ez du bizitza zaintzen. Are gehiago, «gutxi batzuen onurarako ustiatu beharreko baliabidea da bizitza». Gaur egungo sistema kapitalista, heteropatriarkala, arrazista, kapazitista, kolonialista eta ekozida den heinean, mugimendu feministak antikapitalista, antirrazista eta ekofeminista izan behar du. Eta zaintzak ortzi muga behar du izan: «Bizitzaren zaintza erdigunean jarriko duen beste mundu bat nahi dugu».

Sistemaren «B aldea»

Zaintza, gainera, sistemaren «B aldea» da. Ikusezina da, sistemak hala behar duelako. Perezek zehaztu du zaintza dela egitura sozioekonomikoaren oinarri ikusezina, eta horregatik egiten duela bizitzak aurrera eraso egiten dion sistema batean. «Gizarte egitura osoa zalantzan jar ez dezagun, zaintzak ikusezina izan behar du», gaineratu du.

Publiko eta komunitario hitzek ere eman dute zeresana. «Publikoa izateak zer esan nahi duen pixka bat hobeto ulertzen dugu; besteak beste, unibertsala, doakoa, ekitatiboa, ez itundua eta ez pribatizatua», esan du Estebanek. Komunitario kontzeptua, berriz, «oso idealizatuta» dago. Antropologoak onartu du abantaila batzuk badituela kontzeptu horrek: «Estatu eta merkatu logikatik ateratzen gaitu, eta herritarrak inplika ditzake». Hala ere, erantsi du komunitatea paradisua edo infernua izan daitekeela, eta hitz hori erabiltzean desagertu egiten direla beste hainbat kontu: «Hitzak ez digu balio horrekin estaltzen badugu emakumeok modu desorekatuan ez dugula zaindu behar». Hori dela eta, bi hitz horien inguruko jardunaldi bat egitea proposatu du. 

2

Bizkaian zenbat  zahar etxe publiko dauden Gaur egun, bi zahar etxe publiko daude Bizkaian; horietan, kudeaketa publikoko berrehun leku daude, guztien %10. Arantza Urkaregi militante feminista eta pentsiodunen mugimenduko kidearen arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak ez du asmorik leku gehiago eskaintzeko.

Egoeraren nondik norakoei heltzeko, Urkaregik hizpidera ekarri ditu Bizkaian menpekotasunen bat dutenei arreta emateko dauden zerbitzuak. «Menpekotasuna dutenen kolektiboa feminizatuta dago, eta adinez oso nagusia da», nabarmendu du. Urkaregik uste du udalen eskumenekoa den etxez etxeko laguntza zerbitzuak izan beharko lukeela arreta emateko oinarria eta ez, ordea, Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituen prestazioak. Gaur egun, Bilboko etxez etxeko laguntza zerbitzua «pribatizatuta» dago, enpresa batek kudeatzen du. Urkaregiren arabera, langileen lan baldintzak ez dira onak, eta enpresak ez die erantzuten herritarren beharrei. 

Zahar etxeak ere izan ditu hizpide. Gaur egun, bi egoitza publiko baino ez daude Bizkaian; horietan, kudeaketa publikoko berrehun leku daude, guztien %10. «Aldundiak ez du inolako asmorik leku publiko gehiago izateko», salatu du Urkaregik. Datuok entzunda, Estebanek beste proposamen bat egin du: martxoaren 8an Euskal Herriko kaleak kartelekin betetzeko eta datu horiek erakusteko deia egin du. «Momentu honetan datuekin egin behar dugu politika».

Arangurenek udaletan jarri du arreta. Izan ere, Emaginek udalekin egiten du lan, aldaketak eragiteko eta zaintzari garrantzia emateko asmoz. Aitortu du batzuetan zaila dela aldaketak eragitea, eta udalerrietan lan asko dagoela egiteko. «Zaila da alor tekniko eta politikoarekin zaintzaren begirada bat adostea, mugimendu feministarekin bat egingo duena eta menpekotasunaren gaiaz gain zaintzaileak lehen lerroan jarriko dituena», azaldu du. Eta erantsi du gaia ez dagoela agenda politikoko lehentasunen artean. Prozesu horiek aurrera egiteko, ezinbestekotzat jo du administrazio publikoa eta zaintzaileak artikulatzea, eta mugimendu feminista, gizonak eta kooperatibismo sozial eta eraldatzailea interpelatzea.

Zaintzaren Herria egin dute gaur Bilboko Arriaga Plazan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Zaintzaren Herria egin dute gaur Bilboko Arriaga plazan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Hiru kideak entzun ostean, Estebanek zera adierazi du: «Panorama zaila dugu». Egoera ikusita, helmugak zein diren erabaki behar da, Estebanen esanetan. «Zaila bada pribatuak diren zerbitzuak publiko egitea, arreta jarri beharko dugu sortzen ari diren zerbitzu horietan», jarri du adibidetzat. Eta aipatu du bi adierazle hartu behar direla kontuan, bai proiektu bat martxan jartzeko garaian, bai aldaketa eragiteko beste edozein ekintza aurrera eramatean ere: «Urte gutxian emakumeek ez badute ordu gutxiago sartzen zaintzan eta gizonek gehiago, proiektu horrek ez du balio; eta lan baldintzak ez badira hobetu, ezta ere».

Haurrak, «eraldaketarako subjektu»

Gogoetarako garaia dela aldarrikatu du Estebanek: «Tarte bat hartu behar dugu lasai hitz egin eta lehentasunak identifikatzeko». Eta, hain justu, gogoetekin jarraitu dute eguna. Hurrengo solasaldietan, besteak beste, erroldaren eta etxez etxeko zaintza zerbitzuaren inguruan hausnartu dute. Haurrek, gainera, «eraldaketarako subjektu» izateko aukera izan dute, hiri ereduaren hutsuneez eta beharrez hausnartzeko asanblada propioa eduki dute eta.

Arratsaldean, Arriaga plaza utzi eta udaletxera abiatu dira. Pankarta bat eskegi dute han: Negozioa amaitu zaizue; auzo duinak, herri duinak, bizitza duinak, zaintza eskubide kolektiboaren alde. Manifestazioa ere hantxe hasi dute. Herritarrek geldialdia egin dute Atzerritarren Bulegoan, eta Atzerritarren Legea salatu, jendea hiltzen duela argudiatuta.

Bizkaiko Foru Aldundian amaitu dute protesta, eta, hain zuzen, argi utzi dute ez direla nekatuko eta behar bestetan exijituko dietela erakunde publikoei dagokien ardura hartzea: «Hemen gaude, zaintza arloan eskumen gehien dituen instituzioetako baten parean, honen inguruan hitz egiten hasteko zain, bestaldean norbait esertzeko zain». Izan ere, iazko grebaren biharamunean, feministek gobernuei eskatu zieten mahai bat osatu zedila hitz egiteko, baina gaur-gaurkoz, ez dute erantzunik jaso. Eta ez hori bakarrik: «Gurekin mahai batean elkartzea baztertu, eta, gainera, gure terminoak eta borroka erabiltzen ari dira».

Horiek horrela, zaintzarekin negozioa egiteari utz diezaiotela exijitu diete erakundeei, eta «bizitza erdigunean jarriko duten politika publikoak» martxan jartzea. «Zaintza eskubide kolektibo bilakatuko duten neurri eraginkorrak behar ditugu orain», aldarrikatu dute. Instituzioak ez ezik, patronala eta gizonak ere interpelatu dituzte, eta zaintzak erantzukizun kolektiboa izan behar dela azpimarratu.

Mugimendu feministak argi utzi du berriro ere: zaintza sistema aldatzea dute ortzi mugan, zaintza sistema publiko eta komunitarioa izatea. Hori lortzeko sektore guztiek ardura hartu behar dutenez, lanean aritu dira iaztik. «Sektorez sektore ari gara: berdintasun teknikarien sarea, sindikatuen mahaiak, pentsiodunen mugimendua, etxeko eta zaintza arloko langileen eragileak…». Eta hala egingo dute aurrerantzean ere: «Saretzen eta artikulatzen jarraituko dugu, herriz herri eta auzoz auzo antolatuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.