Martxoaren 8ari begira. Zaintza. Isabel Otxoa. Lan Zuzenbideko irakaslea EHUn

«Zaintza borrokei xede eta forma zehatzak eman behar dizkiegu»

Zaintza premiei hainbat ikuspegitatik erantzun behar zaiela uste du Otxoak, eta politika publikoetan hausnarketa bide berriak zabaltzea proposatu du. Andre zaharrek eztabaidan duten rola nabarmendu du.

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun

EHUn Lan Zuzenbideko irakaslea da, eta Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteko aurpegirik ezagunenetako bat. Feminismoaren barruan egindako hausnarketen eta jardunaren parte handi bat zaintzaren alorrari eskaini dio Isabel Otxoak (Bilbo, 1952). Martxoaren 8ko greba feministak gogoeta garai berri bat irekiko duela uste du.

Mugimendu feministak zaintza jarri du grebaren erdigunean. Zergatik?

Nik uste dut erdigunean bizitzak jarri direla, pluralean, eta oso ondo iruditzen zait, zeren zaintza erdigunean jartzeak akaso ez baitio erantzuten emakume guztion errealitateari: oso bestelakoak izan daitezke bizitzan zehar egiten eta jasotzen diren zaintza lanak. Bizitzak erdigunean jarriz, grebaren helburua da agerian uztea zaintza existitzen dela, beharrezkoa dela eta pertsonok interdependenteak garela, eta salatzea sistema kapitalistaren metaketa joeren oinarrian dagoela: sexuaren araberako lan banaketaren bidez garatu da kapitalismoa. Eta greba honetatik aurrera, behartuta egongo gara zaintzaren inguruko aldarrikapenetan aurrerapausoak ematera; zaintza borrokei forma eta xede zehatzak ematen hasi behar dugu. Oso konplexua izango da, debate feminista asko daudelako alorrean.

Adibidez?

Eztabaidatzen ari gara amatasuna bizitzeko moduez, zaintzaileen eta zainduen arteko botere harremanez... Eta debate handi bat dago zaintza monetarizatzearen inguruan: zer neurritan ordaindu daitezkeen zaintza lanak, zer ardura izan behar duen komunitateak... Nire ustez, hor planteamendu bat egin daiteke: zergatik ez parekatu zaintza hezkuntzarekin eta osasun publikoarekin? Gune urbanoetan, bi gauza horiek bermatuta ditugu, enplegu bat edukitzera behartuta egon gabe; unibertsalak dira, ukiezinak. Hortaz, eremu sakratu ukiezin horiek zabal ditzagun, sar dezagun zaintza hor. Baina zergatik desmonetarizatu behar ditugu zaintzak, eta ez, adibidez, ogia edo etxebizitza? Zer gertatzen zaio zaintzari desmonetarizatu behar izateko?

Monetarizatzeak negozio bihurtzea dakar? Zein da aldea?

Monetarizatzea da zaintza lana enplegu bat izatea, eta horretan lan egiten dutenek dirua irabazi ahal izatea lan merkatuan. Merkantilizatzeak, ordea, esan nahi du zaintza jarduera ekonomiko bihurtzea eta irabazi asmoa edukitzea. Eta hor datoz gaitz guztiak: arretaren kalitatea murriztea. Gizarte neoliberaletan gero eta jarduera gutxiagok dute prezioa administrazioek araututa, baina badira batzuk. Zaintza izan zitekeen bat. Zergatik ezin da debekatu enpresek irabazi asmoa edukitzea eremu horretan? Zergatik ezin da ekonomia solidarioaren ikuspegitik kudeatu?

Nola eraman daiteke zaintzaren debatea beste arlo batzuetara?

Nik uste dut zaintza borroka asko daudela: fabrika batean laugarren txandaren aurkako mobilizazioak, edo dendek igandeetan irekitzearen kontrakoak. Kontziliatzea baino gehiago da: norbere zaintzaz eta ongizateaz ari gara. Lan arriskuen prebentzioa ere zaintza borroka bat da. Bestalde, beti pentsatu izan dut hirigintzaren alorrean planteatu daitezkeela borroka feministak, puntu beltzez harago. Adibidez: etxebizitza sozialak lotura komunitarioetara egokitzea, edo auzo berrietan zahar etxeak eta eguneko egoitzak egotea nahitaez, eskolak edo osasun etxeak dauden bezala. Horrek ekarriko luke kontzientzia hartzea auzo horietan bizi direnek zaintza behar ugari izango dituztela, seme-alabenez harago.

Diskurtso batzuk ikusita, ez al dago zaintza idealizatzeko arriskurik?

Bai, eta uste dut zerikusia duela adinarekin. Zaintza zoragarria dela planteatzen duten emakumeak umeengan pentsatzen ari dira. Baina ez dago 90 urteko ama bat edukitzea bezalakorik konturatzeko ez dela hala. Besteen zaintza, bestea ez denean zure etxeko esplotatzailea, hau da, bere kabuz moldatzen ez den pertsona bat denean, oso gogorra da; hor nahasten dira afektua, betebehar sena, eta norbere frustrazioari eusten jakitea, kontrola ez galtzeko.

Esan izan duzu emakume zaharrek baduzuela ekarpen bat egiteko eztabaidari: nola zahartu nahi duzuen.

Hori oso garrantzitsua da. Etengabe ari gara zaintzaz hitz egiten, eta nolatan ez gara ari pentsatzen nola nahi dugun zainduak izan? Inguruko zaharrak ikusten ditugu zaintza premiekin, eta ez zaigu bururatzen gu ere izango garela horietako bat. Baina, datuen arabera, 65 urtetik aurrera bakarrik bizi diren pertsonen %75 emakumeak gara. Ni neu bakarrik bizi naiz, ez daukat seme-alabarik; zer gertatuko litzaidake iktus bat izango banu? Zeren ez baitugu barneratu zaintza lanak familiatik kanpo ere egin daitezkeela. Askotan, bakarrik bizi diren lagunak gaixotzen direnean, korrika joaten naiz haiengana, eta batzuek pentsatuko dute erotuta nagoela, hori bikotekideek edo senideek egiten dutelako. Zergatik haiek bakarrik eta ez lagun batek? Nire kasuan, tamalgarria litzateke etxeko langile bati gaizki ordaintzen amaitzea.

Zer gertatzen ari da zerbitzu publikoekin sendiek zaintzaile bat baldintza txarretan kontratatzen amaitzeko?

Ez dagoela zerbitzu publiko nahikorik. Arazo izugarri bat dago: bere kabuz moldatzen ez den pertsona baten zaintza beharrizanak ikaragarriak dira. 24 orduko arreta behar dutenak segur aski zahar etxe batean egongo dira ondoen, baina hain zaurgarriak ez direnentzat, zaintzeko modu asko behar dira: langile bat, familia... Zerbitzu publikoak asko indartu behar dira, baina ez dut uste halako egoera bat zerbitzu publikoekin bakarrik konpon daitekeenik. Hor interesgarria da bizitza komunitarioago batek ekar dezakeen ongizatea. Eta parte hartzeko aukerak ere ireki daitezke: eskoletan gurasoak irakasleekin elkartzeko organoak badauzkate, zergatik ez zahar etxeetan?

Nola egiten da zaintza greba bat? Zer zaintza egin daiteke eta zein ez?

Besteen zaintzaren parte handi bat da emakumeek etxeko gizonei egiten dietena, eta hor ez dago estaturik: gatazka pertsonala da. Lan ordainduan, emakume batzuek ezingo dute grebarik egin, adibidez, etxeko langileak direlako eta ezin dietelako enplegatzaileei planteatu ere egin. Baina mendekotasuna duten pertsonen zaintza ordaindu gabeari dagokionez, batzuek ez dute grebarik egin nahi izango; nik ez diot utziko nire amari deitzeari, adibidez. Grebak egiten baitira botereari presio egiteko, eta nire ama ez da boterea; mendekotasuna duen pertsona bati, berak ez duenean egoera hori sortu eta ezin dionean erremediorik jarri, nik ez diot greba egingo. Gainera, beste pertsonen zaintzaren parte bat bidezkoa iruditzen zait: ez dago esplotaziorik, bizitzaren parte da, inor ez da sentitzen gaizki tratatua hor. Mugimendu feministak «ekintzak» eskatu dizkie instituzioei, hitzez harago

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.