Usurbilgo Udalak (Gipuzkoa) zaintza eredua aldatuko du: zerbitzuak edo baliabideak eskaintzetik «pertsona bakoitzari egokitutako eta modu parte hartzailean osatutako bizitza planak» eskaintzera pasatuko da. Arreta eredu berriak laguntza pertsonalizatua eskaini nahi die hala behar dutenei, bakoitzak bere bizitza bere «nahien, gaitasunen eta beharren arabera» garatzen jarraitu ahal izateko; haren lehentasunak, erabakiak eta helburuak aintzat hartuz.
«Pertsona batek nolabaiteko laguntza edo arreta behar badu ere —adinagatik, mendekotasunagatik, osasun mentaleko arazoengatik, besteak beste—, ez dadila tratatu bere kabuz erabakitzeko gai ez den pertsona gisa», azaldu du Agurtzane Solaberrietak, Usurbilgo alkateak, gaur arratsaldean egindako aurkezpenean. «Guk autonomia eman eta laguntza eskaini nahi diogu».
Pertsona baten bizitzaren alderdi guztiak landuko dituen zaintza sare bat sortzea da proiektuaren helburu nagusia. «Gure helburua da zaintza behar duen pertsonaren bizitzari zentzua ematen jarraitzea, pertsonaren bizi proiektuan hausturarik eragin gabe eta, noski, bizitza duina eta bizigarria ahalbidetuz», osatu du azalpena Maria Salsamendik, Usurbilgo Gizarte Zerbitzuetako buruak. «Gai izan nahi dugu pertsona bakoitzaren lehentasunei, nahiei eta erabakiei erantzungo dien arreta eredu bat eskaintzeko». Usurbilgo Udalaren asmoa da 2030erako 65 urtetik gorako lau herritarretik batek arreta pertsonalizatuko planak abian izatea.
Gizonak zaintza lanetan
Aldaketaren funtsezko beste helburuetako bat gizonek zaintza lanetan parte har dezaten sustatzea da: auzoetako arreta sareetako lau kidetik gutxienez bat gizona izatea nahi dute. «Gizonak zaintzan inplikatzea nahi dugu, ez bakarrik adinekoen zaintzan, baita komunitatearen erantzukizunean ere», nabarmendu du Solaberrietak.
Proiektuak zerbitzuen banaketa orekatzea ere bilatzen du, pertsona gehiagok jaso ditzaten etxez etxeko arreta edo mendekotasunarekin lotutako zerbitzuak, eta herritar guztiek izan dezaten «kalitatezko zaintza» jasotzeko aukera.
Proiektu honen alderdi berritzaileenetako bat «zaintzaileen komunitatea» da. Usurbilgo arduradunen arabera, zaintza ez da ikusi behar soilik erakundeen erantzukizun gisa, baizik komunitate osoak duen zeregin gisa. Helburua Usurbil «herri zaintzaile» bihurtzea da, herritar guztiek besteen zaintzan zeregin aktiboa izan dezaten. «Eredu honen helburua da gaur egungo eta etorkizuneko beharrei erantzutea, zaintza jasotzeko ekitatea bermatuz, eta, batez ere, pertsona guztiak duintasunez eta autonomiaz bizi ahal izatea ziurtatuz», nabarmendu du Solaberrietak.
Herritar guztiek zainduak izan beharko dute noizbait. Usurbilgo proiektuak zaintzaren garrantzia ikusarazi nahi du, «pertsona baten ongizatea komunitate osoaren ongizatearekin estuki lotuta dagoela ulertuta». Salsamendiren hitzetan, komunitateko baliabide guztiak integratu nahi dituzte, «udal zerbitzuetatik hasi eta ekimen komunitarioetaraino, ahulenei lagunduko dien sare sendo bat sortzeko». Horren erakusgarri, udalak zaintzan bidelagun dituen elkarteak, taldeak eta herritarrak izan dira gaurko aurkezpenean.
Martxoaren 29an ekitaldi bat egingo dute, Usurbil, herri zaintzailea, herritarrei aldaketaren berri emateko. Dokumental bat ere aurkeztuko dute egun horretan.