Urteak daramatzate Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zahar etxeetako egoiliarren eskubideen alde lan egiten. Izan ere, Babestu Araba, Babestu Bizkaia, Gipuzkoako Senideak eta Irauli Zaintza elkarteak zainketen kalitate txarra eta pribatizazioa salatzeko sortu zituzten. Orain, indarrak batu eta Zaintza Babesten federazioa sortu dute. «Erakunde bakoitzaren autonomia errespetatuz, helburua indarrak batzea da, adinekoen eta mendekotasunen bat duten pertsonen bizitza duinaren alde eta haien eskubideen alde lan egiteko», azaldu zuen atzo Iraide Urriz Babestu Bizkaiko kideak, Bilbon egindako agerraldian. Eta zahar etxeetako langileei euren babesa eman zieten, greban baitaude.
Urrizek salatu zuen senideak ez dituztela kontuan hartzen zaintzaren inguruko gaiak lantzeko. Instituzioek foroetan parte hartzera gonbidatzen dituzte, baina ez diete inolako aukerarik ematen erabakiak hartzen diren guneetan parte hartzeko: «Ez dute asmorik Zaintza Babesten elkarteak eskatzen duen eredu aldaketa abiarazteko».
Egoitza batzuetan, senideen eskubideak ez dituzte errespetatzen. «Zentro askotan senideoi ematen diguten informazioa hutsaren hurrengoa da, eskubide bat bada ere», esan zuen Urrizek. Eta salatu zuen zaintza zerbitzua ezin dela negozio bat izan: «Administrazioek pertsonen arreta duina eta kalitatezkoa bermatu behar dute Euskal Herriko zaintza sistema guztian».
Txaro Markinez Babestu Arabako kideak gehitu zuen egoitza publikoak «desagertzeko bidean» daudela. «EAJk eta PSEk esku pribatuetan utzi nahi dute zaintza», zehaztu zuen. Eta Arabako adibidea jarri: «Araban diru publikoarekin eraikitako egoitza bat irekiko dute, baina esku pribatuek kudeatuko dute».
Zahar etxeetako langileen eskaera nagusietako bat ratio duinak ezartzea da. Eta gauza bera nahi dute senideek. «Gaur egungo ratioekin, langileek ezin dute bermatu kalitatezko zaintzarik; hiru langilek ezin dituzte hogei egoiliar artatu», esan zuen Markinezek. Ratioen arazoak eragina du, besteak beste, egoiliarren elikaduran eta higienean. «Menu askotan janari birrindua dago, bost minutu besterik ez dutelako eta errazagoa delako egoiliarrei emateko».
Senideak, «oso erreta»
Mari Jose Adanen amak alzheimerra du, eta sei urte daramatza Muskizko (Bizkaia) Gangoiti zahar etxean. «Eskerrak ama ez dela ezertaz konturatzen», aitortu zuen. Gaur egun, Adanen ama listuarekin trabatzen da. Denbora behar du, beraz, jateko. «Hori da ni gehien kezkatzen nauena; egoiliar batek denbora behar du janaria ahoan sartu eta irensteko; baina denbora hori ez dago».
Berdin gertatzen da higienearekin. Adanen amak bi dutxa ditu astean: astelehenetan eta ostegunetan. «Ama ile zikinarekin ikusi izan dut, olio botila bat bota izan baliote bezala; zergatik? Denborarik ez dagoelako erabiltzaileei eskaintzeko», azaldu zuen. Adanek egunero bisitatzen du ama: «Ni ohartu izan ez banintz, ilea hurrengo dutxara arte garbitu gabe izango luke». Adierazi zuenez, noizbait ikusi izan ditu egoiliarrak 18:30ean afaltzen, edota 11:00etan oraindik lo, bisitak hasten direnean. «Ez dago esku nahikorik».
Hainbat alditan kexatu da Adan. «Aste honetan aldundiaren gutun bat jaso dut, martxoan jarri nuen kexa bati erantzunez». Joan den urtean beste bi kexa jarri zituen, baina erantzunik ez. «Arazoa tramitatzen ari direla diote, baina besterik ez». Adan ez dago lasai. Are gehiago, «oso erreta» dago. Argi du protesta egin behar dela. «Ez dira zenbakiak, pertsonak dira; eta nire ama da».
Zaintza Babesten, zahar etxeetako egoiliarren aldeko lan bateratua
Babestu Araba, Babestu Bizkaia, Gipuzkoako Senideak eta Irauli Zaintza elkarteek Zaintza Babesten federazioa sortu dute. Besteak beste, zahar etxeen pribatizazioa salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu