Zaintza

Zaintza Babesten federazioa sortu dute, zahar etxeetako egoiliarren eskubideen alde lan bateratua egiteko

Babestu Araba, Babestu Bizkaia, Gipuzkoako Senideak eta Irauli Zaintza elkarteek sortu dute. Besteak beste, egoitzen pribatizazioa eta kostu «ordaindu ezinak» salatu dituzte.

Zaintza Babesten federazioaren aurkezpena, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2022ko abenduaren 29a
15:51
Entzun

Urteak daramatzate Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zahar etxeetako egoiliarren eskubideen alde lan egiten. Izan ere, Babestu Araba, Babestu Bizkaia, Gipuzkoako Senideak eta Irauli Zaintza elkarteak zainketen kalitate txarra eta pribatizazioa salatzeko sortu zituzten. Orain, indarrak batu eta Zaintza Babesten federazioa sortu dute. «Erakunde bakoitzaren autonomia errespetatuz, helburua indarrak batzea da, adinekoen eta mendekotasunen bat duten pertsonen bizitza duinaren alde eta haien eskubideen alde lan egiteko», azaldu du Iraide Urriz Babestu Bizkaiko kideak, Bilbon egindako agerraldian. Eta zahar etxeetako langileei euren babesa eman diete. Izan ere, greban daude langileak.

Urrizek salatu du senideak ez dituztela kontuan hartzen zaintzaren inguruko gaiak lantzeko. Instituzioek foroetan parte hartzera gonbidatzen dituzte, baina ez diete inolako aukerarik ematen erabakiak hartzen diren guneetan parte hartzeko. «Gure ondorioa da ez dutela asmorik Zaintza Babesten elkarteak eskatzen duen eredu aldaketa abiarazteko», nabarmendu du.

Egoitza batzuetan, senideen eskubideak ez dituzte errespetatzen. «Zentro askotan senideoi ematen diguten informazioa hutsaren hurrengoa da, eskubide bat bada ere». Gainera, ikuskapenak aldez aurretik abisatuta egiten dira, eta ez dute jasotzen erabiltzaileek eta senideek eman dezaketen informazioa. Kostuak ere kritikatu ditu Txaro Marquinez Babestu Arabako kideak: «KPIaren araberako igoerak ordaindu ezinak dira; egoiliar gehienek oso pentsio apalak dituzte».

Urrizek esan du zaintza zerbitzua ezin dela negozio bat izan: «Administrazioek pertsonen arreta duina eta kalitatezkoa bermatu behar dute Euskal Herriko zaintza sistema guztian». Eta Marquinezek gehitu du egoitza publikoak «desagertzeko bidean» daudela. «EAJk eta PSEk zaintza esku pribatuetan utzi nahi dute», zehaztu du. Eta Arabako adibidea jarri: «Araban diru publikoarekin eraikitako egoitza bat irekiko dute, baina esku pribatuek kudeatuko dute».

«Egungo ratioek ezin dute bermatu kalitatezko zaintza»

Zahar etxeetako langileen eskaera nagusietako bat ratio duinak ezartzea da. Eta gauza bera eskatu dute senideek. «Gaur egungo ratioekin, langileek ezin dute kalitatezko zaintzarik bermatu; hiru langilek ezin dituzte hogei egoiliar artatu», esan du Marquinezek. Ratioen arazoak eragina du, besteak beste, egoiliarren elikaduran eta higienean. «Bost minutu baldin badituzte bazkaria edo afaria emateko, bi plater eman beharrean, bakarra emango diote; egoitza askotan janari birrindua dago menu askotan, errazagoa delako egoiliarrei emateko». Kontrolik ez dagoela salatu du Marquinezek.

Hurbiletik ezagutzen du elikaduraren arazoa Mari Jose Adanek. Amak alzheimerra du, eta sei urte daramatza Muskizko (Bizkaia) Gangoiti zahar etxean. «Eskerrak ama ez dela ezertaz konturatzen», aitortu du. Gaur egun, Adanen ama bere listuarekin trabatzen da. Denbora behar du, beraz, jateko. «Hori da ni gehien kezkatzen nauena; egoiliarrak denbora behar du koilaran dagoen janaria ahoan sartu eta irensteko; baina denbora hori ez dago».

Berdin gertatzen da higienearekin. Adanen amak bi dutxa ditu astean: astelehenetan eta ostegunetan. «Ama ile zikinarekin ikusi izan dut, olio botila bat bota izan baliote bezala; zergatik? Denborarik ez dagoelako erabiltzaileei eskaintzeko», azaldu du. Adanek egunero bisitatzen du ama: «Ni ohartu izan ez banintz, ilea hurrengo dutxara arte garbitu gabe izango luke». Senideak azaldu duenez, noizbait ikusi izan ditu egoiliarrak 18:30ean afaltzen, edota 11:00etan oraindik lo, bisitak hasten diren momentuan. «Ez dago esku nahikorik».

Hainbat alditan kexatu da Adan. «Aste honetan aldundiaren gutun bat jaso dut, martxoan jarri nuen kexa bati erantzunez». Joan den urtean beste bi kexa jarri zituen, baina erantzunik ez. «Arazoa tramitatzen ari direla diote, baina besterik ez». Adan ez dago lasai. Are gehiago, «oso erreta» dago. Argi du protesta egin behar dela. «Ez dira zenbakiak, pertsonak dira; eta nire ama da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.