Zaintza Arabak salatu du Arabarren zahar etxean «tratu txarrak» ematen dizkietela egoiliarrei

EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Gizarte Politiketako diputatuari, eta ustezko irregulartasunak konpontzeko neurriak exijitu.

Gasteizko Arabarren zahar etxea. BERRIA
Gasteizko Arabarren zahar etxea. BERRIA
edurne begiristain
2024ko irailaren 23a
12:00
Entzun

Zaintza Araba elkarteak salatu du Gasteizko Arabarren zahar etxeko egoiliarrak baldintza kaskarretan daudela eta ez daudela behar bezala zainduta. Ohar batean jakinarazi duenez, zahar etxe horretan gertatzen ari dena «oso larria» da; izan ere, egoiliarrei «tratu txarrak» ematen dizkiete, eta baldintza «desegokietan» dituzte. Hainbat senidek egindako salaketak jaso dituzte elkartean, eta horien berri eman dute gaur. Salatu dutenez, langile ugari «ez dira batere profesionalak», eta horren ondorioak egoiliarrek eta senideek pairatu behar izaten dituzte. Are, jakinarazi dutenez, egoiliar batzuek ubeldurak eta zauriak izaten dituzte, zaintzaileek «mespretxuzko komentarioak» egiten dizkiete, eta ez dituzte «errespetuz» tratatzen; maiz ez dute medikazio egokia jasotzen; arropa «desagertu» egiten zaie, eta gauez bero handia izaten dute logelan —«29 graduko tenperatura»—.

«Arabarren zahar etxea luxuzko hotela balitz bezala saldu zuten, baina bertan gertatzen denak antz handiagoa du beldurrezko pelikula baten gidoiarekin, egoitza bateko eguneroko bizitzarekin baino», ohartarazi du elkarteak. Egoitza publikoa da Arabarren, baina kudeaketa Mondragon Taldearen esku dago. Hala, Mondragon Taldeari baliabideak eta langileak murriztea leporatu dio elkarteak, eta ohartarazi horrek arreta «nabarmen okertu» duela. Zahar etxearekin etekin ekonomikoak ateratzea egotzi dio Zaintza Arabak enpresari.

Bestalde, Laudioko San Roke egoitza publikoan dagoen egoiliar baten egoeraren berri eman du elkarteak. Azaldu duenez, patologia ugari eta narriadura kognitiboa dituen adineko bati 800 eurotik gorako isuna jarri dio Arabako Foru Aldundiak, haren portaera «desegokia» dela argudiatuta. Neurria kritikatu du elkarteak, uste baitu gaixo bati zigor ekonomikoa jartzeak ez duela haren egoera konponduko, eta egoiliarren familiarentzat «zama gehigarria» izango dela.

EH Bildu, azalpen eske

Arabarren egoitzako senideen salaketa jakin orduko, Arabako EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Gorka Urtaran Gizarte Politiketako diputatuari; taldeak zahar etxea benetan nola dagoen jakin nahi du eta zer neurri hartuko dituzten ustezko irregulartasunak konpontzeko. Koalizioak mozio bat aurkeztu du zahar etxean ikuskapenak egin daitezela eskatzeko, eta arau hausterik izan bada aldundiak zigor espediente bat abiatu dezala eskatzeko. Gainera, Arabarren egoitzako ikuskapen akta guztiak eskatu dizkio aldundiari, «ireki zenetik gaur artekoak», eta baita Urtaranen agerraldia ere, senideek egindako salaketei buruz iritzia eman dezan.

Gertatutakoa «oso larria» dela salatu du Claudia Venceslao batzarkideak, eta babesa adierazi die salaketa jarri duten senideei.

Esti Berganzo.

«Amari zer gertatu zaion galdetzen diet, baina inork ez dit azalpenik ematen»

 

Arabarren zahar etxearen aurka ahotsa altxatu duen egoiliar baten senidea da Esti Berganzo. Duela urte eta erdi sartu zuen Ana Rueda ama egoitza horretan: egun, 80 urte ditu, eta hirugarren mailako dependentzia aitortua dauka –alzheimerra eta ibiltzea eragozten dion hemiplegia ditu–. Berganzok BERRIAri azaldu dio kontaezinak direla zahar etxean sartu zutenetik amari «egin dizkiotenak». Joan den urteko abuztuan hasi ziren «arazoak»: «Telefonoz deitu ziguten esateko ama ohetik erori zela, eta ospitalera eramango zutela». Erorikoaren ondorioz, Berganzoren amak ubeldurak izan zituen bizkarrean, ukondoan, eskuan, belaunean eta oinean, eta hamalau puntu jarri zizkioten aurpegian. «Gertatutakoaz argibideak eskatu genizkien egoitzako arduradunei, baina inork ez zigun argitu zer gertatu zen. Babes-hesiak kenduak zituztelako erori zen? Apurtuta zeudelako? Auskalo, ez dugu sekula jakingo».

Berganzok azaldu du ohetik erori zeneko gertaera horrek alarma guztiak piztu zizkiela senideei, eta, ordutik, zahar etxera iristean egiten duen lehenengo gauza ama «goitik behera aztertzea» dela. Horrela aurkitu dizkio maiz ubeldurak eta zauriak, edo ohartu da hartzen ez duen medikazioa duela mahaian. «Amari zer gertatu zaion edo zergatik ari zaizkion parazetamola ematen galdetzen diet, baina inork ez dit azalpenik ematen».

Berganzok aitortu du amak egoitzan jasotzen duen tratuarekin «kezkatuta, haserre eta triste» dagoela. Gainera, duela bi astetik hona ia ezin du lorik egin. Izan ere, gutun anonimo bat jaso zuen zahar etxean, ustez bertako langile batek bidalita, non zahar etxean egoiliarrek jasotzen duten «mespretxuzko arta» salatzen zuen, eta senideei ohartarazten zien euren salaketak alferrik direla, «ez dutelako deus ikertuko». Berganzoren arabera, zera dago idatzita eskutitzaren amaieran: «Zaindu itzazue zuen senideak, eta adi egon zaitezte».

Ruedaren sendiak dozenaka aldiz jo du Arabako Foru Aldundira eta egoitzako zuzendariarengana egoera salatzera, baina artean ez du erantzunik jaso. Ez bederen idatziz. «Arabarren zentroko zuzendariari idatziz helarazi dizkiogu salaketa guztiak, baina berak ez du bat bera ere idatziz erantzun nahi izan». Hala ere, familia ez da besoak gurutzaturik geratu, eta Ertzaintzan salaketa aurkeztu du Arabarren zentroko zuzendariaren aurka. Izan ere, Berganzok uste du iritsi dela ahotsa ozentzeko garaia, «nazkatuta» baitago ama sufritzen ikusteaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.