Zaintza Arabak ohartarazi du zahar etxeetako egoeraren ardura Arabako Diputazioarena dela, ez langileena

Azken asteetan Arabarren eta Laudioko San Roke egoitzen kudeaketaren inguruan egindako salaketei «bizkarra ematea» egotzi die Ramiro Gonzalezi eta Gorka Urtarani.

Gasteizko Arabarren zahar etxea. BERRIA
Gasteizko Arabarren zahar etxea. BERRIA
edurne begiristain
2024ko urriaren 16a
13:30
Entzun

Azken asteotan oihartzun zabala izan dute Gasteizko Arabarren eta Laudioko San Roke zahar etxeetan egoiliarrei ematen dieten tratuari buruzko salaketek. Zaintza Araba elkarteak jakinarazi zuen bi egoitza horietan baldintza eskasetan dituztela adinekoak, eta ustezko irregulartasunen inguruan azalpenak eskatu zizkion Arabako Foru Aldundiari. Astelehenean, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ukatu egin zituen egoiliarren senideen elkarteak egindako salaketak, eta zahar etxeetako langileen profesionaltasuna zalantzan jartzea leporatu zion.

Gonzalezen hitzei erantzun die gaur Zaintza Arabak, ohar bidez. Elkarteak argitu du Arabarren eta San Roke egoitzen kudeaketaren inguruan egindako salaketen ardura nagusia ahaldun nagusiarena eta Gizarte Politiketako diputatu Gorka Urtaranena dela, «ez beste inorena». Halaber, esan du «deigarria» dela ordezkari politikoek elkartearen ahotan jartzea egin ez dituen adierazpenak, eta «gezurretan ibiltzea» eta zahar etxeen arazoari «bizkarra ematea» egotzi dio administrazioari.

Elkarteak azpimarratu du bi egoitza horietako zein beste edozein zahar etxetako langileen lana «goraipatu, aitortu eta txalotzen» duela, eta gogoratu du baldintza kaskarretan egiten dutela lan, baliabide eskasekin eta, kasu gehienetan, «soldata miserableak» jasota.

Senideak eta langileak elkarren aurka jartzeko saiakerarik ez duela onartuko ohartarazi dio Zaintza Arabak diputazioari, eta argi utzi beti egongo direla beharginen alboan, «zaintza batere eraginkorra ez den moduan kudeatzen ari direnei aurre egiteko». Horrekin batera, Gonzalezi eta Urtarani eskatu die auzian duten ardura beren gain hartzeko, eta zahar etxeetako egoera konponbidean jartzeko. Horretarako, langileek baldintza egokietan jardun dezaten beharrezko mekanismoak aktibatzea galdegin die, «egoiliarrek zein senideek merezi duten asistentzia kalitateaz gozatzeko ezinbestekoa» delako.

31 salaketa

Zahar etxeetako salaketen inguruko datuak eman zituen joan den astean Gizarte Politiketako foru diputatuak, EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez, eta, horien arabera, Arabako Foru Aldundiak 31 salaketa jaso ditu azken urtean zahar etxeetako eta kudeaketa pribatuko etxebizitza komunitarioetako egoiliarren senide eta hurbilekoengandik. Salaketa horien ia hirutik bat — hamar— «zaintza eskasagatik», «zaintza faltagatik» edo «tratu desegokiagatik» jarritako salaketak dira. Langile faltagatik, berriz, sei erreklamazio aurkeztu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.