Zainketarako gailu bat atzemanik, salaketa jarri du Askatasunako kide batek

Autoan zainketa tresna bat aurkitu du Laurence Marineak; «gehiegizko poliziaz aseak» direla dio Askatasunak

Laurence Marinearen autoan aurkitutako gailua. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Autoan zainketarako tresna bat aurkiturik, salaketa jarri zuen asteartean Laurence Marineak, Askatasunako militante urruñarrak. Istripu bat ukanik, autoa konpontzera eraman eta gibeleko kolpe lehungailuan zuen tresna bat atzeman zioten agorrila erditsutan. «Salaketa bururaino joanen dela espero dugu», zehaztu zuen Emilie Martin Askatasuneko bozeramaileak, orain arte gisa horretako salaketak segidarik gabe sailkatuak edota bazter batean utziak izan direlako.

Poliziaren «jazarpen» hori salatzeko, prentsaurrekoa egin zuen atzo Askatasunak Baionan. «Gehiegizko poliziaz aseak» direla erranik, argi utzi zuten Frantziako Estatuak «nahiz min anitz egin» inoiz ez duela lortuko «zilegi den aldarrikapen bat» isilaraztea. «Proiektu politikoen garapena zapaltzeko errepresioa» alde batera utziz, Euskal Herrian martxan den prozesuaren alde egiteko exijitu zieten Frantziari zein Espainiari.

Bertan egon ziren baita Terexa Halsouet eta Felipe Aramendi Urruñako hautetsiak ere, Marineari «sostengu osoa» adierazteko. «Zuzenbide Estatu batean bagara, horrelakorik ezin dugu onartu», Aramendiren hitzetan. Prozesu demokratiko baten alde ezker abertzaleak urrats inportantak egin dituela zehaztu, eta parean «urrats baikorrik» ez dela egiten gaitzetsi zuten hautetsiek ere.

«Adi egoteko» deia

«Adi egoteko» deia egin zien Martinek militante guztiei, eta «elkartasuna erakusteagatik terroristatzat joa izan daitekeen orori». Espioitza eta jazarpen kasu guztien salatzea eskatu zieten.

Jon Anzaren inguruan «oraino argitasunak itxoiten» dituztela ere ohartarazi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.