Zailtasunak dituzten ikasleak laguntzeko baliabideak eskatu dizkiote akademia ikuskariari

Hezkuntzako ehun langilek gutun bat bidali diote administrazioari, zailtasunak dituzten ikasleen laguntza espezializaturako sareetan «lanpostu, baliabide eta prestakuntza gehiago» eskatzeko.

FSU-SNUIPP sindikatuaren mobilizazioa, artxiboko argazki batean. BERRIA
FSU-SNUIPP sindikatuaren mobilizazioa, artxiboko argazki batean. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko maiatzaren 21a
16:01
Entzun

Irakaskuntzako ehun bat langilek —horietarik hogei bat Ipar Euskal Herrikoak— gutun bat bidali diote François-Xavier Pestel Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskariari, eskatzeko «lanpostu, baliabide eta prestakuntza gehiago» ezarri ditzala RASED zailtasunak dituzten ikasleen laguntza espezializaturako sareetan. Salatu dute akademia ikuskariak horien kontra egin duela berriki, mespretxuz adierazita ez dutela lan eraginkorra egiten.

RASEDeko irakasle espezializatuek eta psikologoek laguntza espezializatua ematen diete zailtasun handiak dituzten haurrei. Taldean lan egiten dute, ikasgeletako irakasleen lanaren osagarri, ikasteko eta eskolako eskakizunetara egokitzeko ikasle batzuek dituzten zailtasunei erantzuteko. «Hezkuntza sistemak erabat inklusiboa izateko anbizioa du, eta desgaitasun egoeran dauden gero eta haur gehiagori egiten die harrera. Aldi berean, RASED desegiten ari dira, eskolak eta profesionalak horretarako prestatuak diren langilerik gabe utzita». Eskolak ikasle guzientzat «arrakasta eta loratze» leku izaten jarraitu behar duela erran dute hezkuntzako langileek, eta RASED sareak direla horretarako berme.

Gutuna izenpetu dutenen hitzetan, azken hamabost urteetan, irakasle espezializatuen kopurua erdira jautsi da; anartean, behar bereziak dituzten ikasleen kopurua lehen halako hiru da. «Askotan, psikologoak eta irakasle espezializatuak gero eta sektore zabalagoetan aurkitzen dira, beren ekintzak koordinatzeko eta antolatzeko aukerarik gabe. RASEDeko langileak aspertuak dira hain guti kontsideratuak, are gutxietsiak izateaz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.