Demografia. Jaiotza tasaren beherakada

ZAILTASUNEK SARRI ZAMATUTAKO HAUTUA

Umeak izan nahi dituztenei laguntzeko neurriek egiturazkoak izan behar dute. Iparraldean, nahiko errotuak daude; Hegoaldean, bidea egiten ari dira. Jaiotza tasa behera ari da; zio ekonomikoak, sozialak eta demografikoak daude horren atzean: pertsona gutxiago daude orain haurrak izateko edadean.

Arantxa Iraola - Ion Orzaiz
2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Jaiotza tasa behera ari da, etengabe. Mila biztanleko jaiotzen diren haurrak hartzen ditu aintzat tasa horrek. 2008an bederatzi ziren Euskal Herrian; 2020an, zazpi. Herrialde guztietan egin du behera. Soziologoa da Unai Martin, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Opik ikerketa taldeko ikertzailea, eta demografian aditua; azaldu du inkestetan-eta jendeari izan nahi duen ume kopuru «idealaz» galdetzen zaionean agerian geratzen dela usu errealitatearekin dagoen desoreka: «Kopuru ideala bi umeren inguruan dago». Sarri, ez da betetzen. Andre bakoitzak duen ume kopuruaren berri emateko indizea, ugalkortasun tasa, hortik behera dago Euskal Herrian. Jasota dago herritarrek horren harira azaldutako ezinegona ere; Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak berriki plazaratu berri duen inkestaren arabera, adibidez, seme-alabak dituztenen %52k onartu dute nahi baino ume gutxiago dituztela. Hor ikusten du arazoa Martinek: «Jendea nahi dituena baino haur gutxiago izaten ari da».




Hor eragin beharra ikusten du batez ere: «Funtsezko eskubidea da nahi adina ume izatea, edo, izaten ez badituzu, behintzat, ez dadila izan gizarteak ez duelako laguntzen, edo oztopatu egiten duelako». Haurrak izateko nahia ase ezin duten horiei begira jarri behar dela uste du SIIS ikerketa zentroko ikertzaile Joseba Zalakainek ere. «Zergatik ez dauzkate?». Adituen ustez, hori da funtsezko galdera, eta ez, berez, jaiotza tasaren jaitsiera. Areago, uste dute fenomenoari gehiegizko alarma mezu artean erreparatzen zaiola sarri askotan.

Gainera, ohartarazpen bat egin behar da: jaitsierak ez du esan nahi orain andreek haur gutxiago dituztenik. Muin-muineko errealitate bat dago hor, aurrez ondo argitu beharrekoa. «90eko hamarraldian jaio ziren emakumeak dira orain umeak izaten ari direnak, eta orduan jaiotzen ziren ume gutxi; orain horiek izaten ari direnez haurrak, bada, jaiotza tasa baxuagoa da», azaldu du Zalakainek. Horra datuak. 1995ean, INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, emakumezko bakoitzak zuen ume kopurua 0,9 zen EAEn; Nafarroan, 1,11. 2020an, aldagaia altuagoa zen. 1,33 Nafarroan; 1,25, berriz, EAEn.

Ondorio argiak ditu jaiotza tasaren jaitsierak. Horietako bat da defizit naturala deitua: urtero jaiotzen direnen eta hiltzen direnen arteko aldea. Azken urteetan, gero eta handiagoa egin da batzuen eta besteen arteko arrakala: gehiago dira hiltzen direnak jaiotzen direnak baino. 2020ko datuen arabera, 12.410 gehiago dira Euskal Herrian hildakoak (34.842 urtebetean), jaiotzen direnak baino (22.432). Defizit hori ere negatiboa da herrialde guztietan.

«Moralaz» harago

Hala ere, jaiotza tasaren jaitsieraren inguruan-eta egiten diren adierazpen hanpatuetan, «interpretazio moralak» ikusten dituzte usu adituek. «Esaterako, Urkulluk berriki jaiotzak sustatzeko laguntzak-eta iragarri zituen Eusko Legebiltzarrean, eta esan zuen «negu demografiko» batean gaudela; «hori ezin da jasan; Voxek esaten ditu halakoak», salatu du Martinek. Zalakainek ere nabarmendu du jaiotza tasaren apaltzea, hein handi batean, «aukeratzeko askatasunarekin» lotuta dagoela: «Ahaztu egiten zaigu askotan, baina aldatu den gauza bat da hori; lehen jendeak, ia-ia naturalki, bikotekide heterosexual batekin ezkondu, eta seme-alabak edukitzen zituen». Bizitzaren eskemak egun ez dira hain zurrunak beti. Ugaritzen ari dira seme-alabarik izan nahi ez dutela esaten dutenak ere. Jaurlaritzak gai horri buruz egin duen azken inkestaren arabera, adibidez, herritarren %10ek diote ez dutela umerik izan nahi; ehuneko hori %5ekoa zen duela sei urte. 18-29 urteko gazteen artean, %15ek egin dute orain baieztapen hori.

Soziologoa da Maria Silvestre, Deustuko Unibertsitateko irakaslea, eta bat dator: jaiotza tasaren jaitsiera, berez, ez da deus okerra. «Jaiotza tasaren jaitsiera ez da arazo bat: prozesu demografiko bat da, eta egokitu egin behar dugu horretara». Hein batean, balio «sozial eta kulturaletan» gertatu diren aldaketen ondorioa da, eta aldaketa horiek sarri izan dira andreei ate berriak irekitzeko: «Orain, belaunaldi berrietan andreak ez ditugu hezi ama izateko. Gero eskatzen zaie ama izateko». Areago, usu umeak izateko «presioa» ere sentitzen dute: «Baina ez dira horretarako heziak izan. Orain dela 50 urte, ama izateko hezten ziren emakume asko; horixe zen beren bizitzaren ardatza». Beste arrazoi «kultural» bat ikusten du Martinek ere: «Gazteak gero eta beranduago bihurtzen dira heldu. Gero eta beranduago heldu heldutasuna, orduan eta beranduago hasten dira seme-alabak izaten, eta umeak beranduago izateak eragina dauka seme-alaba kopuruan; hori historia osoan izan da horrela».

Hala ere, ezin da ukatu: «jaiotza defizit» bat dago sarri askotan jendearen nahien eta errealitatearen artean, eta horri erreparatu egin behar zaio. Martinek argi du «prekaritatea» dela hor atzean dauden motiboetako bat. «Jendeak gero eta beranduago lortzen badu lan normal bat, gero eta beranduago badoa gurasoen etxetik, orduan eta beranduago hasiko da umeak izaten». Hain justu ere, etengabe ari da igaro urteotan gora haurrak izaten dituzten emakumeen adina. 30 urtean, ia lau urte atzeratu da Hegoaldean ama izateko batez besteko adina: 29 urtetik 33ra. Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren datuen arabera, amen batez besteko adina 31,1 urtekoa da gaur egun.

Gazteen alde egin behar da

Egoera bideratze aldera, «politika demografikoen» ordez, ezartzen diren politika orokorretan jaiotzak sustatzen lagun dezaketen neurriak hartzera egin behar dela argi du Martinek, gazteei begira. «Gure gizartea, ordea, helduen inguruan ardaztuta dago». Bat dator Zalakain: «Jendeak ikusten du zer berandu etortzen zaion segurtasun gutxieneko bat etxebizitzaren arloan edota lan mailan, eta orduan joaten da atzeratuz haurrak izateko garaia».

Hor eragin egin behar dela uste du: «Izan ere, gizartearen babes sistema, etxebizitza merkatua eta lan merkatua, hirurak, ez daude gazteentzat pentsatuta; ia gazteen kontra pentsatuta daude». Areago, gazteen «prekaritatearen» aurrean «tolerantzia» bat ere badagoela argi du. Hego Euskal Herriko politikak, oro har, «Europa hegoaldeko herrialdeen ildokoak» direla zehaztu du Zalakainek. Ipar Euskal Herrian, bestelakoa da egoera. «Aspaldi hasi ziren inbertsio handiak egiten umeei eta gazteei begira».

Ikerbasqueko ikertzailea da Ana Barbuscia. EHUko Unibertsitatean ari da orain, baina Frantziako Institutu Demografikoan ere aritua da lanean. Frantziako administrazioaren peko laguntza sistema «Europa hegoaldean» ohikoak direnak baino mardulagoa dela onartu du. «Esaterako, zaintza sistema publiko bat dago gurasoek lan egin ahal izateko aitona-amonen laguntzarik izan gabe. Laguntza ekonomikoak eta kenkari fiskalen bidez jasotzen diren onurak ere badaude». Haurtzaindegien hautua ez ezik, zenbait gurasorentzat samurragoak izan daitezkeen hautuak ere badira: «Bost-sei ume zaintzen dituzten zaintzaileak, adibidez. Konponbide askotarikoak daude, nahiko merkeak». Haurrak izateagatik ematen diren laguntzak, gainera, umeak heldu bitartean jaso ahal dira. Horiek horrela, azaldu du andrazkoek haurrak izateko aukera gehiago izaten dituztela. «Hango datuen arabera ere, andreak beranduago hasten dira umeak izaten, bai, baina maizago lortzen dute bi, hiru, lau ume izatea... Italian eta Espainian, batean edo bian geratzen dira asko».

Emakumeen gain

Gizonen eta andreen arteko berdintasunaren alde egitea ere ezinbestekoa da jaiotzak sustatzeko. «Izan ere, andreek ikusi dute beren lan ibilbidean oztopo handia dela umeak izatea. Bai soldata aldetik, bai lanean aurrera egiteko aukeren aldetik; oso-oso neurtuta dago hori», onartu du Zalakainek. Ama izateko era «mitifikatu» batek, gainera, emakumeen gaineko zama handitu besterik ez duela egiten deitoratu du Silvestrek: «Presentzia eskatzen zaio andreari ama izateko; gizonari ez zaio halakorik eskatzen aita izateko. Errua eta zama dakar horrek sarri emakumezkoentzat».

Bat dator Zalakain: «Gainditu gabeko ikasgaia da berdintasunarena». Eta lana eta familia bateratzeko neurriena. «Urte batzuetan, jendeak lana murrizteko erraztasuna eduki behar du. Umeak dituen familiak dirua eta denbora behar ditu». Laguntzak antolatzeko orduan ikuspegi oso bat behar dela nabarmendu du Martinek, alor guztietara begirakoa: «Politika demografikorik onena izango litzateke bizitza erdian jartzea: zaintzei behar duten garrantzia ematea. Eta hori ez da konpontzen ume bakoitzeko hilean 200 euro ematearekin. Ez dut esango txarto dagoenik, baina lortu behar dena da ume bat izatea ez izatea hain erabaki zaila».

Eusko Jaurlaritzak laguntzak iragarri berri ditu jaiotza tasa sustatzeko; umeek 3 urte bete artean gurasoei 200 euro ematea izan da sonarik handiena lortu duena, eta horren gainean ari da Martin. Laguntzak, bere urrian bada ere, onura ekar dezakeela uste du Zalakainek: umeak izateko, eta, batez ere, horiek hobeto hazteko modua izateko. «Askotan esaten da arazoa dela haur gutxi jaiotzen direla. Ados, baina horren bueltan dago, baita ere, jaiotzen direnei ez zaiela nahikoa laguntza ematen, eta jaiotzen direnen artean sortzen direla desberdintasunak. Berez, ez dira bi problema diferente jaiotza tasa eta haurren pobrezia. Horren atzean daude behar bezala erantzuten ez duten politika publiko batzuk». Hegoaldeko erakundeak, oro har, egoerari erantzuteko neurriak hartzen hasiak direla uste du Zalakainek, baina nahi baino motelago doala prozesua. «Ari dira orain arteko politikei buelta ematen, baina transatlantiko bat da hori, eta horri ez zaio buelta ematen txalupa bati bezala; interes asko daude, gainera, tartean: eskubide asko eta interes asko».

Haur «ongi etorriak»

Eusko Jaurlaritzak hartu dituen neurriak, oro har, bide onean ikusten ditu Zalakainek.«Denak laguntzen du. Haurrak izatea nahi dutenei, oro har, ahalik eta laguntza gehien eman behar zaie». Baina argi du berak ere: «Jendeak ez du izango umerik hilean 200 euro ematen dizkiozulako». Halako laguntza klaseen bidez, nolanahi ere, aita-ama berriek haurrak «ongi etorriak» direla sentitzea garrantzitsua dela adierazi du Barbusciak, eta halako bideak ez direla baztertu behar. «Kontua zera baita: guztion artean konpentsatzea umeak izateak dakarren gastua», nabarmendu du Zalakainek: «Laguntzak ezinbestekoak dira».

Jaurlaritzaren laguntza «ia-ia unibertsalak» izatea, gainera, garrantzitsua dela uste du SIISeko ikertzaileak, argudiatuta «pobreentzat bakarrik» ezartzen diren neurrien bidez laguntzak ez direla ondo bideratzen: «Halakoek unibertsalak izan behar dute; osasuna unibertsala den eran, edota hezkuntza bera». Espainiako administrazioa ere, gutxieneko soldataren bitartez eman diren laguntza hainbaten bidez, familiak laguntzeko urratsak egiten hasia dela azaldu du, eta aldatzen ari dela pixkanaka egoera.

Horiek horrela, orain dauden laguntza guztiak ezagutarazteko aparteko ahalegina egin behar litzatekeela uste du Zalakainek. «Gutxieneko soldataren bidez Espainiatik eman diren laguntza horiek, esaterako, berriak dira, eta ez zaie behar adina oihartzun eman». Uste du osagarri on bat direla, gutxieneko soldata baino diru sarrera handiagoak dituzten familientzat ere balekoak, baina ezezagunak direla. Eta gainerako laguntzak ere maizegi ezkutuan daudela. «Kenkari fiskalak ere hor daude, adibidez, baina jende askok ez du begiratzen zer beherapen dituen umeengatik».

Laguntzen «koherentzia»

Hortik aldarria.«Zentzua edukiko luke laguntza mekanismo guztiak mekanismo unibertsal, indartsu eta bakar batean batzeak... Ez du zentzurik hiru ilara ezberdin sortzeak», esan du Zalakainek. Gainerakoan, uste du laguntza eredu «inkoherente» bat nagusitzen ari dela: «Gaur egun, ez dago eredu ikusgarri eta koherente bat. Ez gara gai, gure arkitektura instituzionalarengatik, eredu koherente bat egiteko». Frantziako Estatuaren administraziopean, kontrara, «politika publiko indartsu eta koherenteak» ikusten ditu, argiagoak. «Hegoaldean, ordea, ari dira ez dakit zenbat administrazio, bakoitza bere gauzak egiten, adostasunik gabe. Horrek ez du laguntzen, gauzek koherentzia bat behar baitute: osotasun bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.