Zailena geratzen da

Nafarroan «ia itxia» dute akordio programatikoa, eta gobernuaren osaera zehaztea falta da. Geroa Baik ohartarazi du PSNk entzungor egin diela: «Blokeo argia dago»

Maria Solana Geroa Baiko parlamentaria, atzoko agerraldian. VILLAR LOPEZ / EFE.
joxerra senar
2023ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioak azken txanpan sartu dira, baina PSNri, Geroa Bairi eta Zurekin Nafarroari zailena geratzen zaie egiteko. Iragan legealditik ondo ezagutzen dute elkar, eta, hurrengo lau urteetarako programaren nondik norakoen negoziazioetan, euren arteko desadostasun nagusietan kateatu dira. Sorpresarik ez. Horrez gain, gobernuaren osaerari eta funtzionamendu motari dagokienez pultsua dago PSNren eta Geroa Bairen artean. Haatik, sokatirak ezin du betiko iraun. Abuztuaren 28rako gobernuak osatua egon behar luke, bozak errepikatzea suizidio politikoa litzateke eta.

Atzo, negoziazioen tonua koska bat igo zuen Maria Solana Geroa Baiko parlamentariak. Jakinarazi zuen atzo bertan bi bilera egin zituztela PSNk eta Geroa Baik, beste bilera baterako hitzordurik gabe irten zirela bigarrenetik, eta oraingoz negoziazioak «blokeo» batean daudela. Geroa Baiko ordezkariek uste dute PSNren asmoa dela Geroa Baik gobernuan duen presentzia txikitzea, eta koalizioaren esku geratuko liratekeen departamentuak ere edukiz «hustea». Horregatik, PSNri eskatu dio elkarrizketak «bideratzeko» eta «zentzu onaren bidera» itzultzeko.

Gainera, Solanak kezka du Espainian UPNk Pedro Sanchez PSOEko presidentegaiaren inbestiduran izan dezakeen rolaz, orain UPNren diputatu bakarra erabakigarria izan daiteke eta: «Sanchezek UPNren botoak beharko baditu eta horrek eragina izango badu Nafarroako Gobernuan, aurrean izango gaitu». Aldiz, Geroa Bai eta PSN ezin badira ados jarri, Solanak sozialistei eskatu die EH Bildurekin negoziatzeko. «Egin dezala zerbait, egin dezala berandu baino lehen. Geroa Baik ez du gobernu progresista bat oztopatuko».

Ekainean, presarik ez

Orain arte ez da presa handirik izan. Negoziazioen mamian sartu gabe iragan zen ekaina. Hasierako elkarrizketa horietan, Geroa Baik pultsua bota zion PSNri, eta argi utzi zuen aurreko legealdiko ordezkaritza instituzionalari eutsi nahi diola —gobernuari dagokionez, hamahiru departamentuetatik lau kudeatzen ditu egun—. Hiru solaskideen artean, parlamentuan ordezkaritza handiena du PSNk, eta, horregatik, Geroa Baik eskatu dio hasieratik gobernu ereduari buruzko ikuspegia azaldu dezala. Atzo, Solanak ohartarazi zuen denbora aurrera doala.

Aurreko legealdian, gobernu barruan, bi bazkideen artean funtzionamenduari buruzko talkak izan zituzten, eta, gobernu kontseiluan gehiengoa zuenez, bere irizpidea inposatu zuen PSNk. Alta, gobernuan sozialistak gainordezkatuta egon dira, parlamentuan zuten ordezkaritza baino kontseilari gehiago izan dituztelako. Legealdian, Geroa Baik hainbat aldiz jarrera kritikoa azaldu du euskararen edo autogobernuaren gaietan, baina, erantzukizunaren izenean, tonua zaindu behar izan du kritikak gobernu krisi bihurtu ez zitezen eta barne kohesioa gehiegi higatu ez zedin.

Neurri apalagoan, Ahal Dugu-k ere jarrera kritikoa azaldu du barne mailan. Batik bat, ez daude ados akordio programatikoaren betetze mailarekin. Haien esanetan, %85 inguru bete da, eta falta den %15 horretako gaiak, batik bat, Ahal Dugu-ri dagozkionak dira. Zurekin Nafarroak, beraz, hor egin nahi izan du indar negoziazioetan. Izan ere, urteotako esperientziak zama handia izan du. Uztailean, negoziazioak fokuetatik at egin dira, eta diskrezioa izan da bidelagun. Haatik, sanferminek eta kanpainaren hasierak dena baldintzatu dute, eta, orain, hori dena amaituta, azeleragailua zapaltzeko ordua iritsi da.

Uneotan, programaren ardatz nagusiak adostuak dituzte, baina oraingoz ez dute konpondu zer egin euren arteko desadostasunekin. Hala, akordioak kontrol mekanismoak jaso beharko ditu desadostasunak sortzen diren egoerei aurreko egiteko prozeduran zehaztu daitezen pausoak eta teorian inork ez dezan berea inposatu. Ostiralean, Ramon Alzorriz PSNko Antolamendu idazkariak onartu zuen atal hori «ia itxita» dagoela eta, hortaz, gobernuaren beraren osaera izango da negoziazioen azken atala.

Ikusi beharko da PSNk zer jarrera hartzen duen. Maria Txibitek azaldu du «malgu» eta «eskuzabal» jokatuko dutela, baina Geroa Baik salatu du sozialistek bestelako jarrera azaldu dutela. Egunotan proposamenak gurutzatzen ari dira. Inbestidurari begira, eskuinak eta eskuin muturrak dituzten hogei botoen gainetik geratzeko, hiruren botoak dira ezinbesteko, baina bakoitzaren «pisu politikoaren arabera» banatu nahi duela salatu zuen atzo bertan Pablo Azkona Geroa Baiko parlamentariak: «Errealitatetik urrun dago».

Alzorrizek erantzun zien Azkonari eta Solanari: «Gu ez gara inor zigortzen ari; herritarrek beren esku eduki zuten alderdi bat edo beste bat bozkatzea, eta PSNri botoa ematea erabaki zuten. Konfiantza dugu lehenbailehen akordio bat lortzeko; bi proposamen egin ditugu, eta egin beharreko guztiak egingo ditugu».

Epemugaren presioa

Abuztuaren 22rako hautagaiak aurkeztu behar direnez eta astebete geroago gobernuak osatuta egon behar duenez, epemuga negoziazio barruko beste aldagai bat da. Ikusiko da noraino heltzeko prest dauden Geroa Bai eta PSN, eta haietako bakoitzak nola kudeatzen duen erlojuaren tik-takaren presioa.

Ezin da ahaztu, azkenik, akordioa lortu ondotik EH Bilduren abstentzioa beharko duela Txibitek bere inbestidura aurrera ateratzeko. Koalizio abertzaleak batzarra antolatu beharko du militanteei botoaren zentzuaz galdetzeko. Publikoki elkarrizketetatik kanpo utzi ostean, ikusi beharko da zer jarrera hartzen duen koalizioak. Dena den, hauteskundeak berriz egitea ez zaio inori interesatzen, ezta EH Bilduri ere. Ziurrenik, etekina atera nahiko dio Pedro Sanchezen inbestiduraren negoziazioez harago legealdiari begirako giltza izateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.