Aldarte gay, lesbiana eta transen arreta zerbitzuko abokatua da Elena Olaortua, eta aditua bereziki LGTBI kolektiboaren kontrako gorroto delituetan. Nabarmendu du gorroto delituak «izozmendiaren punta» bertzerik ez direla, eta egun oraindik ere LGTBIfobia «estrukturala»dela.
Zer dira gorroto delituak?
Gorroto delituen definizio zehatzera joko bagenu, zigor kodeak dioena da norbanakoen oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen aurkako delituak direla. Zigor kodeak zigortu egiten ditu zuzenean edo zeharka kolektibo baten kontra egindako diskriminazio, biolentzia edo beren duintasunaren kontrako ekintzak. Kasu honetan LGTBI kolektiboko kideen kontrako erasoak lirateke.
Datuek diote azken urteetan ugaritu egin direla LGTBI kolektiboaren kontrako gorroto delituak. Zer gertatzen ari da?
Badaude eragiten duten hainbat kontu: azken urteetan gehiago hitz egiten da gorroto delituei buruz. Aldi berean, egia da egun ahalegin handiagoa egiten dela datuak biltzeko. Lehen, eraso asko LGTBIfoboak ziren argi eta garbi, baina lesio gisa bakarrik jasotzen ziren. Orain, ahalegin handiagoa dago datuak biltzeko eta lehen ezkutuan geratzen zen errealitatea erakusteko. Ez da lehen ez zirela existitzen: ez ziren erakusten. Zifren igoera horren ondorio ere izan daiteke.
Delitu guztiak ez dira salatzen, ordea. Zergatik?
Egoera batzuk LGTBIfobia estrukturalaren barrenean kokatzen ahal dira, eta ez dira gorroto delituak. Eta askoz ere zailagoa da horiek azaleratzea: ikusgaitasun falta, LGTBI kolektiboaren kontrako aurreiritziak... adibidez.
Gizarteak badu kontzientziarik delitu horien kontra?
Gorroto delituaren kontzeptu hertsiarekin bai. Azken urteetan eraso LGTBIfobo bat izan denean, gizartearen erantzuna irmoa izaten da, eta berehalakoa. Jendea kalera ateratzen da, eta gizarte gisa zabaltzen den mezua da horrelako erasoak ez direla onartzen.
Normalean ezagutzen ditugun gorroto delituak eraso fisikoak izaten dira. Baina nolakoak izaten dira zabaltzen ez direnak?
Normalean ezagutzen dena eraso fisikoa izaten da, eta irain LGTBfoboekin. Baina egia da sare sozialetan neurririk gabe zabaltzen direla aniztasunaren kontrako delituak. Sare sozialak eta Internet kontrolatzeko oso zaila den eremua izaten da, eta bertan ematen dira neurri handi batean LGTBI kolektiboaren kontrako diskurtso eta mezu asko.
Zer bide egiten dute gorroto delituek auzitegietan?
Oso zaila. Normalean zailena izaten da delitu horien izaera LGTBIfoboa frogatzea. Askotan, biktimaren hitza erasotzailearenaren kontra izaten da. Inportantea da lekukoak izatea, eta askotan erasoak gauez izaten dira, eta lekukorik gabe. Gainera, oso garrantzitsua da hasieratik salaketa zuzen egitea, irain guztiak jasoz. Orain arte asko eraso gisa bakarrik jasotzen ziren, baina kontua da ez direla erasoak: gorroto delituak dira. Etagarrantzitsua da auzitegian sentsibilizatutako eta formatutako profesionalak egotea.
Erasotzaileek ulertzen dute egindakoa gorroto delitua dela?
«Marikoi» edo « bollera» edo antzekoren bat oihukatuz erasotzen zaituen pertsonak argi dago nolabaiteko ezinikusia duela zure kontra, edo aurrejuzgu batzuk dituela kolektiboaren kontra. Askotan arazoa izaten da sistema judizialak zigortu bai, baina ez duela sentsibilizatzen. Hori izaten da zailena. Horrelako kondena batek balio du hezteko eta sentsibilizatzeko? Ba hori galdera ona da.
Erasoen ondotik nola geratzen da biktima?
Gorroto delituen biktimak inpaktu emozional handia pairatzen du, eta horregatik oso garrantzitsua da hasieratik biktima egoki artatu eta laguntzea. Eta baita prozesu judizial osoan ere harekin egotea, bigarren mailako biktimizazioa saihesteko.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oraindik ez dago LGTBI kolektiboko pertsonak babesteko lege propiorik. Zer lekarke horrek?
Oso gai zabala da. Atzo onartu zuen Espainiako Gobernuak trans legea, eta Espainiako hainbat autonomia erkidegotan ere badauzkate beren lege propioak. Baina beraien lege propioa duten autonomia erkidegoetan ere ez dira txikitu gorroto delituen kopuruak. Gorroto delituak icebergaren punta dira, baina benetan hitz egiten ari garena da nola gainditu gure gizarteko alor askotan dagoen LGTBIfobia estrukturala.
LGTBIfobia estrukturala aipatu duzu behin eta berriz.
Uste dut gaurko egunean garrantzitsua dela nabarmentzea LGTBIfobia egun oraindik badagoela.Norbait ez ausartzea bere lanean esatera homosexuala dela kaleratzeko beldurragatik, edo norbere familian sexualitatea ezkutatzeaLGTBIfobia da. Kolektiboko hainbat kidek pairatzen duten ikusgaitasun falta ere bai. Adibidez, adineko emakume asko oraindik ezin dira libreki lesbiana gisa bizi. Egia da sentsibilizazio gehiago dagoela, baina oraindik errealitate hori badago. Egiteko asko dago, eta arreta paratu behar da hor: beren herrialdetik LGTBIfobiagatik ihes egin duten asilo eskatzaileetan, migratzaileetan, adineko lesbianetan, eskolan bullying-a pairatzen dutenetan... Egiteko eta erakusteko asko dago oraindik.
LGTBI. Elena Olaortua. Aldarteko abokatua
«Zaila izaten da gorroto delituen izaera LGTBIfoboa frogatzea»
Olaortuaren ustez, positiboa da azken urteetan gizartea LGTBI kolektiboko kideen kontrako gorroto delituen aurka altxatu izana. Alta, nabarmendu du garrantzitsua dela biktima babestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu