Dirua etengabe kontuan izan behar izatea». Hori da, Eider Orellana Gutierrezen ustez (Basauri, Bizkaia, 2000), emantzipatzean gazte batek duen erronkarik zailena. Bigarren esperientzia du orain gurasoen etxetik kanpo. Duela urtebete, bost hilabetez egon zen alokairuan bizitzen Granadan (Espainia), han lanean zebilela. Gaur egun, alokairu partekatu batean bizi da Barakaldon (Bizkaia), urte hasieratik.
Ikusi gehiago:GURASOEN HABIA UTZI EZINDA
«Zaila da, oso, bakarrik bizitzea», onartu du. Alokairuak oso garestiak dira. Horregatik, erabaki zuen lankide batekin bizitzea, eta ez da erabakiaz damutzen: «Bizikidetza zaila da, eta bestearen apeta guztietara ohitu behar duzu hasieran. Hala ere, orain nire bizitzaren funtsezko zati bat da nire pisukidea», nabarmendu du. Alokairuan bizitzen jarri ahal izateko dirua aurretik aurreztu behar izan zuela azaldu du Orellanak; ezinbestekoa izan zen hori, aurreratzea eskatzen zioten dirua ordaindu ahal izateko. Erretan hartu aurretik, buruan izan zuen etxe bat erosteko ideia ere; baina «hasiera-hasieratik etxearen prezioaren %20 aurreratzea» eskaten zioten, eta atzera egin zuen, ezinezkoa baitzitzaion diru hori guztia biltzea. Errenta ordaintzeko sor daitezkeen arazoak direla eta, uste du garrantzitsuak direla administrazioak eskaintzen dituen diru laguntzak, baina berak ez ditu eskatu. «Gazteek dakiten baino laguntza gehiago» daudela gaineratu du, eta beharrezkoa dela ondo informatuta egotea.
Hilabete gogorrenak gurasoen etxetik kanpora egin zituen lehenengoak izan ziren Orellanarentzat. Gurasoen falta sumatzen zuen, eta ekonomikoki ez zen erraza izan: «Lehen hilabeteak gogorrak izan ziren oso, dirua kudeatzen ez nekielako, eta, horren ondorioz, zaila egiten zitzaidan hilabete bukaerara heltzea». Orellanaren etxearen alokairua 800 euro dira hilean, 400 euro pisukide bakoitzeko. Baina, azaldu duenez, hori ez da kudeatzeko latzena, baizik eta gasa bezala «hilero ezberdinak diren» gastuak. Horiek zirela eta, gurasoen etxera itzultzea ere pentsatu zuen. Beste hilabete batez errentan jarraitzea erabaki zuen, hala ere, «buelta emateko gai» ote zen ikusteko, eta bai lortu ere.
Hazteko garaia
Dirua «hobeto kudeatzen» hasi zen. Orellanaren ustez, emantzipatzen direnek lehenago edo geroago sentitzen duten «klik moduko bat» sentitu zuen berak ere: «Laguntza eska niezaiekeen gurasoei, baina emantzipatzen zarenean zuk bakarrik egin nahi dituzu gauzak, aurrera atera. Ez zoaz gurasoen etxetik haiek hilero dirua emateko. Hori ez da benetan emantzipatzea».
Zailtasunak badauden arren, argi du emantzipatzea «oso onuragarria» dela: «Emantzipatzean, hazi egiten zara pertsona moduan. Bizitza bat kudeatzen ikasten duzu». Gurasoen etxean «oso eroso» zegoela adierazi du, haiek «dena errazten» ziotela. Ez du uste hori «gauza txarra» denik, baina behin emantzipatuta «independentzia handia» irabazi duela baieztatu du. Jende berria eta leku berriak ezagutzeko aukera izan duela azaldu du, adibidez, eta hori gurasoen etxean «ezinezkoa» litzatekeela.
Gazteen emantzipazioa. Bizipenak
«Zaila da oso bakarrik bizitzea»
Barakaldo. Diru kontuek dakarten kezka: hori da, Eider Orellanaren ustez, emantzipatzeko bidean zailtasunik handiena. Hala ere, pauso hori «onerako» da. Bigarren esperientzia du gurasoen etxetik kanpo, alokairu partekatuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu