Pasaiako portua. Kanpoko portuaren proiektua, bertan behera. Iñaki Errazkin. Gipuzkoako Ingurumen diputatua

«Zaila da kanpoko portua justifikatzeko beste aukera bat izatea»

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez, portu agintaritzak aintzat hartu behar ditu Pasaia aldeko herritarren eta udalen asmoak. Hots, badiaren lehengoratzeari buruzkoa haiek erabaki behar dutela uste du.

inaki petxarroman
Donostia
2014ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Kanpoko portua ez zela behar esaten zutenetakoa da Iñaki Errazkin (Azpeitia, 1975); gogoan du hori esateagatik «erotzat» jo izan dituztela. Orain frogatu da, haren ustez, portua babesten ez zutenak ez zirela ero batzuk.

Zer balorazio egiten du diputazioak Pasaiako kanpoko portuaren proiektuaren tramitazioa gelditu izanaren inguruan?

Agintaldi honetan birplanteatzen hasi zen proiektua, lehenagotik zetorren krisiaren eraginez. Hala, portu agintaritzaren aldetik, eta Jaurlaritzan aldaketa izan zenean ere, adierazi zuten une honetan ez zutela posible ikusten kanpoko kaia egitea. Hortik aurrera bilakaera bat izan da haien aldetik, eta «orain» proiektua alde batera uzteko beharraz hasi dira hitz egiten. Azken hilabeteotan planteatu dute proiektu estrategiko bat egitea urrirako, eta horretarako prozesu bat zabaldu. Horren garapen formala da iragarpena.

Ingurumenari buruzko ebazpenaren zain gaudela iritsi da albistea.

Guk askotan eskatu diogu ministerioari zerbait esateko. Izan ere, ingurumen babeserako eremu gisa izendatuta dagoenez, ez dago tokirik halako proiektu batentzat. Dena airean uzten du, baina ez da baztertzen gerora begira. Gure gogoeta da momentua dela behin betiko uzteko, haiek ez dutelako atea erabat itxi nahi. Beraz, nahiago genuke Ingurumen Ministerioak esatea proiektu hau ez dela bateragarria ingurumena babestearekin. Eta, hori esanda, proiektua betiko baztertzea.

Falta den tramite horrek orain ez du zertan iritsi Madrildik, ezta?

Madrilek ez du zertan erantzun. Beraz, gerta daiteke eskuak garbitzea eta ez erantzutea. Ikuspegi praktiko batetik, ordea, lortzen badugu portuaren barne biziberritze bat badia barruan, kanpokoa bertan behera utzi beharko luke. Zaila da, beraz, kanpoko kaiaren proiektua berriz justifikatzeko aukera bat izatea.

Eta zergatik utzi nahi izan dute ate bat irekita?

Gogoz kontra ailegatu direlako ondorio horretara, egoerak behartuta. Egoerak behartuta zerbait egiten duzunean, egoera aldatzen denean, berriz saiatzen zara gauza bera egiten. Beraz, egoera berriz aldatuko balitz, berriro ere saiatuko dira. Kontua da ea inoiz egongo den baldintzarik egoera hori iristeko.

Herritarra harrituta egongo da garai batean Gipuzkoako proiektu estrategikoena eta inportanteena zela zioten hura hala baztertuta, ezta?

Zoriontzekoa da, duela urte batzuk pentsaezina litzatekeelako portu agintaritzak, dagoen eskuetan egonda, jarrera hau edukitzea. Beraz, uste dut egin dugun lanak eman duela emaitzaren bat. Kontua da egoera aldatu dela, baina baita herritarren jarrera ere. Lehen zioten hau gabe Gipuzkoa hondora zihoala. Argudio horien arabera, orain inoiz baino beharrezkoagoa litzateke, zeren Gipuzkoako ekonomiaren motorra bazen, orain beharko litzateke inoiz baino gehiago. Horrek erakusten du benetan ez zela horrela, eta ikuspegi ekonomikotik ere ez zuela funtzio hori.

Plan berri bat jarriko da martxan orain. Zuek zer proposamen egingo duzue?

Gure ustez, bi gauza egin behar dira, uztargarriak, baina bakoitza bere aldetik. Batetik, portua biziberritzea; eta, bestetik, badia biziberritzea. Batez ere, portuak askatuko lituzkeen eremu horiek biziberritzea.Hor dago gakoa. Azken urteetan Gipuzkoan hobekuntza handiak egin dira eskualde askotan, baina Pasaian ez, kanpoko portuak blokeatu dituelako. Guk diogu hor erabakitzeko ahalmena publikoa izan behar dela. Alegia, portuaren jarduerak ezin du guztiz baldintzatu. Behar ez dituen eremuak askatuta, bizilagunen beharren arabera eta haien erabakiak errespetatuz, aldundiak eta Jaurlaritzak inbertsioak egin beharko ditugu.

Udalen eskumena nabarmendu nahi duzue, beraz.

Batetik, udalak inguru horretako herritarren ordezkari zuzenak dira, eta gainera planak egin nahi dituzte. Herritarrek ere bai. Eta, beraz, haiek erabakiko dute eremu horietan zer egin. Jaurlaritzak eta portu agintaritzak diote eremu horien etorkizuna portu agintaritzak erabaki behar duela. Ez gaude ados.

Non dago elkargunea?

Ez dakit. Portua bere garaian egin zuena berriz egiteko prest dago. Guk diogu, ikus dezagun hori nola husten den, eta jar gaitezen irtenbide baten bila. Eta gero badira herritarrak eta udalak hori nola egin landuko dutenak. Urrats batzuk eginak daude. Adibidez, Pasaiako Udalak onartuta dauka nondik nora biziberrituko lukeen eremu hori. Orduan jarriko gara beste erakundeok udalarekin finantzaketa aztertzen.

Inbertsioetan ados zaudete?

Gune degradatu bat biziberritzeko inbertsio bat behar da, Bilbon gertatu den bezala. Baina, portu agintaritzaren ikuspegitik egiten bada, bere helburua izango da ahalik eta etekin gehiena ateratzea. Arazoa da etekina ateratzeak interes publikoarekin talka egiten duela askotan. Guk esaten dugu oinarrizko behar batzuk daudela, interes publikokoak: zerbitzuak, ekipamenduak, jarduera ekonomikorako azpiegiturak... Interes publikoaren baitan egiteko, esku publikoetan egon behar da erabakia. Eta korapilo hori ez dugu askatzen. Izan ere, portu agintaritzaren helburua da hor etekina ateratzea, baina nola etxebizitzaren merkatua geldirik dagoen, bada, tiradera batean sartzen du. Eta guk esaten dugu ezetz, orain dela momentua biziberritzearekin hasteko.

Jaizkibelgo itsaslabarrei dagokienez, noiz emango zaie dagokien babesa?

Orain da momentua. Jaizkibeli bereziki babestu beharreko gune bat dela aitortu zaio, baina, kanpoko kaia dagoenez, egin dutena da itsasoaren mugaraino babestu eta handik aurrera ez. Baina ezin dira bereizi, ekosistema bakarra delako. Babes eremu hori kostatik harago zabaldu behar da, Iparraldean bezala. Gainera, itsaslabar horiek eremu zabalago batean kokatu behar dira. Lapurdin babestuta dago, eta Zumaiatik aurrera ere bai, geoparkearekin. Barneko kaiaren aldeko apustua eginda, behingoz, kanpoko eremu hori dena behar bezala babestu ahal izango da.

Proposamen ezberdinak daude hor, itsas korridorea eta abar. Zuek zein hobesten duzue?

Guretzat itsas korridore bat da, eta ekosistema guztia horren baitan antolatzen da. Beraz, gure jarrera hori da, inguru hori babestu behar dela korridore ekologiko horren barruan. Kontua da ez dugula eskuduntzarik horretan.

Diru asko gastatu da portuarekin lotuta. Norbaiti ardura eskatu behar zaio?

Konformatzen naiz, badiaren barruko biziberritzeari buruz akordio bat egiten badugu. Hor erantzukizun politikoak badaude, eta gogoeta politiko sakona egin beharra. Baina iruditzen zait hori ezin dela arazo bat izan hor eman beharreko pauso politiko eta administratiboak eman ahal izateko. Uste dut hipoteka politikoak ezin direla aitzakia bat izan halako lehentasunezko akordioak galarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.