Zahartzeko ere, lankidetza

Edadetuen zaintza era komunitarioan eta partekatuan ulertzen duten zenbait egitasmo aztertu dituzte bi ikerlarik, eta generoak horretan duen garrantzia nabarmendu.

Lekunberriko Udalak edadetuentzat egokitutako etxebizitzak. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2016ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Zer gertatuko da gurekin zahartzen garenean? Norbaitek zainduko al nau? Bakarrik biziko al naiz etxean?». Galdera horiei heldu diete Irati Mogollon Garcia eta Ana Fernandez Cubero ikertzaileek, baita erantzunak bilatu ere. Euskal Herriko gizartearen ezaugarriak aintzat hartuta, egitasmo batean jarri dute arreta: etxebizitza kolaboratiboetan. Ohiko formuletatik urrundu, eta zahartzaroan zaintza modu komunitarioan ulertzen duten ereduetan, hain zuzen ere.

Ikerketaren garrantzia goratu du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Gogora ekarri du emakumezkoak arduratu ohi direla zaintza lanez, eta, horrek, berdintasun faltan eragiteaz gain, emakumezkoen bizi kalitatean ere eragiten duela. Hori dela eta, beste ereduetan sakontzearen garrantzia nabarmendu du. Horregatik, Emakundek diruz lagundu du Zaintzaren arkitekturak; nagusientzako etxebizitza kolaboratiboak ikerlana.

Zer dira, ordea, etxebizitza kolaboratiboak? Ikerlariek aipatu dute eredu asko daudela kontzeptu horren babespean, baina, funtsean, oinarrizko ezaugarri batzuk dituzte denek. Apartamentu pribatuak dira, baina espazio edota zerbitzu komunekin; zerbitzu horiek antolaketahorizontalaren arabera kudeatzen dituzte, elkarlana sustatzeko, eta komunitate gisa ezarritako helburuak betetzeko. Nagusientzako halako egoitzetan, adina izan ohi da muga bat; 55 urtetik gora izan behar dira, gehienetan.

Euskal Herrian halako egitasmoen gaineko interesa sumatu dute ikerlariek. Oraingoz, ordea, ez dira asko aurrera atera direnak. Araudiak trabak jartzen dizkie proiektu horiei, ez baitute kokapen argirik, ez bete beharko lituzketen arauei dagokienez, ezta funtzionatzeko moduari buruz ere. Edonola ere, udal batzuk ildo horretan lan egiten ari dira: Errenterian (Gipuzkoa), Ermuan (Bizkaia), Lekunberrin (Nafarroa)...

Ikertzaileek Europara jo dute, eredu bila. Alemania, Suedia eta Danimarkan hemeretzi proiektu aztertu dituzte, eta guztietan ezaugarri komun bat antzeman dute: etxebizitza kolaboratiboak errealitate oso feminizatuak dira. «Batetik, emakumeen ehunekoa handiagoa da, eta, bestetik, zaintza eta komunitatearen sostengua emakumeen ardurapean daude, nagusiki», azaldu du Fernandezek. Ildo horretan, nabarmendu du etxebizitza kolaboratiboak ez direla «paradisu feminista»; hots, genero rolek eta patriarkatuak presentzia dute bertan. Edonola ere, zaintza komunitatearen zentroan jartzea horien banaketan berdintasuna lortzeko bidea izan daitekeela uste du.

Eskari ugariari, hamaika bide

Ezaugarri komun horrez gain, ikerlariek beste zenbait xehatu dituzte. «Bizitzeko modu asko daude, eta ezin zaie erantzun era homogeneoan», nabarmendu du Mogollonek. Aukera guztiak aztertu ahal izateko, ezaugarriak hiru ardatzen arabera sailkatu dituzte: antolaketa ekonomikoa, juridikoa eta espazioarena. Horri esker, betiere hiru ardatz horien barruan, zehaztu ahal izan dute zer ezaugarrik erantzun diezaiokeen behar bakoitzari.

Etxebizitza kolaboratiboen baliagarritasunak ikertu arren, eredu hori gainditzeko eskatu dute ikertzaileek. Hain zuzen ere, onurak gizartearen eremu mugatu batera heltzeko arriskuaz ohartarazi dute: halako proiektuak abiarazteko, ezagutzak eta baliabide ekonomikoak behar dira. Hori gainditzeko, kontzeptu berri bat landu dute: zaintzen duen arkitektura. «Uste dugu azpiegiturak komunitate prozesuak erraztu ditzakeela, baldin eta benetan garrantzizkoa dena erdian jartzen bada: pertsonen zaintza», argudiatu du Mogollonek.

Gogorarazi dute historian arkitektura horien ereduak daudela, elkarri laguntza ematea ahalbidetzen zutenak: patio eskaileradunak, bizilagun sareak, patio zabalak... «Garrantzitsuena zaintza etxeko bazterretatik ateratzea da; leku publiko eta komunetan jartzea, ikusteko eran».

Mugarriaren atarian

Zaintzen duen arkitekturaren garrantzia goratu dute ikerlariek. Gizartea mugarri demografiko baten atarian dagoela hausnartu dute. Batetik, bizialdia geroz eta luzeagoa da,eta geroz eta bizi kalitate handiagoa dago. Bestetik, baby boom belaunaldia zahartzen ari da. Aurki edadetuen multzoan izango da, ezaugarri bereziekin: «Egun 75 urteko lagunek ez dituzten eskaerak izango dituzte». Horrek zenbait erronka jarri ditu mahai gainean, ikerlarien arabera. Lehenik, zahartzaroaren inguruko kontzeptua gero eta askotarikoagoa da. «Gero eta gehiago dira esaten dutenak: 'Amona naiz, baina, horren aurretik, pertsona'. Horrek joko arauak aldatzen ditu, eta beste behar batzuk mahai gainean jartzen ditu». Bigarrenik, aldatzen ari da zaintzaren kontzeptua: beren zahartze prozesuaren jabe izan nahi dute, autonomo. «Ez dute zama bat izan nahi familientzat, eta ez dira eroso sentitzen zerbitzu publiko zein probatuetan: zahar etxeak, eguneko zentroak...».

Azkenik, ikerlariek zahartzaroaren feminizazioaren erronka nabarmendu dute. Mogollonek gogora ekarri du emakumeen zaintzak ezaugarri bereziak dituela: hots, emakumezkoak zaintzaileak izan dira. «Galdera argia da: nork eta nola zainduko du zaintzailea izan dena?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.