Xabier Etxeberria (Arroitz, Nafarroa, 1944) Bilboko DeustukoUnibertsitateko katedradun emeritoa da gaur egun. Baztertze arriskuan dauden herrialdeetan espezializatu da, eta ezgaitasun intelektuala duten pertsonekin nahiz zaharrekin lanean aritu da hainbat urtez. EHUk uztaileanzahartzaroaren inguruan antolatutako udako ikastaroetan hartu zuen parte, eta hitzadi hau heman zuen: Tratu eta zahartzaro ona. Haren ustez, zahartzaro duin bat izateko, garrantzitsua da norberak bere gaitasunen ardura hartzea.
Zeintzuk dira zahartzaroaren arazoak?
Alde batetik, berezko prozesu biologikoari dagozkionak daude, eta beste aldetik, gizarteari dagozkionak. Prozesu biologikoari dagokionez, gutxitze fisikoa dakar; izan ere, haurtzaroa hazkunde aroa da, eta zahartzaroa gaitasunen gutxitzea. Hori dela eta, gaitasunak murriztuz doazen heinean, adineko pertsonek jakin behar dituzte gutxitzeak egokitzen eta kudeatzen. Hori dimentsiorik pertsonalena litzateke, hau da, norberak egin behar duen lana. Dimentsio sozialeko arazo nagusia, berriz, adinekoak baztertzea da. Gerta daiteke zaharra zarenean gizarteak gehiago zurekin ez kontatzea. Zaharrek talde esanguratsua osatzen dute gizartean —askotan, ez aitortua—, eta, normalean, ezgaitzat jotzen ditugu. Gizartearen porrota da, ordea, oso zaharrak direnak eta Alzheimerren gaixotasuna oso garatua dutenak ezgaitzat hartzea. Pertsona zahar horiek soilik baliagarritasun irizpideak dituztela pentsatzeak esan nahi du gizarte hau etikoki gaizki eraikia dagoela.
Noiz hartu behar du norberak bere buruaren eta gaitasunen ardura?
Gure gaitasunen erantzule izateko gai garen heinean, geure buruaren ardura hartzeko gai izango gara. Kontua da gaztetan modu batean izango zarela zure erantzukizunen jabe, eta zahartzaroan beste modu batean. Beraz, niretzat interesgarria eta garrantzitsua da esatea zahartzaroan norberak bere gaitasunen ardura hartzen duela, eta baita maila ezberdinetako gaitasunak aldarrikatzea ere: maila pertsonalekoak, hiritar gisa ditudan gaitasunak... Eskubide bat da, baina betebehar bat, aldi berean.
Besteen ardura norberak hartzea betebehar soziala al da?
Bai, baina nire gaitasunak gutxitzen doazenez, eta momentu batean desgaitasun horiek etorriko zaizkidanez, nire desgaitasunen ardura har dezakedan heinean, horien ardura hartuko dut. Ondoren, niri laguntza eta zaintza soziala eskaintzen didatenekin elkarlanean arituko naiz. Hori zaintzaren bigarren etapa da. Hirugarren etapa, berriz, izango litzateke zure gaitasunen ardura hartu ezin duzunean eta beste batzuek zure ordez hartzen dutenean. Sektore hori, baina, oso gutxitan gertatzen da; adibidez, gaixotasun oso larria duten pertsonak edotagaitasunak oso azkar gutxitzen zaizkienak.
Zenbat etapa ditu, beraz, norberaren buruaren ardura hartzeak?
Hiru etapa ditu guztira, arestian aipatutakoak, baina garrantzitsuena lehenengoa da: nire gaitasunen ardura neronek hartzea.
Hitzaldian aipatu duzu bikote egonkor bat duzunean elkar zaintzeko zina egiten dela. Uste duzu bikotekidea ez duten pertsonek zailagoa dutela zaintza hori izatea?
Nik esan dut bikote egonkorra izateko aukera dugunontzat garrantzitsua dela batak bestea zainduko duen zina egitea. Bikote egonkor hori izateko aukera izan ez duenak, berriz, pentsatu beharko du nola sartu zaintza mundu horretan bikotekidearen laguntza izan gabe, noski. Nik bigarren arazo hori ez dut eztabaidatu, baina bakoitzak nahi duen aukera egin behar du, eta aukera bakoitzak bere alde onak eta txarrak dauzka. Badago bikotea eduki nahi duen jendea eta lortu ez duena, edota bere garaian porrot egin zutenak, alargun direnak... Nik promesaren ideiarekin, uste batekin hautsi nahi nuen; hau da, ni bikoteko gizona banaiz eta nire emaztearen laguntza behar badut, nire emazteak zainduko nau, baina era berean, nire emazteak zaintza behar badu eta nik ezin badut zaindu, alabak edo semeak zainduko du. Beraz, batetik, uste sexista horrekin —emakumeek soilik bermatzen dute zaintza—hautsi behar da, eta, bestetik, bikote egonkorraren ideia horri osagai berri bat gehitu: seme-alabak.
Zure ustez, gaur egun ez al da hartzen senideen zaintza duela urte batzuk hartzen zen moduan?
Gai horren inguruan arazo larri bat dago, eta injustizia bat. Arazoa da duela urte batzuk familia beste era batera zegoela egituratua; funtsean, gizonek etxetik kanpoko lanak egiten zituzten eta dirua ekartzen zuten. Emakumeek, berriz, etxe barruko zaintza eta etxeko lanak bermatzen zituzten. Beraz, eskema hori apurtzen joan den heinean, trantsiziozko egoera moduko batera iritsi gara. Eskema hori berez zen bidegabea genero ikuspegitik, diskriminatzailea zelako. Gaur egun, bikotearen seme-alabek lan egiten dutenez, behar batzuk dituzten gurasoak zaintzea familia esparruan asko zaildu da. Bestalde, badaude zaharren egoitzak hutsune hori bete dezaketenak, baina eraldaketa handiak izan beharko lituzkete, guk, oraingoz, nahiago dugulako etxean bizitzen jarraitu. Beraz, nik uste dut esparru horietan eraldaketa egokiak eginbehar direla zaintza on bat bermatzeko.
Gainera, gaur egun, medikuntzak helduon bizitza luzatzea ere ekarri du, lehen pentsaezina zena hainbat arlotan, baina askotan gure bizitza hauskortasunean luzatzen duela esan dezakegu: bizitza luzatzen du, baina oso menpeko egoeran.
Osasuntsua da norbere heriotzaz hitz egitea?
Bai, osasuntsua da, baina bere neurrian. Ez da osasuntsua heriotza tabu bihurtzea, baina ezta berarekin itsututa egotea eta denbora guztian horren inguruan hitz egitea ere. Bestalde, osasuntsua da jakitea heriotza gu guztion zerumuga dela eta, noski, zaharrak garen heinean gertu dugula jakitea. Hortik aurrera, heriotzarako prestaketa bat dator. Gizarteak tradizioz ez gaitu heriotzarako prestatu izan, baina nik uste dut gaur egun horretaz konturatzen ari garela, eta heriotzarako modu positiboan eta obsesiorik gabe prestatzen garela. Heriotzaz pentsatzerakoan, lasaitasunez pentsatu behar da, orainaz gozatu ahal izateko. Zure heriotzaz pentsatzen duzunean, zure ingurukoengan ere pentsatzen duzu nolabait; hau da, nor izango duzun alboan.
Xabier Etxeberria. Deustuko katedradun emeritoa
«Zahartzaroan gure gaitasunen ardura hartu behar dugu»
Etxeberriak dio zahartzaro duin bat izateko garrantzitsua dela gaitasunen ardura norberak hartzea, baita heriotzaz lasaitasun osoz hitz egitea ere. Heriotza tabu bihurtzea, ordea, ez da osasuntsua, haren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu