Udako seriea. Zahar eta... errebelde (III)

Zahartzaroan ere ez daude konforme

Nekane Berriotxoa, Miren Clemente eta Bego Oleaga gizarte mugimenduetako militanteak dira: injustizien aurka borrokatzea da haien bizitzaren ardatz bat, baita zahartzaroan ere. Ikusiak izateari garrantzia ematen diote, baita kaleak hartzen segitzeari ere.

Bego Oleaga, Nekane Berriotxoa eta Miren Clemente. JAIZKI FONTANEDA - ANDONI CANELLADA / FOKU
Bego Oleaga, Nekane Berriotxoa eta Miren Clemente. JAIZKI FONTANEDA - ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Tolosa - Hernani - Gasteiz
2024ko abuztuaren 22a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

«Gazte gera gazte,/ ta ez gaude konforme/ mundu garbigo bat/ bizi nahi genduke,/ gezurraren kontra/ injustizirik ez,/ gazte gera gazte/ ta ez gaude konforme», abesten zuen Lurdes Iriondok Nekane Berriotxoa, Miren Clemente eta Bego Oleaga gazteak ziren garaian. Haiek ere ez zeuden konforme, eta buru-belarri jardun zuten injustizien aurka eta gizarte hobe baten alde militatzen. Hori izan da haien bizitzen ardatz garrantzitsu bat gaur egun arte. Beraien belaunaldiko pertsona asko bezala, zahartzaroan ere ez daude konforme, eta segitzen dute mundu hobe baten alde borrokatzen.

Iruditeria kolektiboaren —eta Iriondoren abestiak iradokitzen duenaren— arabera, gazteen kontua da errebelde izatea eta errealitatea aldatzearen alde lan egitea. Usteak erdia ustel: Euskal Herrian adineko pertsona asko dira denetariko taldeetan antolatuta daudenak. Berriotxoa, Clemente eta Oleaga dira horietako hiru. Berriotxoa Tolosan (Gipuzkoa) bizi da aspalditik, eta, gaur egun, Oneka emakume pentsiodunen elkartean, TOPA Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataforman eta herriko asanblada feministan parte hartzen du. Clemente pentsiodunen mugimenduan ari da buru-belarri lanean Hernanin (Gipuzkoa), eta Oleaga, berriz, Emakumeok Gerraren Aurka, Mugak Zabalduz eta Salhaketa elkarteetan, Gasteizen.

«Injustiziak eta gizartean dauden arazoak ikusten ditut, eta horrek bultzatzen nau zerbait egitera»

NEKANE BERRIOTXOAOneka elkarteko kidea

Norberaren denbora eta lana «besteen onerako» ematea da aktibismoa, Berriotxoaren ustez: «Injustiziak eta gizartean dauden arazoak ikusten ditut, eta horrek bultzatzen nau zerbait egitera. Bakoitzak ikusten du non sartu, zenbat denbora daukan eta noraino nahi duen lan egin».

Clementek, berriz, nabarmendu du «inkonformista» dela: «Ez naiz konformatzen ematen didatenarekin: arakatu egiten dut, pentsatu egiten dut, gai horretan sakontzen dut eta neure iritzia ematen dut. Beti daude bi iritzi, eta zuk batekin edo bestearekin bat egin behar duzu, korronteari inertziaz segitzea saihestuta».

«Bete-betean zerbaiten parte sentitzea» da gizarte mugimenduetan parte hartzea, Oleagarentzat: «Ni zerk egiten nau pertsona? Proiektu batzuetan parte hartzeak, maitatua sentitzeak, errespetatua sentitzeak, onartuta sentitzeak gizarte dinamika baten barruan. Makro mailan dauden arazoak geure hirietan daude, eta ni hor mugitzen naiz. Saiatzen naiz irakurtzen, ahalegintzen naiz aztertzen eta neure ikuspuntutik erantzun bat ematen, eta parte izaten».

Bizitza oso bat borrokan

«Garai batean, taldeetako gazteena izaten nintzen, eta orain, zaharrena!», esan du Oleagak, umorez. Euskal gatazka gertutik bizi izan du, ezagutu du klandestinitatea, Burgosko Prozesua, Gasteizko 1976ko greba eta hilketak... «[Manuel] Fragari esker sartu nintzen Salhaketan». 1976ko grebaren ondorioz, bere bikotekidea Carabanchelgo (Espainia) kartzelan sartu zuten, «preso sozialekin». «Kartzelan, niretzat, preso politikoak baino ez zeuden. Niretzat, mundu hori ez zen existitzen. Hor jakin nuen zer den espetxea», nabarmendu du. Gizarte langile moduan egin du lan Salhaketan, erretiroa hartu arte, baita beste hainbat gizarte mugimendutan ere.

«Ni ez naiz lehengo Bego. Moldatu egiten ditut nire indarrak, baina batzuetan pasatzen naiz»

BEGO OLEAGASalhaketako kidea

«18 urterekin ja zerbait zegoenean sartzen nintzen, antolatzen eta laguntzen», kontatu du Berriotxoak. Talde feminista bat sortu zuten Zumarragan eta Urretxun (Gipuzkoa) —«orduan irakurri genuen Simone de Beauvoirren Bigarren sexua»—, eta markatu egin zuen: «Beti pentsatu dut feminismoa dela nire lekua». Politikan aritu zen gerora ere hainbat lekutan; adibidez, Amasa-Villabonan (Gipuzkoa) zinegotzi izan zen. Kultur elkarte bat sortzen ere aritu zen.

«Ez naiz kontziente izan borrokatzen ari nintzenik», esan du Clementek, baina 14 urte dituenetik aritu da langile mugimenduan militatzen. Adin horrekin hasi zen lanean Hernaniko Zikuñagako paper lantegian. «Lantegiko emakumeok greba bat egin genuen, eta kaleratu gintuzten. Enpresa osoa gelditu genuen. Hor ikasi nuen zein den kate lanaren garrantzia: katebegi batek huts egiten badu, dena erortzen da», kontatu du. Langile ikastola sortzen ere aritu zen buru-belarri, eta, seme-alabak kozkortu zirenean, garbitzaile lanetan hasi zen. «LAB sindikatuan sartu nintzen berehala».

«Gutxieneko soldata bat baldin badago, gutxieneko pentsio bat ere izan nahi dugu»

MIREN CLEMENTEPentsiodunen mugimenduko kidea

2008. urtean hartu zuen erretiroa, eta pentsiodunen mugimenduan militatzen hasi zen. «Gizarte osoaren aldeko borroka da, ez adineko pertsonen aldekoa soilik. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen ari gara, gutxieneko batzuetara iritsi nahi dugulako: gutxieneko soldata bat baldin badago, gutxieneko pentsio bat ere izan nahi dugu», nabarmendu du Clementek.

Intentsitate desberdinarekin ari da militantzia bizitzen orain, bere senarra menpekoa delako eta zaindu behar duelako. Beste injustizia batzuk ikusi ditu garai honetan: «Etxe zahar batean gaude, eta ez dago igogailurik. Horrek asko baldintzatzen du bizitza, eta injustua da. Eskailerengatik etxetik ateratzen ez den jende asko dago. Norbaiten menpe egoteak segurtasun falta handia eragiten du. Banketxeetan dena Internet bidez egin beharrak bultzatzen gaitu geure seme-alaben menpe egotera, eta zergatik egon behar dugu haien menpe?».

«Ikusiak izan nahi dugu»

Ildo horretatik, garrantzia eman dio pentsiodunen mugimenduari: «Ikusiak izan nahi dugu, eta pentsiodunen mugimendua aktibo handi bat izan da, oraindik pertsona sentitzen garelako. Garrantzitsua da. Pediatrak egon daitezen egin dugu borroka, eta, orain, gerontologoak falta zaizkigu».

Antzeko hausnarketa egin du Berriotxoak: «Atzo liburu bat irakurtzen ari nintzen, eta zera zioen: ‘Gauzei eta pertsonei baliorik ez bazaie ematen, ikusezinak bihurtzen dira’. Zer arrazoia! Nik uste dut hori gertatu zaigula emakumeei: ez gara ikusgarriak inon. Erretiroa hartzen duzunean, desagertu egiten zara ez bazara nonbait sartzen. Ez zara produktiboa, eta desagertu egiten zara».

«Erretiroa hartzen duzunean, desagertu egiten zara ez bazara nonbait sartzen»

NEKANE BERRIOTXOAOneka elkarteko kidea

Nabarmendu du erretiroa hartu ostean itzuli zela feminismora, eta horregatik ari da Onekan lanean, besteak beste: «Ez ditugu gizonen pribilegioak, eta horrek aktibismorako denbora gutxiago ematen digu. Hori arazo handi bat da. Onekan zaintza lantzen ari gara. Patriarkatuak emakumeari zaintzaile lana eman dio, eta bere gain erori da zaintza. Injustizia bat ikusten dugu, eta geure ikuspuntutik ari gara lantzen».

Izan ere, aktibista izateko beharrezkoa da denbora, azaldu duenez: «Denbora behar izaten duzu enplegua baldin baduzu, eta etxeko lanak egin behar baldin badituzu; emakumeok, bereziki. Erretiroa hartuta egonda, errazago mugitzen zara».

Dena den, urte gehiago eduki ahala, energia gutxiago izatea ohikoa da, eta horrek ere badu eragina, Oleagaren ustez: «Ni ez naiz lehengo Bego. Moldatu egiten ditut nire indarrak, baina batzuetan pasatzen naiz. Adibidez, lehenago, bilera pila batera joaten nintzen, eta, orain, erabaki dut kaleko presentzian egotea. Nik uste dut kalea ezin dugula galdu, nahiz eta minoritarioak izan. Lehenetsi egiten dut. Energia ez da lehengoa, baina, ahal dudan heinean, saltsan segituko dut».

Betidanik

Hiruren kasuak ez dira bakanak. Azaldu dute gizarte mugimenduetan aritzen diren adineko pertsonak lehenago ere borrokan aritutakoak izan ohi direla. Hor genero arrakala ere ikusten du Berriotxoak: «Emakumeen artean proportzio handi batek etxean egin du lan, eta ez daude ohituta kalera irtetera. Beharbada, enplegua izan baduzu erretiroa hartu artean, tokatu zaizu protesta edo grebaren bat zure lanagatik. Nik uste dut hori ere badagoela».

Gainera, badira adineko pertsonak askoko militantzia esparruak ere; osasun publikoaren aldeko plataformak, kasurako. «TOPAn adineko jendea gaude; gazteak ez dira azaltzen. Agian, egia da adin batetik aurrera gehiago joaten garela medikuarengana, baina denok dugu arriskua», esan du Berriotxoak.

Dena den, kalean presentzia izatearen garrantzia nabarmendu du Clementek: «Gizarteak deshumanizatu egiten gaitu. Desfasatuta bageunde bezala. Gazteek deialdiak egiteko gaitasun handia dute sare sozialen bidez. Guk ahoz ahokoaren bidez egin dugu beti, eta ez gara iristen. Adinagatik, gainera, gauzak galtzen ditugu: okerrago entzuten dugu, ez dugu gazte batek bezain argi hitz egiten. Ez dakigu gazteek bezala hitz egiten —denak dira siglak—. Horregatik egon behar dugu kalean, ez gaituztelako aintzat hartzen».

«Ez dakigu gazteek bezala hitz egiten. Horregatik egon behar dugu kalean, ez gaituztelako aintzat hartzen»

MIREN CLEMENTEPentsiodunen mugimenduko kidea

Clementek gazte militanteen lana aldarrikatu du: «Zoragarriak dira. Baliabide asko dituzte, eta ez badituzte baliatzen, belarrietatik tira egiteko modukoa da». Oleagak analisi xehea egin du gazteen eta adinekoen arteko aldeez: «Nire adineko askok esaten dute: ‘Guk, gure garaian...’. Gu, gure garaian, klandestinitatean taldetxo batzuk ginen. Besteak ikaratuta zeuden, eta beste alde batera begiratzen. Nik uste dut gazteak, zaharrak bezala, txundituta daudela kapitalismoaren ametsarekin. Baina, zorionez, badaude gazte talde asko horren aurka mugitzen direnak. Nik beti bezala ikusten dut».

Berriotxoak gaineratu du gazteak eta zaharrak ez daudela elkarrengandik oso hurbil: «Filosofo bati irakurri nion helduok ez dugula onartzen gazteek egiten dutena. Beharbada arrazoia du. Gauzak aldatu egin dira, eta kito». Nabarmendu du neska gazteen gehiengoa feminista dela ikusteak itxaropena ematen diola. Ildo horretatik, Clementek uste du feminismoak lortu duela belaunaldiak lotzea: «Manifestazio feministak ikustea besterik ez dago. Denok batera joaten gara, eta oso aberatsa da».

Taldearen garrantzia

Talde batean antolatzea «oso aberasgarria» da Clementerentzat, eta sortzen diren harremanei garrantzia ematen die Berriotxoak: «Gure artean harreman bereziak sortzen dira, eta militante izateak dakarren gauza positibo bat da: zure kezkak dituzten pertsonak topatzea». Bileretako iritziek eta hausnarketek ordura arte pentsatu gabekoez gogoeta egiteko aukera ematen dutela azaldu du: «Elkar elikatzen dugu».

«Nik uste dut gazteak, zaharrak bezala, txundituta daudela kapitalismoaren ametsarekin»

BEGO OLEAGASalhaketako kidea

Indibidualismoaren aldean, kultura komunitarioa indartzea bera bada adineko militanteek eskain dezaketena, Clementeren ustez. Bat dator Berriotxoa: «Bakarrik eginda, ez dugu ezer lortuko. Orduan, taldean antolatu behar zara. Badakigu berdintasuna ez dugula guk lortuko, baina geure bidetxoa egingo dugu, eta besteek jarraituko dute. Gizartea egin dugu, eta eraikia izan den gauza bat deseraiki daiteke». Zera erantsi du Oleagak: «Gure boterean sinistu behar dugu, badaukagulako».

Honela laburbildu du Clementek: «Urteei bizitza ematea, eta ez urteak bizitzari. Nola dugu bizitza? Zerbait lortzeko ilusioarekin, borrokatzeko gogoarekin. Hori ez badago, akabo».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.