Zaharren egoitzetan nola findu arta

Egiten dira zaharren egoitzetan ere eutanasiak, eta bertako medikuek bermatzen ez dituztenean, osasun sistema publikoak egiten ditu. Horiek eginda ere, beste hainbat tokitan bezala, hutsuneak badira egoitzetan ere bizitzaren amaierako arta egokian.

Bi pertsona egoitza bateko lorategian. GORKA RUBIO / FOKU
Bi pertsona egoitza bateko lorategian. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2024ko ekainaren 23a
05:00
Entzun

Mikel Baza Osakidetzako medikua da, lehen mailako arretan. Eutanasia kasu bateko mediku arduraduna izan da, eta zaharren egoitza batean izan zen. Iaz, Aubixa elkarteak antolatutako saio batean  azaldu zuen: Bizkaiko egoitza batean bizi zen andre baten eskabidea bideratu zuen. Pilar izeneko andrazkoa izan zen eskatzailea —abizenik gabe aurkeztu zuten—: gaixotasun arraro baten ondoriozko «pairamendua» amaitu nahi izan zuen, 68 urte zituela. Soraya Perez Rebollar psikologoarekin batera eman zuen kasuaren berri. Zentroko psikologoa zen hura. Ez zuten kasuak sortu zien ezinegona ezkutatu. «Egin behar nuen txostenak kezkatzen ninduen. Bizitzan egingo nuen txosten garrantzitsuena zela uste nuen», onartu zuen Bazak.  Kasua adierazgarria da bizitzaren amaierako arta egoitzetan zertan den ulertzeko ahalegina egiteko.

Zentroan bertan ez zegoen andrearen eskabideari erantzuteko prest zegoen osasun profesionalik eta, bere ESI erakunde sanitario integratuko kasu bat zenez, erantzukizunak bultzatuta heldu zen Baza egoitzara. «Laguntzea onartu nuen, ofizioaren parte delako mina arintzea». Egoitzetan osasun arta emateko lantaldeak usu egoten dira, eta haien esku geratzen da egoiliarren arta, baina pazienteek beti eduki behar dute, berez, osasun publikorako atea ere irekita. Eta, gai honekin lotuta, ez da ezohikoa zabaltzea. Osakidetzaren azken datuen arabera, iaz egoitzetan hasi ziren eskabideen %66 abiarazi ziren Osakidetzako lehen mailako medikuen bidez.

Noraezean

Bi sistemen artean «koordinazio falta» ikusten duten profesionalak badira. Orokorra da kezka, heriotza duinagoa bermatzeko baliabide guztietara begira, ez eutanasia kasuetara bakarrik. Zaintza aringarrietako medikua da Alberto Melendez, Osakidetzako profesionala, eta Babespean elkarteko presidentea. «Gizartean, oro har, heriotza txarren esperientziak metatzen dira. Zaharren egoitzetan ere badira halakoak, eta, gainera, eutanasia zer den ere ondo ez da azaldu eta nahasmen handia dago», ohartarazi du. 

«Gizartean, oro har, heriotza txarren esperientziak metatzen ari dira. Egoitzetan ere badira halakoak».

ALBERTO MENENDEZ Zaintza aringarrietako medikua

«Arlo soziala eta sanitarioa bereizita» egotea gorabehera askoren sorburua da. Egoiliarren senide asko ikusi ditu Melendezek bi sistemen artean: galduta. «Nik, adibidez, osasun zentrora jotzen badut esanez aita ez dagoela ondo eta aita egoitza batean badago, esango didate aitak egoitzan baduela medikua», azaldu du. Berez, bi zerbitzuek dute pazientearen gaineko «ardura», baina «koordinazio faltaren ondorioz», elkarren artean ulertu ezinik ikusi ditu maizegi Melendezek. «Eta familiek askotan ez dakite nora jo». Arabako egoera ezagutzen du berak ondoen. Sistema publikoaren barruan dauden adinekoen egoitzetan, oro har, osasun artarako dauden mediku eta erizainen kopurua egokia dela esan du. Irabazi asmoa dutenetan ikusten du arazoa, gordin: «Ez dira heltzen; beraiek ere badakite ez direla heltzen». 

Astiroago

2021ean, eutanasiak egitea ahalbidetzen duen legea onetsi berritan, ez zen eutanasia bakar bat egin egoitzatan. 2022an egin ziren lehenak. Astiroago egin da bidea.  Administrazioen nahia da eremu horretan ere normal ematea zerbitzua. Bide horretan, ziurtatu dute arloko osasun langileak ere ari direla trebatzen. Halaber, egoitzetako profesionalek osasun sistema publikoek eutanasia kasuetan aholkularitza emateko dituzten «erreferente taldeetara» jotzeko modua dute: nahi duten guztietan. Izan ere, legea jarraitzeko urratsak igual-igualak dira arlo horretan ere. Eta lankidetzan ebazten dira hainbat eskabide: kasuaren ardura duen medikua, adibidez, izan daiteke egoitza batekoa, eta mediku aholkularia Osakidetzakoa edo Osasunbidekoa. 

«Denok behar dugu prestakuntza, eta ez eutanasiari lotuta bakarrik».

MIKEL BAZALehen mailako arretako medikua

Apurka egoitzetan ere eutanasia eskeei erantzuteko bideak egonkortzea espero du Bazak. «Zahar etxeetan ere bizitzaren amaierari arreta eman behar zaio». Argi du: arta horretan eutanasia parte bat da, ez bakarra. Uzkurtasuna eta kezka ikusi ditu zenbait profesionalen jarreretan, baina aldaketak ere bai. «Uste dut heldutasuna lortzen ari garela. Guztiok ez dugu eutanasiarekin lotutako esperientzia bat izan, baina gure inguruan gehienok badugu esperientziaren bat izan duen norbait. Horrek begirada aldatzen du». Hazten jarraitzeko bideak behar direla argi du: askotarikoak. «Denok behar dugu prestakuntza, eta ez eutanasiari lotuta bakarrik». 

Heriotza duinaren aldeko DHE elkarteak urteotan eutanasia kasuen bilakaera aztertuta egin dituen ekarpenetan ere propio eskatu du adinekoen egoitzetako arta hobetzeko.

Patxi Azpirotz: «Hasi ginen galdezka, eta erizaina alde egina: inor ere ez»

Azkena izan dadin izenburupeko gutuna helarazi zuten hedabideetara iazko maiatzean Iñigo eta Patxi Azpirotz anaiek amaren heriotzan osasun arta ez zela egokia izan salatzeko. Egoitza batean zegoen, Lasarte-Oriako Atsobakar zahar etxean (Gipuzkoa). Ama hil eta sei hilabetera egin zuten salaketa, «atsekabetuta eta nekatuta». Besteak beste, horra zer salatu zuten: «Ama hilzorian, eta bukaera arinduko liokeen sedazio aringarria jartzeko inor ez».

Patxi Azpirotzek berritu egin nahi izan du salaketa. Ama aurretik beste egoitza batean izana zen. Bietan erreparatu zieten semeek langileen lan baldintza eskasei, eta kopuru urriari. «Solairu baterako, bi langile», gogora ekarri du. «Lotsagarria izaten zen». Egoitzetako buruek beti erantzun zieten ezarritako kopuruak konplitzen zituztela, baina horrek ez zituen inoiz baretu. «Langileak gainezka daude». Osasun arta ere urria iruditu zitzaien: ordukakoa.

Amaren egoerak, apurka, okerrera egin zuen. Ospitaleratzeak-eta izan zituen, eta horietako batean ja atzera-bueltarik gabeko bidea hasia zuela esan zieten sendagileek. Zer komeni zen galdetu zuten semeek: ospitalean uztea, edo egoitzara eramatea. Egoitzaren hautua lehenetsi zuten medikuek. Han, ordea, azken ordua heldu zenean, amak arreta onik ez zuela jaso uste du familiak. Jarraibideak eman zituen egoitzako medikuak minik gabe eta lasai hil zedin, baina horiek konplitzeko erarik ez zuten ikusi gero. «Lerdea botatzen hasi zen ama; erizainak orduan artatu beharko zuela uste genuen, baina hasi ginen galdezka, eta erizaina alde egina: inor ere ez». Ez du ulertzen nola gerta litekeen: «Medikuak ematen ditu jarraibide batzuk, eta horiek ezin bete?». Bi anaien artean artatu zuten, ahal izan zuten ondoen. «Halaxe joan zen». Argibideak eskatu dituzte, baina «ezer ere» ez dietela argitu sentitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.